Salatxo abesbatzaren eta herriko txarangaren emanaldiak, Musikarien Eguna ospatzeko

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 24a

Musika izan zen Santa Zezilia eguneko protagonista, eta ohi bezala, herriko txarangak nahiz abesbatzak kontzertu bana eskaini zuten ospakizun horren bueltan. 

Salatxo abesbatzak, urteroko legez, Santa Zezilia eguneko kontzertua eskaini zuen atzo goizean, Bariko San Nikolas parrokian. Hainbat herritar bertaratu zen abesbatzaren errepertorio zabala entzutera, eta Igor Arroyo zuzendariaren gidaritzapean, doinu alaiekin eman zien hasiera Musikarien Egunari. 

Besteak beste, Lux Beata Trinitas, Sanctus, Benedictus, Txori urretxindorra, Ez, ez dut nahi, Ez gaude konforme, Yesterday edota Game of Thrones abestiak eskaini zituzten parrokian. 

Orioko txarangak ere, eguraldia lagun izan ez zuten arren, herriko kaleak girotu zituen Santa Zezilia bezperan. Hasiera batean, Peio eta Nikolasa buruhandiekin ateratzekoak ziren, baina eguraldi txarra zela eta, bakarrik eskaini zuten kontzertua, Herriko Plazan.