Nolatan hasi zinen lurperatzaile lanetan?
Garai batean herri lanetan aritzen nintzen, beste bi lagunekin batera: Joxe Mari Illarramendirekin eta Alberto Sukiarekin. Lorezaintza lanak, igeltseritza lanak, herriko konponketak eta halakoak egiten genituen. Orduan, hilerriko lanez ere herri langileak arduratzen ginen. Alberto Orioko hilerriko lurperatzailea zen garai hartan, eta egun batean hileta bazegoen, hari laguntzera joan ohi ginen Joxe Mari eta biok. Panteoian lekurik bazegoen begiratzeaz eta zerbait txukundu behar bazen txukuntzeaz arduratzen ginen egun horietan.
Beraz, lehen urratsak Alberto Sukiaren atzetik egin zenituen.
Bai, hala da. Egia esan, oso gustura ibiltzen nintzen haren ondoan, izan ere, bere semea eta biok lagun minak gara, eta bera ere oso langilea eta oso jario onekoa zen. Haren ondoan beti gustura egoten nintzen, eta haren babesean hasi nintzen hilerriko lanak egiten ere.
Nolatan iritsi zinen lurperatzailea izatera?
Handik denbora batera herri lanak utzi nituen, ikasten hasi bainintzen. Urte batzuk lanean eman ondoren, langabezian geratu nintzen. Garai batean hilerriko lanez herri langileak arduratzen baginen ere, gaur egun lehiaketa bidez esleitzen da lan hori. Lau urtetik behin lehiaketa antolatzen dute, eta edozein enpresak dauka hara aurkezteko aukera. Langabezian geratu ondoren, enpresa horietako batean hasi nintzenlanean: Memoran. Bertan, beilatokiko lanak egiten nituen. Memoran lan egiten nuela, gerenteari esan Orioko hilerriko lanak egiteko moduan nintzela, eta lehiaketara aurkeztu ginen. Orduan, geuk eskuratu genuen lan hori. Oriokoaz gain, Gipuzkoako beste hainbat hilerri kudeatzen genituen: Urnietakoa, Ibarrakoa, Goierriko batzuk ere bai... Duela.hamar bat urte izan zen hori. Gaur egun, ordea, beilatokiko lanetan aritzen naiz soilik, duela urtebete utzi bainion lurperatzaile lanari.
"Norbait hiltzean, haren etxera joan, jaso, txukundu, garbitu, kaxan sartu... egiten dut"
Titulurik edo antzekorik behar al da lurperatzaile lana egiteko?
Ez da titulurik behar izaten. Edo, nik, behintzat, ez daukat aparteko titulurik. Tarteka armiarma tartean ibiltzea tokatzen da, eta horrek atzera eginarazten ez badizu, askoz hobeto [barrez].
Lan horrek bizitza ikusteko modua aldarazi al zizun?
Ez nuke esango horrelako aldaketarik eragin didanik. Tarteka bai pentsatzen dudala oraina bizi behar dugula. Lur emateko garaian edo halako lanetan ari zarenean jabetzen zara horretaz. Horrelako gogoeta batzuk egin ohi ditut, baina ez nuke esango bizitza ikusteko modua aldatu zaidanik.
Nolakoa izaten da zure lanegun bat?
Gaur egun, Memora beilatokian lan egiten dut, eta denetarik egin ohi dugu. Norbait hil dela jakiten dugunean, haren etxera joan, jaso, gorpua ekarri, txukundu, garbitu, bizarra moztu, jantzi, makillatu, prestatu, kaxan sartu... Horrelako lanak egin ohi ditut nik. Batzuetan, erraustu ere egiten ditut. Hilerriko lanak, berriz, beste batzuk izan ohi dira. Norbaiti lur eman behar zaionean, lehenago etorri behar izaten da lekurik badagoen ikustera. Lekurik ez badago, zerbait aldatu behar izaten da, eta, ondoren, dena txukundu. Horrez gain, Santu Guztien Egunean eta antzeko datetan lan gehiago izan ohi da, jendeak dena txukun egotea nahi izaten baitu.
