Motondoko lursailen erabilgarritasuna Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren esku uztea onartu du Orioko Udalak abenduko batzarrean, aho batez onartu ere. Beharrezko pausoa da Ministerioak parajean lan egiten jarraitzeko eta, finean, Motondoko padurak leheneratzeko proiektua idazteko eta gauzatzeko.
Badirudi Motondon bere garaian egin ziren betelanetan espero baino hondakin gehiago aurkitu dituztela. Beraz, zundaketa xeheagoak egin behar dituzte, eta, paraleloan edo, proiektua idatzi. Horretarako, udalak erabilgarritasuna onartzea ezinbesteko pausoa zen, eta pauso hori dagoeneko emanda dago.
Alde batetik, berri ona da, dudarik gabe, batez ere Motondoko padura leheneratzeko proiektua ahaztuta ez dagoen eta aurrera doan seinale delako. Izan ere, benetan kezkatuta geunden, aspalditik proiektuari buruzko albisterik ziztrinena ere ez genuelako. Horren lekuko da joan den ekainean argitaratu genuen honako idatzia.
Bestetik, baina, etsigarria ere bada, bost urte pasa direlako Espainiako Gobernuak Motondoko ingurumen balioak berreskuratzeko konpromisoa hartu zuenetik, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko EH Bildurekin egin zuen akordioaren barruan. Bost urte geroago, oraindik hastapenetan gaude. Eman beharreko pausoen kronogramarik ere ez dago. Eta ez da kasu bakarra Gipuzkoan. Horra hor Txingudiko Parke Ekologikoaren parte den San Lorentzoko urmaela handitzeko proiektua ere. Azken lan urteotan horri buruzko berririk ez.
Europar Batasunak 2024an onartu zuen Natura Leheneratzeko Erregelamenduaren arabera, estatuek egoera txarrean dauden ekositemen %20, gutxienez, leheneratu behar dute 2030a baino lehen. Gobernu espainolak asko espabilatu beharko du eta Gipuzkoan baino erritmoa biziagoan jardun, Erregelamenduak agindutakoa beteko badu.
Emeterio Iribarren esker on sentitua
Baina hori esanda, hori ere esan beharra baitago, gera gaitezen udalak hartutako erabakiaren alderik positiboenarekin: Motondo leheneratzeko proiektua aurrera doa, barraskilo abiaduran, baina aurrera. Eta aho batez. Gaur egun inork ez du ukatzen Motondoko padura leheneratu behar denik, eta atzean geratu dira bertan industriagunea, arraun egiteko pista olinpikoa edo dena delakoa nahitaez ezarri behar zireneko jarrerak.
Alde horretatik, oso sentituak izan ziren Emeterio Iribar Herri Batasunako zinegotzi ohiak udalbatzarra bukatu ondoren, eskari eta galderen txandan, esandako hitzak. Gogoratu zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan oso bakarrik sentitu zirela Motondoren defentsan, eta defentsa harengatik seinalatuak eta baztertuak izan zirela. Eta eskerrak eman zizkien urte haietan eta ondoren ere, babesa eta aholkularitza eskaini zizkieten hainbat pertsona eta talderi. Espresuki aipatu zituen Alberto Goza, Joxerra Zabala, Josepo Teres, Eguzki, Arkamurka eta Herrio.
Erantzunean, Anuska Esnal alkateak eskerrak luzatu zizkien Motondo leheneratzeko bidean jartzea ahalbidetu duten guztiei, Motondo baita, haren hitzetan, "errioaren gorakadari eta klima aldaketari aurre egiteko Orion den inbertsiorik onena".