"Arrantzaleek euren eskubideak aldarrikatzeko egindako ekintza legitimoa" izan zen joan den irailaren amaieran Beti Aingeru itsasontzian gertaturikoa, "eta ez matxinada". Mezu hori nabarmendu dute gaur itsasontziaren parean, Getariako moilan, emandako prentsaurrekoan Bittor Peso LABeko zerbitzu pribatuetako arduradunak, Txefi Roco LABeko sindikatuko antirrazismo arduradunak eta Malick Sene ontziko beharginak, sindikatuko kideekin eta ontziko hamar langile baino gehiagorekin batera.
Nabarmendu dutenez, lehen sektorea "historikoki garrantzitsua" izan da Euskal Herrian, baina itsasoko nahiz lurreko langileek "lan baldintza prekarioak eta diskriminatzaileak" dituzte oraindik ere. Baxurako arrantzaren sektoreak, gainera, ez du hitzarmen kolektibo propiorik, eta horrek "baldintzak arautu gabe uzten" dituela salatu dute LAB sindikatuko kideek. "Ez dago jarraipen eraginkorrik arrantzaleek dituzten benetako baldintzei buruz, eta armadoreen mehatxupean eta eskubideen urraketa egoeretan aurkitzen dira askotan", aipatu dute.
Eskubide urraketa horiek ez dira kasualitatea sindikatuaren ustez. Izan ere, arrantzarena "sektore prekarizatua eta arrazializatua" da: "Euskal arrantzak neurri handi batean jatorri senegaldarreko arrantzaleei esker eusten dio sektoreari".
Mehatxuak eta erasoak salatu dituzte
Komunikabideei igorri diete mezu zuzena: izan ere, azaldu dute Guardia Zibilaren txostenean ez dela matxinadarik aipatzen, eta "komunikabideen bidez nahita" zabaldutako mezuek "iruditeria arrazista eta estigmatizatua" elikatzen duela arrantzale horiekiko.
Arrantzale horiek zer egoeratan zeuden azaldu dute: sindikatuaren hitzetan, 37 egun eman zituzten etxera itzuli gabe, eta etxean bi egunez atseden hartu ondoren, beste 26 egun eman zituzten itsasoan. Arrantzontzietan baldintza horiek ohikoak ez direla salatzeaz gain, mehatxuak, erasoak eta irainak aipatu dituzte.
Senek eman ditu gertatutakoaz xehetasun gehiago. Aipatu du beren burua "arriskuan" ikusten zutelako erabaki zutela lanik ez egitea, eta armadorearen partetik ontzian bizitakoak zerrendatu ditu: "Objektuak jaurtitzea, zakarra botatzea, gasik gabe uztea edota heriotza mehatxuak, besteak beste".
Arrantzaleak nabarmendu du 25 urtetik gora daramatzatela senegaldar jatorriko arrantzaleek Euskal Herrian lanean, "hori egiten dakitelako, bai hemen, baita hona etorri aurretik ere". Dena den, bizi duten egoera salatu du: "Gizakiak gara, eta ez litzateke halakorik gertatu behar. Lan egin nahi dugu, baina horrek ez du esan nahi burua makurtu behar dugunik. Bakean egin nahi dugu lan".
Igaro berri den asteazkenera arte saiatu dira armadorearekin harremanetan jartzen, sindikatuaren esanetan. Baina ez dute harekin hitz egiterik lortu: "Bi aste daramatzate arrantzaleek lanik egin gabe, langabezia kobratu ezinda eta zer egoeratan dauden jakin ezinda". Iraileko nominarik ez dute jaso, eta zimarroiaren arrantzan aritzen diren gainerako ontziak itsasoan dira, baina armadoreak "kanpaina amaitu den itxura egin" duela esan dute prentsaurrekoan.
Bide juridikoa aztertzen
Irailaren 27an jazo zen gertakaria. 15:00 aldean larrialdi zerbitzuek Ribadesellatik (Espainia) hamabi bat miliatara zen arrantzontzi batetik jaso zuten alerta deia. Kapitainaren salaketaren arabera, ontziko hamasei tripulatzaileetatik hamabik mehatxuak egin zizkioten.
Guardia Zibila hiru tripulatzaile ari da ikertzen kapitainari mehatxu egiteagatik eta armadoreari eraso egiteagatik. LAB sindikatuak jakinarazi du ez duela armadorearen aurkako salaketarik jarri, baina bide juridikoa ari dela aztertzen.
Administrazioari eskatu diote "ez daitezela konplize bihurtu", eta "itsasoan lan egiten duten pertsonen eskubideak betetzen direla" kontrola dezatela, baita eskubide horiek urratzen dituzten armadoreak zigor ditzatela ere.