Zuretzat berezia al da Santu Guztien Eguna?
Pertsonalki, ez da oso egun berezia izaten, baina nabaritzen dut egun hori hurbiltzen ari den heinean jendea urduritzen hasten dela. Gauzak horrela, gaur egun ere Orioko hilerrira joan ohi naiz laguntzera. Han bakoitzak bere panteoia du, eta Santu guztien Egunerako hura txukun edukitzea gustatzen zaio jendeari; horregatik, lan karga handiagoa izan ohi da egun horren bueltan. Esaterako, urte guztian hilerrira joaten ez diren herritarrak joan daitezke egun horretan, eta ikusmiran ibiltzen dira hilerri guztian zehar. Beraz, herritar horiek ere iritzi ona izan dezaten, hilerria txukun edukitzea komeni da. Kezka edo ardura hori izan ohi dut, baina niretzat, behintzat, ez da egun erabat berezia.
"Santu Guztien Egunean eta antzeko datetan lan gehiago izan ohi dugu"
Zer da zure lanaz gehien gustatzen zaizuna?
Lan duin bat dela. Norbaitek jaso, prestatu eta lurperatu behar ditu hildakoak, eta haiekin lanean ari zaren momentutik, oso lan duina da. Nire ustez, oso momentu gogorrak bizi izaten ditugulako da lan duina. Emozioak oso presente egoten diren momentuak izan ohi dira, eta batzuetan oso esker onekoa da guk egiten dugun lana. Askotan aurkitzen dituzu hildako pertsonaren familiakoak edo etxekoak noraezean. Haiekin egoteak eta haiei laguntzeak badu bere duintasuna. Hildako batzuen egoera dela eta, ez da beti lan samurra izaten, eta momentu gogorrak izaten dira guztientzat, baita guretzat ere. Momentu zailetan ahal den moduan laguntzea harro egoteko modukoa da niretzat.
Eta gutxien?
Ezin dituzula zure egunak planifikatu. Alegia, ez dakizu zenbat lan izango duzun egunean, hildako mordoa egon baitaiteke egunen batean, eta bestean, aldiz, oso gutxi. Horrez gain, espero gabeko heriotzak ere gogorrak izan ohi dira. Oso gogorra izan ohi da horiei aurre egitea emozionalki.
Gaur egun, duela urte batzuk baino lan gehiago edo gutxiago izan ohi duzue?
Ez nuke jakingo datu zehatzak esaten, baina iruditzen zait hildakoak zaintzerakoan eta prestatzerakoan jauzi kualitatiboa eman dela. Jauzi kuantitatiboa baino gehiago, kualitatiboa izan dela esango nuke. Iruditzen zait orain hobeto prestatzen direla, hobeto txukuntzen direla eta hobeto kontserbatzen direla. Teknikak eta produktuak hobetzen doaz, eta hori nabari da. Hala ere, ezin dut hori guztia ziurtasunez esan, duela 50 urte ez bainintzen ari arlo honetan lanean. Egia da orduan gorpua etxekotu egiten zela, etxeetan edukitzen ziren hildakoak. Orain, berriz, beilatokietan egon ohi dira. Erraustu ere gero eta gehiago egiten dira. Garaiak aldatzen doaz.
Errelebo nahikoa dago lanbide honetan, ala zaila da hildakoekin jardun nahi duen jendea aurkitzea?
Bai, uste dut errelebo nahikoa dagoela. Iruditzen zait estetika mundutik datorren jendea prest dagoela beilatokietan eta halakoetan lan egiteko. Gaur egun, gainera, emakumezko dezente aritzen dira halako lekuetan. Ni hasi nintzenean, ia denok gizonezkoak ginen. Hain zuzen ere, administratzailea izan ezik, beste denok ginen gizonezkoak. Erreleboa nik uste dut badagoela, eta hilerriko lanetarako ere badaude lehiaketetara aurkezten diren hainbat enpresa. Errelebo faltarik ez dut ikusten nik.