Arrauna, sehaskatik

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 23a, 09:29

Jose Luis Korta, orain egun batzuk Boga Boga tabernan, 1992an Oriorekin Kontxako Bandera irabazi zueneko talde argazkiarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Jose Luis Korta oriotarrak 57 urte egin ditu arraunaren munduan, aurten erretiroa hartzea erabaki aurretik. Ortzaikan "bizimodu" guztia arraunean egiten zutela kontatu dio Gukari. "Uste dut arraunean hasi nintzela oinez ikasi baino lehen", esan du. Ohi duen gisan, ahoan bilorik gabe aritu da hainbeste eman dion arraunaz.

Ur bazterrean jaioa da Jose Luis Korta (Orio, 1949), Ortzaika auzoan. "Uste dut arraunean hasi nintzela oinez ikasi baino lehen", dio, umoretsu. Osabek kontatuta daki txikitan kaxa baten barruan aritzen zela jolasean, bi makila hartuta, arraunean. Traineruen soinua ere urrunetik entzuten zuten auzoan: "Traineruak egurrezkoak izaten ziren, baita toletak eta arraunak ere, eta barraaaat, barraaaaat ateratzen zuten sekulako soinua. Gu Ortzaikan, arraunlariak udaletxe parean, eta entzun egiten genituen, bi kilometrora egon arren. Haiek ikustera ateratzen ginen mutil koskorretan", gogoratu du. "Bizimodu guztia" errioan eta arraunean egiten zutela dio, eta arraunlari on asko zegoela Ortzaikan: "Olidentarrak, txankatarrak, txabolatarrak... baserrietan arraunlari onak zeuden". Arraun talderik ere ez zen falta inguruetan: "Orio ez bazen, Lasarte-Mitxelin, Aginaga... hortxe zeuden".

Orion hasi zuen arraunari lotutako ibilbidea 1968. urtean, eta ezin oparoagoa izan da ordutik hona egindako bidea: aulki mugikorrean hamar aldiz jarraian izan zen Espainiako txapeldun skiffean, eta zortzigarren egin zuen Moskuko Olinpiar Jokoetan. Kontxako Bandera, berriz, hamasei aldiz irabazitakoa da. 76 urterekin hartu du erretiroa, aurten, Castroko entrenatzaile izateari uztea erabakita. Ordutik elkarrizketak eskaini eta eskaini dabil han eta hemen.

Oriotarra da eta hala sentitzen da, baina horren aurretik arraunlaria da, eta kirolari peto guztiek bezala, argi du lehiak beste guztiari irabazten diola: "Kirolariak, lehian ari denean, ez du gogoan zer kamiseta daraman soinean: irabazi egin nahi du, edo azkena ez egin. Azken batean, borroka berdina da bata zein bestea". Orion hasi zuen bidea eta Castron amaitu, baina makina bat estropada egin eta gidatu ditu beste hainbat taldetan ere. Erreskadan bota du zerrenda, zehatz-zehatza. Orion ibili zen aurrena, handik Lasarte-Mitxelinera joan zen, gero Kaikura eta handik Zierbenara, berriz Oriora itzuli zen, eta handik Castrora. "Urte sabatiko baten ondoren" Kaikura bueltatu zen, eta azkenean, berriz ere Castrora. Zierbenarekin ez beste talde guztiekin irabazi du Kontxako Bandera.

Entrenatzaile aparta

Urte gehienak entrenatzaile lanetan egin ditu Kortak, askotan arraunlari ere jardun duen arren aldi berean. Gaur egun puntako mailan dabiltzan entrenatzaile askoren entrenatzailea izandakoa da bera; besteak beste, Jon Salsamendi eta Mikel Orbañanos oriotarrena eta Iker Zabala bermeotarrarena (Bizkaia).

