Goizane Arana: "Benetako kulturartekotasuna eraikitzeak ausardia eskatzen du"

Amaia Olazabal Leonet 2025eko azaroaren 23a

Goizane Arana. (utzitakoa)

Urriko aldizkariko Euskara ataleko elkarrizketa da honakoa.

Goizane Arana Arexolaleiba UEMAko euskara teknikaria da. Aurretik, urte luzez, AEKn aritu zen lanean Urola Kostan. Arrasatearra (Gipuzkoa) da jaiotzez, baina aspalditik Zarautz du bizileku.

UEMA ezagutzen ez dutenentzat, zer da UEMA?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen erakundea da. Euskal Herriko 118 udalek osatzen dute mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira, baina guztietan, herritarren euskararen indizea %70etik gorakoa da. UEMAk askotariko lanak egiten ditu: udalak euskalduntzen aritzen gara, herritarrak sentsibilizatzen eta ahalduntzen, eta udalerriaren zaintzari eta garapenari begirako lanketak egiten. Udalerri euskaldunen eta arnasguneen bilakaera ere gertu-gertutik jarraitzen dugu.

Aurten zer erronka dituzue?

Erronka nagusia da eremu informalean eragitea, kaleak, plazak erdalduntzen ari baitzaizkigu. Batetik, herritar euskaldunak aktibatu nahi ditugu, eta beste aldetik, euskaraz ez dakitenak euskarara erakarri nahi ditugu.

Orioko eskolekin elkarlanean denbora bat daramazue...

Bi proiektu ditugu esku artean: Hedatu eta Euskara eta Kulturartekotasuna (EK). Hedatu proiektuaren helburua da hezkuntza komunitate osoa ahalduntzea eta sentsibilizatzea. Formazio saioak, ikasleentzako tailerrak eta unitate didaktikoak eskaintzen ditugu, besteak beste. EK proiektuaren helburuak, berriz, honakoak dira: ikastetxean euskaraz funtzionatzen jarraitzea, formulak topatzea gurasoen komunikazio beharrak asetzeko, eta kultura ezberdinen arteko zubiak eraikitzea.

Proiektu berria abiatu duzue.

EK proiektuaren barruan, AEKrekin eta eskolekin elkarlanean lanketa bat abiatu dugu. Batetik, kultura guztiekiko begirunea erakustea da asmoa, eta, bestetik, gurasoak euskarara hurbiltzea, ulermena bermatzea helburu nagusitzat jarrita. Horri lotuta, aurtengo ikasturtean euskara eskolak eskainiko dizkiegu eskoletako gurasoei. Doan izango dira eta komunikazio beharrak asetzea izango dute helburu. Erabat praktikoak izango dira. Eskolan bertan eskainiko dira haurrak gelan daudenean, astean bi egunez.

Gurasoek zer baldintza bete behar dituzte proiektuan parte hartzeko?

Euskara ulertzen ez duten gurasoentzat dira, eta euskalduntze prozesuaren lehen urrats moduan planteatu dira. Izena emateko bi aukera dituzte: idazkaritzan bertan edo online galdetegia beteta (labur.eus/etorriEUS). Ondoren, izena eman dutenekin harremanetan jarriko dira AEK-ko irakasleak, egunak eta ordutegia zehazteko.

Nola lagun diezaiekegu euskara ikasi nahi duten horiei?

Egin dezakegun onena da haiei euskaraz hitz egitea, ahalik eta hizkuntza ulerterrazena erabilita. Horrekin batera, oso garrantzitsua iruditzen zait bestearen kultura eta mundua ezagutzeko interesa erakustea. Guk nahi baldin badugu bestea gure hizkuntzara hurbiltzea, guk ere berea ezagutzeko pausoa eman behar dugu. Gauden tokitik pixka bat mugitzea eskatzen du horrek. Benetako kulturartekotasuna eraikitzea ez da horren samurra eta ausardia eskatzen du. Erronka handia dugu esku artean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide