Orioko Udaleko lehen Berdintasun teknikaria zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Irailean iritsi nintzen Oriora, herri horrek azkenengo urteetan berdintasun politiketan urrats garrantzitsu batzuk eman ondoren. Hain zuzen ere, 2022an Emakumeen Mahaia sortu zen; 2023an Saregile inauguratu zuten; aurretik jada emakumeentzako Ahalduntze Eskola zegoen martxan; indarkeria matxistari lotuta, Lourdes del Hoyoren hilketaren ondoren, erakundeen arteko protokoloa sendotu zen. Nire lanpostua Orioren ibilbidean beste urrats bat egitera dator. Udalaren egituran, Berdintasun eta Hezkuntza teknikari bat izateak nolabait begirada bikoitza eskaintzen du: batetik, nire begirada bada herri egiturari lotutakoa; hau da, berdintasun politikak garatzeko herritarren bizitzako arlo ezberdinetan analisiak egin eta aldaketarako tresnak eskaini nahi ditut. Bestetik, udaleko egiturari begira, baliabideak eskaintzen saiatuko naiz, politika publiko hobeak garatzen joateko. Udal politiketan genero begirada eta beste zapalkuntza ardatz batzuk txertatzen ahaleginduko gara, izan kontratazio publikoetan, izan hirigintzako plan batean, izan kirol elkarteetan, izan beste eremu batean.
Herrian zer behar antzeman dituzu lanpostu hau eskuratzean?
Alde batetik, aldaketa eta trantsizio handian dagoen herri bat ikusten dut; aukera asko dituen herri bat, hain zuzen. Herri identitate handia du Oriok, baina, aldi berean, irekita dago beste hizkuntza, kultura edota egoteko eta izateko moduei. Izan ginenaren eta garenaren arteko bidean, trantsizio prozesu oro aukera bat da herri hobe eta justuago bat sortzeko. Horrek, aldi berean, kezka eta tentsioa eragin ditzake. Aldaketa guztien aurrean erresistentziak daude, ez bakarrik Orion, baizik eta orokorrean. Nolabait, herri identitatea eraikitzen den zerbait da, eta Orion herri identitate berriak ari dira eraikitzen gaur egun. Horrek aukera nahiz erronka handia mahaigaineratzen digu. Nire jardunak horretan laguntzea du helburu.
Nola sortu zen Bizitza askeak plazer leloa? Zer eztabaida edo kezka ditu oinarrian?
Ikusten genuen behar genuela herri dei bat, aldarrikatuko zuena herritar guztien bizitzek merezi dutela eta herritar guztien bizitzen alde lan egin dezakegula, gauden eremuan gaudela: kirol elkarteetan, udalean, ikastetxeetan... Nolabait, dei bat egin nahi genuke ardura hartzeko. Herri desio bati erantzungo dion leloa nahi genuen, eta horrekin batera, herritar guztion bizitzei eta identitateei balioa emateko ariketa bat egin.
Feminismoaren aurkako joerak egon badaude gizartean. Nolako irakurketa egiten duzu gai horren inguruan?
Aurreko ikasturtean, mugimendu feministaren, Saregileren eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak izan ziren Orion. Herritik harago ere, berdintasunari lotutako aurrerapausoen aurrean erresistentzia agertzen ari da. Modu ezberdinetan azaleratzen da hori. Baina, horren aurrean, ikusten genuen nolabait balioa eman behar geniola feminismoari. Feminismoarekin denok irabazten dugu, eta ez batzuek bakarrik. Egiturazko matxismoaz ari gara, herritar guztioi eragiten digulako. Izan ere, gizon eta emakume izateko modu bakarra lehenesten da, eta horrek bazterrean pertsona eta identitate asko uzten ditu. Kezka horretatik abiatuta, honako hau diogu: "Guk, bai politika publikoetan ari garenak, bai herrigintzan ari garenak, bai mugimendu feministako kideak, bai kirol elkarteetakoak, egingo dugu ahalegina, gauden lekuan gaudela, pertsona guztien ongizatea bermatzeko". Hori da deia.
"Feminismoarekin denok irabazten dugu, eta ez batzuek bakarrik"
Nola erantzun diote kanpainari eskoletan eta herrigintzan?
Guk kanpaina Hezkuntza Mahaian aurkeztu genuen, eta harrera ona izan du. Ikusten zen beharrezkoa zela lelo bateratu bat izatea, elkarrekin norabide berean goazela sentitzeko. Orion ari gara bide bat egiten, beste jendarte bat eta beste harreman eredu batzuk sortzeko. Gazteen eta nerabeen artean beste harreman batzuk sortzeko koordinazioa bilatu nahi zen. Horri guztiari, ideia bateratu edo txapel bat jarri nahi zitzaion. Hortik aurrera, ikusteko dago zer ibilbide izango duen kanpainak, herriko eragileek eta elkarteek beren sentituko duten. Hori prozesu bat izango da. Hau landu egin behar da egunero, eta guk baliatu dugu Azaroaren 25a mezu honekin lan pedagogiko bat egiteko. Iaz egin zen hezkidetza diagnostiko bat, eta bertan jaso ziren hainbat elkarrizketa; hainbat ondorio atera ziren hortik. Datorren ikasturteari begira, hezkuntza arautuan esku hartu beharko litzatekeela iruditzen zaigu: bide bat egin bi ikastetxeetan, zikloz ziklo, aztertzeko zer eduki lantzen diren berdintasunaren eta aniztasunaren inguruan, eta asmoa da pedagogia feministarako, adostutako curriculum bat izatea.
Zure ustez, mezu feministak oker interpreta daitezke batzuetan?
Nik uste dut feminismoa askotan gizonen kontrako politika edo neurri gisa ulertu nahi izan dela, feminismoari zilegitasuna kentzeko. Baina bizi dugun ezberdinkeria argia da, gaur egun oraindik ere. Euskal Herrian Mugimendu Feministak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta hogei urte daramatzagu berdintasun politikak garatzen. Eta oraindik ere eguneroko errealitatea dira soldata arrakala, lanaldi murrizketak, indarkeria matxista edota LGTBIQ+ komunitatearen aurkako erasoak. Feminismoa ez da bakarrik aukera bat emakumeen bizi baldintzak hobetzeko, baizik eta aukera bat herritar guztien bizimodua eta harremanak hobetzeko eta ongizatea areagotzeko.
Nola imajinatzen duzu Orio urte batzuk barru, harreman eredu berriek aurrera egiten badute?
Esango nuke bizigarriagoa izango dela, ez hain beldurtia. Ausartagoa, anitzagoa, dinamikoagoa... hainbeste gotorleku egongo ez den zoru komun batean eraikia. Hain zuzen, gotorlekurik gabeko plaza bat imajinatzen dut.
Zer gustatuko litzaizuke jendeak ulertzea pankarta udaletxeko balkoian ikustean?
Hiru hitz dira pankartan agertzen direnak: Bizitza askeak plazer. Nik, hori irakurtzean, ilusio bat eta bizitzeko gogoa irudikatzen ditut; plazerak dituen dimentsio guztiak kontuan izanik, noski. Esploratzeko gogoz dagoen herritarra nahiko nuke topatu, plazerean aske dena, eta aldi berean, herrian bizitza askatasunez garatzeko bermeak izango dituena.