Jose Luis Korta, 1968an, skiffean Orioko errioan. (Utzitakoa)

Korta ezaguna da ahoan bilorik gabe hitz egiteagatik, eta urteekin ez da aldatu. Entrenatzaile ona izateko zer behar den galdetuta, erantzuna argi dauka: "Nire sekretua izan da neronek egiten nuena besteei eginaraztea. Neroni traineru barruan joaten nintzen. Arraunean hasi nintzenean aulki mugikorreko selekziorako entrenatzen nuen, eta sekulako entrenamenduak egiten genituen, oraingoekin alderatuta entrenamendu latzak. Orain gimnasioetan pasatzen da denbora asko. Gu puskatu arte ibiltzen ginen. Gaurko gazteei hori eginaraziko bagenie, etxera alde egingo lukete guztiek. Horregatik dabiltza arraunlari zahar asko; nirekin duela hamabost urte ibilitako hiru dabiltza Orion bertan", kontatu du.

Arraunlariak ona izateko behar duen ezaugarri bakarra, berriz, "burugogorra" izatea dela uste du. "Ero batek bezala entrenatzea eta kontu egitea, beste sekreturik ez dago. Gero, batek besteak baino kalitate hobea izan dezake, baina... Guk astakeri asko egiten genituen. Orain, berriz, teknikari asko etorri da, eta ez da halako astakeriarik egiten. Gaur egun hobetu dena medikuntzaren arloa izan da", iritzi dio. Eta gogor hitz egin du kontu horri buruz: "Behar denean marra gorria pasatzen dute, baina ez da ezer gertatzen, dopaje librea dago hemen", esan du, eta gogora ekarri du "2010eko eskandalua". Min ematen dio oraindik berak salatutako gertakariek ondoriorik ez izana. "Sekulako dopaje eskandalua aurkitu nuen. Makina bat diru gastatu nuen, baina ez zuten inor epaitu; inork ez zuen ezer jakin nahi izan, ez erakundeek, ez kirol federazioek, inork ez".

Korta, eskuinean, Zarauzko Ikurrinarekin, 1978an. (Utzitakoa)

Hausnarketak

Garai bateko arraun mundua gustukoagoa du gaur egungoa baino, eta ertz askori erreparatuta dio hori, gainera. "Arrauna ez doa bide onetik. Denek onartzen dute hori, baina inork ez du ezer egiten. 2001ean esan nuen gaur egungo ligak klub asko hondoratuko zituela, eta halaxe gertatu da; Kantabriakoek [Espainia] behea jo dute, Bizkaiko dezentek ere bai. Hor egoteko diru asko behar duzu, izan ere. Eta zer hobekuntza egin dugu? TKE liga lehengo Euskal Ligaren berdina da, baina orain hori maneiatzen dutenek diru mordoxka irabazten dute. Arraunlariek, berriz, duela 30 urte baino gutxiago. Gaur soldatak dituzte, goian daudenek fitxaketak egiten dituzte, telebistan ematen da... baina sarietan erdirik ez da irabazten. Beraz, zertan hobetu dugu? Balio ez duen jendearen eskuetan gaude", bota du.

Aurten gizonezkoetan Oriok egindakoari sekulakoa deritzo, baina alde txarra ere ikusi dio: "Orio, arraun munduan, Real Madril bezala da. Futbolean bezala, arraunean ere dirua behar da orain irabazteko, fitxaketak behar dira. Lehen askoz politagoa zen: bailarako jendeak osatzen zuen trainerua. Gero, fitxaketak egiten hasi ziren, eta horren ondorioz, berriz ere goian ibiliko dira klub handiak: Orio, Hondarribia, Pasaia, Kaiku, Santurtzi... Bermeok ere orain urte mordoxka kristoren gazte jende pila ibiltzen zuen, baina orain gazterik ez du, eta fitxaketak behar ditu. Baina noiz arte? Babesle ona dute, eta horrek mantentzen ditu. Inork ez du egia esaten, baina begira Kontxari: traineruetan arraunlarien erdia baino gehiago kanpokoa izaten da, baita nesketan ere". Entzun nahi duenarentzat, hortxe utzi du bere hausnarketa oriotarrak.

Jose Luis Korta, aita zenarekin, 1992ko Kontxako Banderarekin. (Utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide