Pasa den astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak 2025-2026 denboraldiko angula kanpaina bertan behera uztearen alde egin duela aurten. Hainbat txostenetan oinarrituta hartu du erabakia erakundeak; izan ere, haren arabera, orain arte aplikatutako neurriek ez dute balio izan "espeziearen egoera kritikoari buelta emateko".
Dekretua oraindik indarrean sartu ez den arren, Euskadiko Anguleroen Elkarteak (EAE) gogor kritikatu du Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Izan ere, dekretu ofiziala hemendik hilabete batera kaleratuko dute, angula denboraldiaren "gailurrean", hain zuzen, eta egoera horren aurrean, "ezer egin ezinik" utzi dituzte anguleroak.
Gaur goizean Arraunetxen emandako prentsaurrekoan zehaztu ditu EAEk erabaki berriaren nondik norakoak, baita elkarteak gaiaren inguruan duen iritzia ere. Bertan izan dira, besteak beste, Unai Eizagirre elkarteko lehendakaria eta Iñaki Bedoya idazkaria. Hurrengo adierazpenarekin eman diote hasiera hitzaldiari: "Uste dugu, beste behin, Leandro Azkuek gutxietsi egin gaituela".
Irailaren 25ean, EAEko ordezkariak EAJko legebiltzarkideekin bildu ziren, angulen kanpainari buruzko inolako berririk gabe, kezkatuta zeudela adierazteko asmoz. "Adierazi ziguten sailburuari jakinaraziko ziotela eta bilera egingo genuela". Hurrengo egunean, sailburuordearen idazkariaren dei bat jaso zuten, urriaren 3an biltzeko proposatuz.
Egun horretan, EAEko ordezkariei jakinarazi zitzaien aurtengo kanpaina bertan behera uzteko aukera aztertzen ari zirela, "komunikabideek dagoeneko suspentsioaren berri zuten bitartean".
Kanpaina ixtearen justifikazioa Azti zentro teknologikoak egindako txostenetan oinarritzen dela azaldu zitzaien. Hain zuzen ere, txostenen arabera, aingiraren iheserako eta errekrutatzerako helburuak "urrun" daude oraindik Europako Kontseiluaren 2007ko Araudian ezarritako helburutik. "Gure ibaietako aingira kopurua 60ko eta 70eko hamarkadetan bizi zirenen % 7 baino ez da. Orain arte, hainbat neurri aplikatu dira, hala nola arrantza jarduera mugatzea edo habitataren kalitatea eta ibai konektibitatea hobetzea", zehaztu du Jaurlaritzak.
Hala eta guztiz ere, txostenak dio neurri horiek ez dutela lortu "aingiraren egoera larriari buelta ematea", eta, beraz, haren izakinak muga biologiko seguruetatik kanpo jarraitzen duela ondorioztatu dute.
Ikuspuntu ezberdinak
Arrantzarako lizentziei dagokienez, 2014. urtetik "beherakada nabarmena" izan dela gogorarazi dute. Elkarteko idazkariak zehaztu duenez, une honetan 142 lizentzia daude erregistratuta. Hori ez ezik, itsasontzien lizentziek ere behera egin dute 2006tik. "Horrek adierazten du angula berreskuratzearen alde gaudela".
Arrantza kuoten inguruan ere hitz egin dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak sinatutako dekretuen arabera, 2003. urtean teorikoki 342 tona arrantzatu ahal zituzten anguleroek. 2010ean, kuota murriztu egin zuten, eta 2024an, "anguleroek hala eskatuta", kuota 550 kilotara murriztu zuten. "Hori izan da egin dugun murrizketa teorikoa. Arrantzaleok angulari eusteko ahalegin handia egin dugu".
2014ko martxoan, Aztik, Biodibertsitatea Fundazioarekin lankidetzan, aingirak birpopulatzeko proiektu bat egin zuen Urola ibaiaren arroan. "Onartzen da esperientziaren emaitzak positiboak izan direla, aleak nabarmen hazi baitira, eta horrek bizirauteko aukerak handitzen ditu", zioen planaren balorazioak. Gaur egun, ordea, Azti "birpopulatzearen eta migrazioaren aurka" dagoela azpimarratu dute elkartetik. "Angula benetan berreskuratu nahi duzue? Ala modus vivendi bat behar duzue?".
"Lege hausteak"
EAEk azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren erabaki berriak ez du "ez ikerketarik ezta txostenik ere" oinarri gisa, eta beren ustetan, anguleroak "ekuaziotik kanpo" utzi dituzte.
Elkarteko ordezkariek gogora ekarri dutenez, Eusko Legebiltzarrak ez ditu bete elkartearekin adostutako hainbat akordio, besteak beste 2023. urtean adostutakoa, non mozio baten bidez, Legebiltzarrari "elkarrizketa arina" izatea eskatu zitzaion anguleroekin, "angularen arrantza mantentzeko formula posiblerantz aurrera egiteko".
Aldi berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari profesionalizazio plan bat egiteko eskatu zion, Europako legedian oinarrituta. Saio horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Angulero Elkartearen arteko akordio batera iritsi ziren. "Akordio horretan zehazten zenez, angularen arrantza "profesionalizatu" behar zen, Europak eskatzen zuen bezala, eta, aldi berean, anguleroek Europako arauak bete behar zituzten", kontatu dute ordezkariek.
Hori horrela, lizentzia berri bat lortzeko lehentasun irizpideen arabera, arrantzaren sektoreko profesionalek dute lehentasun handiena. "Hau da, arrantzaren sektorearen parte diren arrantzale guztiek dute lizentzia eskuratzeko aukera". Hala eta guztiz ere, "Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendari ohiak Itsasoko Gizarte Institutuarekin hitz egin ostean, argi uzten du ezinezkoa dela arrantzale horiei alta ematea, arrantza ez baita haien funtsezko bizibidea".
Amaitzeko, aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere ekaina hasieran zabaldu zuten arrantzatzeko lizentziak aurkezteko epea. Iaz bezala, interesdunek ekainaren 1etik 30era izan zuten eskaera orria aurkezteko aukera. Hala eta guztiz ere, erabaki berriaren aurrean, Euskadiko Autonomia Erkidegoak ezin izango du angularen kanpainan parte hartu.
Kantauri itsasoko beste autonomia erkidegoek –Asturias, Kantabria eta Galizia–, baita Ipar Euskal Herriak ere, angula kanpaina hasteko aukera izango dute, beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoa izanik aurten angula arrantzatzeko aukera izango ez duen autonomia bakarra. "Europa osoak arrantzatzen du, guk izan ezik; hori diskriminazioa da", esan du EAEk.