Gau Beltzeko egitaraua, prest

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 22a, 17:18

Artxiboko irudian, haur batzuk Herriko Plazan mozorrotuta.

Iaz bezala, aurten ere elkarrekin antolatu dute urriaren 31ko egitaraua udalak, bi ikastetxeek eta Txurrumuski aisialdi taldeak. Kalejira, dantzak, tailerrak eta beldurrezko ibilbideak egingo dituzte arratsalde-iluntze partean herriko hainbat gunetan.

Orioko Udalak, herriko ikastetxeek eta Txurrumuski aisialdi taldeak Gau Beltza antolatu dute aurten ere, Santu Guztien Egunaren bezperarako, hau da, urriaren 31rako. Ostirala egokitu da aurten, eta ospakizuna are bereziago egingo du horrek askorentzat.

Iaz bezala, antolatzaileek dei egin diete herritarrei egun horretan "Gau Beltzaren tradizioari lotutako mozorroak jantzi ditzaten". Honakoa da janzkera: alkandora koadroduna edo zuria; baserritar jantziaren prakak edo gona; tela zuriarekin egindako aurpegiko estalkia, edo aurpegia margotuta; eta lastozko txapela edo ilea nahasita.

Antolatzaileek gogorarazi dute udazkenetik negurako tarteak, egun motz eta ilunekin, "sinbolismo handia" duela Euskal Herrian ere: "Azken uztak biltzeko garaia da, urtearen bukaera badatorrela gogorarazten digu eta, azkenik, hildako senideen oroimena ere badakar. Gaztetxoentzat, aukera ezin hobea da heriotzaren gaia mahai gainean jartzeko, ikuspegi ludiko batekin: elkar beldurtzeko jolasak eginez, kalabazak eta arbiak hustu eta argiztatuz, mozorroak jantziz…".

Gau Beltzeko egitaraua honakoa da:

  • 18:00. Zomorro eta arimen herri kalejira, Baxoalden hasita. Geldialdiak egingo dituzte Andra Mariko zabalgunean eta Herriko Plazan, eta Harribil dantza taldeko dantzariek lagunduta, herritarrek aukera izango dute arin-arina eta fandangoa dantzatzeko.
  • Ondoren, HHko eta LHko ikasleentzako tailerrak izango dira plazan, ikastetxeek gidatuta.
  • 19:30. Txurrumuskik beldurrezko ibilbidea eskainiko die LH 3. mailatik hasi eta DBH 4. mailara bitarteko gaztetxoei. Ibilbidea talde txikietan egingo dute haurrek, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide