Arraun orroa darien estrapuak

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 20a, 12:59

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, hainbat hitzaldi, ekitaldi eta tailer ari dira egiten eskualdean. Orion, esaterako, estrapu tailerra egin zuten larunbatean, "galduta dagoen jakintza berreskuratzeko". Hemen ikus daitezke eskualdean egingo dituzten ekintza guztiak.

"Errioan ontziak erabiltzea, izan arrantzarako, izan garraiorako, eguneroko jarduna zen garai batean. Itsasoan baino, errioan ibiltzen zen Orioko eta Aginagako jendea. Denek zuten txalupa txikiren bat edo alaren bat, errioaren goialdeko baratzetara joateko edo han aldeko animaliei jana ematera joateko". Horregatik, "ezinbestekoa" zen estrapuak edukitzea, alegia, arrauna ontziaren killara lotzeko erabiltzen den soka borobila. Hala kontatu zuen larunbatean Eider Arruti Mutiozabal Txoren Ontziolako koordinatzaileak ontziolaren kanpoaldean familiei eskainitako estrapu tailerrean. Ondarearen Europako Jardunaldien barruko egitasmoa izan zen, galduta dagoen jakintza hori berreskuratzeko helburuz egindakoa. "Egurra zaintzea, ontzia mantentzea, arraunean egiteko estrapua zaintzea... jakintza hori guztia galduta dago, eta zer esanik ez, materialari dagokion ondarea: guk, Mutiozabalen, egurrezko ontziak egiten ditugu, eta garai bateko estrapuak ere bai; fibra naturalezko lokarriak ziren, baina pixkanaka-pixkanaka galduz joan da", kontatu zuen.

Iztupa erabiltzen du Arrutik betiko estrapuak egiten erakusteko. Kalamuak ere balio du. Eta lehen, askotan, lokarria erosi beharrean, "txikota zaharra erabiltzen zen estrapuak egiteko; hau da, ontzietako soka zaharra berrerabiltzen zen", gaineratu zuen. Arraunlaria izandakoa da Arruti, eta gogoan du orain 20 urte jada zuntz berriak erabiltzen zirela estrapuak egiteko. "Pixkanaka zuntz artifiziala sartu zen, eta nylonezko estrapuak egiten hasi ziren. Gaur egun, uste dut ez dagoela arraun talderik nylonezko estrapuak erabiltzen ez dituenik. Herrian ez dakigu arraunean, ez dakigu errioan ibiltzen, eta ez dakigu estrapuak egiten".

Autoan zintzilikatzeko

Tailerrean parte hartu zutenek, ordea, ikasi zuten estrapu tradizionala egiten: hiru lokarri hartu, horiek uretan busti, biguntzeko, eta ondoren, astindu egin behar dira, soberan duten ura kentzeko, eta pixka bat soltatu, gero nahi den forma emateko. Forma borobila eman behar zaio, baina sokak berak hartzen duen joera naturalaren kontrara; hori izan zen askorentzat parte zailena. Ondoren, sokaren mutur bat borobil horretan alde batera eta bestera pasatzen joan behar da, eta gero gauza bera egin behar da beste muturrarekin. Gehienek asmatu zuten estrapu txukuna egiten, batzuek Arrutiren esku abilen beharra izan zuten arren. "Honelako estrapuak ondo zaindu behar izaten dira. Erabilitako bakoitzean, lehortzen utzi behar dira, bestela usteldu egiten direlako", kontatu zuen.

Larunbateko tailerrean egindako estrapuek, ordea, ez dute bustitzeko kuidorik, auto barruko ispilutik zintzilikatzeko egin baitzituzten batzuek –ohitura da Orion–, giltzatako bezala beste batzuek... "Estrapu horiek traineruari jarriko bagenizkio, berriro entzungo zatekeen errioan Benito Lertxundik Mirotzak kantuan aipatzen duen arraun orroa, soka arraunaren kontra marruskatzean entzuten zen tarraaaa hori", esanez amaitu zuen Arrutik estrapu tailerra.

Kontuak kontu, familiak pozik etxeratu ziren, altxor txikiak eskuetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide