Musika eskaintza zabalarekin datoz aurtengo San Nikolas jaiak

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 25a

Marte Lasarte musika taldea. (utzitakoa)

Estilo ezberdinetako artistak igoko dira oholtza gainera aurtengo sanikolasetan, besteak beste, Aimarzz, Marte Lasarte, Bad Sound System edota DJ Denz. Elektrotxaranga eta erromeriak ere izango dira egitarauaren barruan, herritarrak dantza egiteaz aspertu ez daitezen. 

Orioko Udalak ostiral honetan banatuko du etxez etxe San Nikolas jaietako egitaraua, eta aurrerapen moduan, musika emanaldien berri eman du herritarrak festa giroan murgiltzen has daitezen. Festa Batzordearen helburua izan da, beste urte batez, herritarren askotariko gustuak asetzea, eta hortaz, estilo ezberdinetako musikariak igoko dira oholtza gainera. 

Hori horrela, abenduaren 5ean, txupinarekin batera, Ondoezik elektrotxarangak alaituko ditu jaiak, kalez kale. Ondoren, afaldu aurretik eta ondoren, Laprast erromeria taldeak emanaldia eskainiko du plazan.

Larunbatean, San Nikolas egunarekin, Punttu Kakotx elektrotxarangak hartuko die talde horiei lekukoa. 20:00etatik aurrera, Herriko Plaza inguruan ibiliko dira, eta gaueko kontzertuen tartean, lau talde eta disko jartzaile igoko dira oholtzara. Elektronika eta autotunea uztartzen dituen Ganibet bikotea izango da festari hasiera emango dion lehen taldea; jarraian, hyperpop doinuak jorratzen dituen Aimarzz musikariaren txanda izango da; ondoren, funk eta hip-hop doinuetara egingo dute salto, DJ maKedaren eskutik; eta azkenik, Bilboko Kafe Antzokian ezaguna den DJ Denz-ek girotuko du plaza.

Igandean, herriko txarangak girotuko du bazkaria, eta gauean, beste bost musikari igoko dira Herriko Plazako eszenatokira, 22:00etan hasita. Rock doinuak lantzen dituen Zinez taldea izango da lehena; ondoren, hainbat taldetan aritu diren Borja Anton, Pello Armendariz, Lore Nekane Billelabeitia eta Alex Alonso musikagileen elkarketatik sortu den Marte Lasarte laukoteak jarraituko du plaza girotzen; Bad Sound System reggae talde mitikoa ere han izango da, herritarrak dantzan jartzen; eta azkenik, DJ Troti eta DJ La Fulana disko jartzaileek emango diote amaiera gauari.

Abenduaren 8an, astelehenarekin, Muxutruk erromeria taldeak itxiko ditu jaietako musika hitzorduak, 19:30etik aurrera eskainiko duen taldearekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide