Sofia Lertxundi: "Ezin dut neure burua beste ogibide batean irudikatu"

Naia Makazaga 2025eko azaroaren 15a

Sofia Lertxundi, Orion, errio ondoan. (Naia Makazaga)

Azaroko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Bost urte dira Sofia Lertxundi Garciak (Orio, 2003) pilotu ikasketak hasi zituenetik. Herrian bertan hazi eta hezi ondoren, hegazkin gidari izan nahi zuela erabaki zuen, eta Salamancan (Espainia) hasi zuen bidea. Lau urtetan amaitu du Abiazio Komertzialeko eta Abiaziko Operazioko Pilotu gradua, eta kontatu duenez, lan munduan sartzeko momentua iritsi zaio.

Nolatan hautatu zenuen gradu hori, eta noiz erabaki zenuen pilotu izan nahi zenuela?

Medikuntza edo erizaintza ikasiko nuela konbentzituta nengoen; horixe nahi izan baitut urte luzez. Hala ere, batxilergoa amaitu eta gradu bat aukeratzeko garaian, zalantza handiak sortu zitzaizkidan; ez nuen batere argi ikusten nondik jo nahi nuen. Nire ahizpa garai hartan Salamancan ikasten ari zenez, hango unibertsitateko graduen zerrenda bidali zidan. Hegazkin pilotu izateko ikasketak zeudela ikusi nuen orduan, eta ordura arte inoiz planteatu ere egin ez nuen zerbait bazen ere, zerbaitek hori aukeratzera eraman ninduen.

Pilotu ikasketak hasi zenituenetik, izan duzu inor erreferentetzat? Euskalduna edota emakumezkoa den norbait, beharbada?

Egia esan, ez. Zarautzen badaude pare bat pilotu eta beraiekin hitz egin izan dut behin edo behin, baina ez ditut inoiz erreferentetzat izan. Ikasketa hauek hasi aurretik emakumezkoa den piloturik ere ez nuen ezagutzen, eta gehiegi pentsatu gabe, baina esan dezaket neure bidea egin dudala hasiera-hasieratik.

Nolakoa izan da bide hori?

Gogorra, baina oso polita. Nahiko ikasketa sakrifikatuak dira, eta izan ditut frustrazio momentuak ere. Gehienok pentsatu izan dugu noiz edo noiz ez garela gai izango nahi dugun horretara iristeko, eta niri ere pasatu izan zait hori burutik graduan zehar. Hala ere, dagoeneko ezin dut neure burua hegazkin pilotuarena ez den beste ogibide batean irudikatu.

Gradua amaitu duzu. Orain zer?

Geroz eta jende gehiagok erabiltzen du hegazkina, eta geroz eta maiztasun handiagoz. Pilotu beharra, hortaz, geroz eta handiagoa da. Oso gogotsu nago lan munduan sartzeko. Hala ere, badakit kanpora joan beharko dudala lanpostu bat lortzeko, eta esango nuke bertara egokitzen jakiteak arduratzen nauela oraintxe bertan gehien, gainontzean ez baitago kezkatzen nauen ezer.

Pilotuen lan munduan sartzear zaude. Maskulinizatua dagoen mundu bat dela uste duzu?

Bai, bereziki mutilek ikasten duten gradu bat da. Pilotu bat irudikatzen hasita, gehienoi mutil bat datorkigu burura. Gure promozioan, egia esan, normalean baino emakumezko gehiago elkartu ginen: 23 ikasletik zazpi ginen emakumezkoak, eta zazpi horietatik hiru euskaldunak. Geroz eta emakume gehiago gaudela egia da, baina onartu beharra dago gure promozioa salbuespena izan dela.

Nolakoa da hegazkin gidari baten egunerokoa?

Hegaldi laburrak egiten dituen pilotu batek, adibidez, ia egunero egiten du hegan, eta beraien ordutegia egokitzen zaizkien hegaldien araberakoa izaten da; aldatzen joan ohi da. Hegaldi luzeak egiten dituen pilotu batek, berriz, hegaldi gutxiago egiten ditu hilabetean, eta atseden egun asko izaten dituzte, ordutegi konplikatua izaten baitute.

Oraintxe bertan hegazkinei beldur handia dien norbait lasaitu beharko bazenu, zer esango zenioke?

Hegazkina garraiobide seguruenetako bat dela, eta nahiz eta hegazkin istripuak nahiko katastrofikoak izaten diren, oso gutxi gertatzen direla. Pilotuok, gainera, oso ondo prestatuta egoten gara, eta edozein ezbeharren aurrean jakiten dugu zer egin. Turbulentziak ohiko gauzak direla ere esan nahiko nuke, eta ez dutela ez segurtasunean ez hegaldian bestelako eraginik edota trabarik sortzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide