Egun gutxi falta dira San Martin egunerako –asteartean izango da–, eta Ortzaikan ederki berotu dituzte motorrak ordurako. Ostiraletik jai giroa da nagusi auzoan, eta atzoko eguraldi makurraren aurrean ere aurkitu zuten festarekin jarraitzeko modua. Berez Katxinara kalejira egitekoak ziren Zipitriki, Turutax, Larra eta Ohiane musikariekin, han txakolin dastaketa egiteko, baina txosnagunean bertan egin zuten guztia, eguraldi petrala umore onarekin hartuta. Afaria izan zen gero, eta baita Hidalgo DJarekin festa ere.
Gaur, berriz, umeak izan dira protagonista auzoan. Txurrumuski aisialdi taldearen eskutik jokoak egin dituzte musika alaiak lagunduta, eta nahi zutenek aurpegiak ere apaindu dituzte. Ondoren txokolate bero goxoa hartzeko aukera izan dute, eta arratsaldea borobiltzeko, Izer eta Alabier igo dira oholtzara trikiti doinuekin jai giro are eta alaiagoa jartzeko.
Beste lau egunez ere izango da ekintzarik Ortzaikan. Honakoa da hurrengo egunetarako egitaraua:
Azaroak 11, asteartea
- 10:00. Meza
- Jarraian, Hamaiketakoa eta toka txapelketa.
Azaroak 14, ostirala
- 19:30. Triki-poteoa Attola eta Haritzekin.
- 22:30. Mus txapelketa. Izen-ematea 22:00etan.
- 00:00. Davila DJa.
Azaroak 15, larunbata
- 05:30. Baratxuri zopa jana.
- 06:00. Oilasko biltzea.
- 19:00-21:00. Niko DJa.
- 23:30. Niko DJa.
Azaroak 16, igandea
- 14:00. Bailarako bazkaria.
- 18:00. Erromeria Jagoba eta Maddalenekin.