1986ko azaroaren 8an, Islandiako Reykjavikeko portuan, bi baleontzi hondoratu zituzten, goizaldeko ordu txikietan.
Gertatua egiaren alde jarriz, Rod eta David arrantzalez mozorrotuta Hvalur 6 eta Hvalur 7 baleontzietan sartu ziren. Alde biko erauntsia zuten lagun. Tankeko ur gazia erregulatzeko balbularen estalkiaren torlojua askatu orduko, ur zurrusta etengabea bere lana egiten hasi zen. Bi baleontziek, 1935eko Kontxan Oriok Santa Klara parean nola, hala bukatu zuten.
Gaur egun hor diraute bi baleontziek, bazter batera arrimatuta, konpontzea garestitxo da eta. Sabotaje hori animalien askapen mugimenduak historian egin duen handiena izan daiteke.
Bale ehiza tarteko, euskara-islandiera pidgin hizkuntzaren beharrak islandiarrekin hartu-eman estua genuela erakusten digu. Gure heroien hastapenak. Haiek kritikatu aurretik euren larruan jarri beharko genukeela ongi ikasi dugu. Eta hala da, besteen larruan jartzen saiatzea, ikastea, ariketa iraultzailea da. Bada, Rod eta Davidek ere horixe bera egin zuten.
Oharkabean abestu ohi dugu hau: "Baliak egindako salto ta marruak, ziran izugarri ta ikaratzekuak". Bertsoak baleari erresistentzia aitortzen dio, eta Rod eta Davidek elkartasuna adierazi zieten.
Etika eta estetika ez dira zientzia zehatzak, ez dago egia borobilik, egotekotan, kontsentsu batzuk daude. Ez dago arrazoia edukitzerik, baina esan daitekeena da ezen balorazio etiko eta estetiko askok norkin eta zerkin andana azpiratzea zilegitzen dutela, bai gizartean, bai espezie artekotzan, bai izadian.
Gure bi lagunek ihesari eman zioten eta 06:00retako hegazkinean aireratu ziren.