Jorge Oteizak nazioartean egin zuen ibilbidea izango duzu hizpide bihar. Zer harreman duzu artista oriotarraren figurarekin?
Nik ez dut neure burua aditutzat, baina nire azken liburuko –Coca-cola bat zurekin– zati batean Jorge Oteiza agertzen da, eta liburua nobela den arren, oinarri erreal handia dauka. Oteiza agertzen da, 1960an parte hartu zuelako MoMA museoko (New York) erakusketa batean; bere lau eskultura erakutsi zituzten han. Eta horren bueltan, ikerketa bat egin nuen nire libururako. Orioko Udalak proposatu zidan horrekin zerikusia zeukan zerbait prestatzea haren jaiotzaren urteurrenaren harira.
Esan dezakegu ez dela ohikoa haren nazioarteko ibilbideaz hitz egitea?
Oteiza oso ezaguna da Euskal Herrian eta eragin handia izan zuen, baina haren nazioarteko ibilbideari buruz gutxi hitz egin izan da. Hitzaldian arlo horretan sakonduko dut, eta azalduko dut Oteizak zer harrera eta zer ibilbide izan zituen nazioartean. Hitzaldiari izenburua jarri diot Ezerezean aztarrika: Jorge oteizaren nazioarteko ibilbide itsua, alde batetik, esan bezala, ez delako oso ezaguna, eta bestetik, badagoelako beti Oteizaren figurarekin gauza bat, eta zera da: aukera asko izan zituela nazioartean arrakasta edukitzeko, baina gauza bat dela eta beste bat dela, ez zuela Euskal Herrian adinako sonarik lortu. Txillidak sekulako sona lortu bazuen nazioartean, zergatik Oteizak ez? Hitzaldiaren bukaera aldera horren inguruko hipotesi batzuk planteatuko ditut.
"Arrakastarekin beti harreman oso gatazkatsua eduki zuen Oteizak"
Zer kontatu dezakezu Oteizak Euskal Herritik kanpo egindako ibilbideaz?
Data klabea 1957. urtea da, orduan lortu baitzuen arrakasta handiena Sao Pauloko Bienaleko eskulturako nazioarteko saria irabazita. Sari horren ondoren, logikoena zatekeen nazioartean ibilbide luzea egitea, baina 1959an iritsi zen berak deitzen zion ondorio esperimentalera; alegia, pentsatu zuen agortu zela bere artea edo bere ibilbidea, eta eskulturak egiteari utzi zion. Paradoxikoa da. Ondoren, lehen esan bezala, 1960an, bere lau eskultura MoMAn egon ziren erakusketa zabalago baten barruan, baina jada eginak zituen eskulturak ziren. Hortaz, hamarkada dezentez apenas egin zuen erakusketarik, eta bere ibilbidea gehiago izan zen pertsona intelektual batena edo kontzientziak astintzera dedikatzen zen pertsona batena eskulturgilearena baino. Azkenean, Txomin Badiola artista eta komisarioak, asko kostatuta, konbentzitu zuen erakusketa bat egiteko 1988an, La Caixa fundazioan. Erakusketa inportantea izan zen eta Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan egon zen ikusgai. Urte hura, beraz, oso garrantzitsua izan zen Oteizaren eskulturgile ibilbidean, berreskuratu egin baitzuen arlo hori. Gainera, urte hartan bere obra Veneziako Bienalean erakutsi zuten. Arteen Asturiasko Printzea saria ere urte hartan eman zioten.
Hil ondoren ere eduki zuen erakusketa garrantzitsu bat.
Hala da. Oteiza 2003an hil zen, eta Guggenheim museoak antolatu zuen hari buruzko erakusketa; Bilbon egon zen aurrena ikusgai, eta ondoren, New Yorken, 2004 eta 2005 urteetan.
Oteizak berak ba al zituen nazioarteko erreferenteak?
Erreferente asko zituen, eta zentzu horretan, artista ez ezik, artearen teoriko oso inportantea izan zen. Baina, gero, bere obraren eta bere erakusketen kudeaketan, arrakasta modu oso kontraesankorrean bizi zuen. Alde batetik, bere izaeragatik. Biharko hitzaldiko spoilerra da, baina berak 1957an, Sao Pauloko saria lortu ondoren, eskutitz batean zera idatzi zuen: "Ya voy comprendiendo todo esto, esta dificil mecanica del triunfo, de lo que llamamos triunfar". Arrakastarekin beti harreman oso gatazkatsua eduki zuen, eta horregatik, arrakasta lortzeko puntuan zegoenean, askotan bere burua sabotatzen zuen. Horrek izaerarekin dauka zerikusia, baina segur aski, baita bere proposamen artistikoarekin edo estetikoarekin ere. Izan ere, berak artea ez zuen ikusten inolaz ere arte merkatuaren barruan kokatuta. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, pixkanaka Europan eta mundu mailan arte merkatua oso modu basatian garatu zen, eta zirkuitu horretatik kanpo gelditu zen Oteiza, berak hala erabaki zuelako. Harentzat artearen merkatua ez zen artea, beste zerbait baizik, eta ez zitzaion interesatzen hor sartzea.
Nazioarteko artistekin izango zuen harremanik...
Bai, eta horri buruz ere hitz egingo dut. Richard Serra artista estatubatuarrak, esaterako, oso berandu ezagutu zuen Oteizaren obra, 1980eko hamarkadaren bukaeran, eta erabat txundituta gelditu zen. Lehenago, 1957aren bueltan, Lygia Clark eta France Wisman eskulturgile brasildarrekin harremanak izan zituen. Hori ez da oso ezaguna.
Orioko Udalak eskatuta egin duzu proiektua. Biharko emanaldiarekin hasi eta bukatuko da ala toki gehiagotan azaltzeko asmoa duzu?
Orioko Udalaren gonbidapena jaso nuen, eta gustura aritu naiz ikertzen eta hitzaldia prestatzen, eta berez, Oriorako soilik egin dut. Baina egia da egun hauetan, prestaketak amaitzen ari nintzela, neure buruari esan diodala egindako beste nonbaiten azaltzeko ere interesgarria izan daitekeela. Beraz, ez dut baztertzen, etorkizunean, beste nonbaiten eskatzen baldin badidate, hitzaldi gehiago ematea. Izan ere, bihar kontatuko ditudan gauza batzuk ezezagunak dira. Esaterako, Lygia Clarken eskutitz bat eramango dut solasaldira, inon argitaratu gabea, non aitortzen duen Oteiza zeinen inportantea izan zen bere ibilbidean. Clark oso aitortua da nazioartean, museo gehienetan dituzte bere obrak. Txomin Badiolak ere informazio asko eman dit, eta oso eskertuta nago.