Asteburu honetan ospatuko dute Parrilla Festa ekitaldi gastronomikoa, eta herritarrek oraindik eskuratu ditzakete otorduetarako txartelak, Turismo Bulegoan. Hain zuzen ere, urriaren 3tik 5era bitartean hartuko du festak Herriko Plaza, eta oriotarrek egun batez parrillero izateko aukera izango dute.
Hala, larunbat eguerdian "elkarte gastronomiko handi" bihurtuko da plaza. Hain zuzen ere, 200 bat pertsonentzako otordua eskainiko da, eta menua herriko tabernek prestatutako platerek, Sayalero okindegiko postreek eta bakoitzak etxetik ekarritako arrainak osatuko du. Hasierako lau platerak jan ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek izango du parrillan arraina erretzeko ardura. Hauek ez dira bakarrik egongo, izan ere, herriko parrilleroak izango dituzte alboan laguntza eta aholkuak emateko. Bazkarirako txartelaren prezioa 20 eurokoa da, eta Turismo Bulegoan daude eskuragai.
Larunbat iluntzean, halaber, pintxo pote gastronomikoa egingo dute plazan, eta oraindik txartel batzuk geratzen dira; ostiraleko pintxo poterako txartel guztiak, aldiz, agortu dira dagoeneko. Egunean bertan lonjatik ekarritako arraina sukaldatuko dute parrilleroek, eta ikuskizuna ikusten duenak, hiru arrain erre pintxo, gilda bat eta bertako txakolina dastatzeko aukera izango dute. Tiketak Turismo Bulegoan daude salgai, 10 euroan.
Informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek Turismo Bulegora jo dezakete, baita 943-83 55 65 telefono zenbakira deitu edo infoturismoa@orio.eus helbidera idatzi ere.