Bertsolaria, kazetaria, irrati esataria eta, azken urteetan, telebistako aurkezlea. Hori guztia eta gehiago jar daiteke Xabier Sukiaren (Orio, 1976) curriculumean. Haurra zenean hitzarekin jolasean hasi eta gaurdaino egindako ibilbidea errepasatu du Gukarekin, tartean baita bere bizitzan mugarri izan zuen erabakia ere: unibertsitatean hastea 25 urterekin Komunikazioa ikasteko. Horri esker, ikasketak amaitu eta fabrikan lan egitetik Euskadi Irratian esatari aritzera pasatu zen, eta azken bost urteetan arratsaldero ETB1 telebista kateko Biba zuek! saioa aurkezten aritu da Maddalen Arzallusekin batera. Mila saioen langa aspaldi pasatuta, irail honetan seigarren denboraldiari ekingo diote.
Aspalditik ari zara hitzekin jolasean. Bertsotan hasi zinenetik?
Hala esango nuke. Bertsolaritzak oso umetara narama, 9 urte nituen garaietara. Ordura arte ez nintzen jabetzen gaitasun, afizio edo gogo hori nire barruan zegoela, baina ikastolan aurreneko bertso eskola antolatu zuten garaian han nintzen ni, eta han izan nituen aurreneko harremanak bertsolaritzarekin. Esango nuke han hasi nintzela hitza arte moduan lantzen. Egia da lehenagotik ere beti eduki izan dudala jariotasuna, nahiz eta gerora lotzen dituzun gauzak.
Zer oroitzapen dituzu?
Gogoan dut umetan Aralarrera asko joaten ginela aita ataundarra [Gipuzkoa] eta artzaina delako –ama ere artzaina da– eta Aralarren bagenuelako artzain txabola bat. Garai bateko bide zaharretik joaten ginen autoz Tolosatik [Gipuzkoa] Aralarrera, pentsa, bizpahiru orduko bidaiak, eta gogoan dut askotan banuela jarioa kantari joateko, irratsaio fiktizioak asmatzeko edo gurasoei txisteak kontatzeko. Hori ere banekarren, baina dena lotuko nuke bertsolaritzarekin, azken hori izan delako beste guztiari forma ematen lagundu didana.

Norbaitek bultzatuta hasi zinen bertsotan?
Gelan norbait sartu zen galdetuz ea nork parte hartu nahi zuen eskolan antolatuko zuten bertso eskolan, eta gogoan dut eskua altxatu nuela. Momentu hori, gainera, oso irudikatuta daukat. Izena apuntatu zuten, esan zidaten zer ordutan eta non, eta hala hasi ginen bertso eskolan, Manuel Lasarterekin. Han egin nituen bertsolaritzak eman dizkidan lagunak: Ibai Esoain adinkidea, eta gazteagoak, Egoitz Eizagirre, Iñaki Gurrutxaga… Gerora, bertso eskola herrian zabaltzen joan ahala, Errikotxia bertso eskolarekin taldea handitzen joan da, eta gehituko nituzke Rosi [Lazkano], Ekiñe [Saizar]…
Errikotxia aipatu duzu. Geroagokoa da...
Hori da. Bertsolariak betidanik egon izan dira Orion, baserri girotik eta sortutakoak, liburu bat ere idatzi genuen –Orio mende bat bertsotan– Iñaki Iturainek, Ibai Esoainek eta hirurok, eta hor agertzen dira Orio eta Usurbilen [Gipuzkoa] mugan, Aginagan, gure inguruko baserrietan-eta zeuden bertsolari horiek guztiak. Baina gure garaian, herrian ez zegoen egiturarik. Eskolakoa Bertsozale Elkartearen eta ikastolen elkartearen proiektua izan zen, bertso eskolak hezkuntza sisteman inplementatzeko eta integratzeko. Eta gu izan ginen aurrenetakoak; bertso eskolen hastapenak ziren. Bertso eskolak proiektu oso indartsua izan ziren, eta esango nuke horren produktua garela gu.
"Nire bizitzako mugarria izan zen unibertsitatera joatea 25 urterekin"
Errikotxiaren hasierak ezagutu zenituen, hortaz.
Errikotxiak 20 urte egingo zituen honezkero, eta hastapenetan parte hartu genuen, bai; bilera batzuk egin genituen, eta Errikotxia Bertso Taldea izena jarri genion proiektuari. Hor egin nuen nik harremana Rosirekin. Errikotxiak belaunaldi desberdinak elkartu ditu; bestela, ziurrenez, sekula ez nintzen harekin mahai baten bueltan egongo. Errikotxiak eskaini duenaren adibide garbia da Rosi: esango nuke emakume hori ezkutuan zegoela; etxean, sukaldean lanean zebilela bere buruari bertsoak kantatuz bizitza osoa. Errikotxiak plaza bat eman zion, argia. Hein batean, armairutik ateratzea bezala da, ezta? Hori berak esan beharko luke, baina nik horrela ikusten dut. Errikotxia indar handi bat izan zen, gerora agian pixka bat apaltzen joan zaiguna, baina hor dago, eta uste dut izango dituela bere momentuak eta ziur aski etorriko dela beste olatu bat Errikotxiatik belaunaldi berriekin. Orain Orion badaude gazteak gogoarekin, eta uste dut horiek ekarriko dutela beste arnasaldi bat.

Bertsoekin lotuta lan asko egin duzu irratian eta. Plazan bertan ere bai?
Manuel Lasarterekin hasi ginen Orioko bertso eskolan, eta aurreneko plaza Orion egingo genuen mutil koskorretan. Gero eskolarteko bertsolari txapelketetan sartu ginen. Garai hartan 14 urte artekoena eta 14tik 18ra artekoena egiten ziren, eta bietan parte hartzen genuen. Lehiarako prestatu genituen gure buruak, eta pila bat ikasi genuen. Inguruan sariketa mordoa zegoen: Xenpelar, Lizardi, Orixe, Bilintx… eta haietara guztietara joaten ginen. Nerabezarotik gazte izateko tarte horretan Zarautzen ere ibili ginen pixka bat Pello Esnalekin, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Nahikarirekin [Gabilondo]... Haiekin bertsoaldi eta momentu asko bizitakoak eta elkarrekin asko ikasitakoak gara. 15-16 urterekin, salto kualitatibo garrantzitsua egin genuen: Tolosako bertso eskolara joan ginen.
Nolatan?
Orion falta zitzaigun zerbait, erreferentziarik ez geneukan. Herrian baziren bertsolari zaharragoak, baina eskolari zegokionez, Eusebio Lasarte eta Altunakoa izango ziren gure ondoren zeuden bertsolariak, eta tarteka kopla kantari eta ikusten genituenak, baina gu oso gazteak ginen, eta haiekin ez ginen identifikatuta sentitzen, edo ez genuen lortzen zubi lan hori. Hortaz, Tolosako bertso eskolara joan ginen Ibai eta biok, eta han, Jexux Murua izan genuen irakasle. Pila bat ikasi genuen, Tolosaldeko beste bertsolari erramillete zabal-zabal batekin elkartuta. Zarautz eta Tolosa, biak izan ziren salto kualitatiboa ematen lagundu zigutenak; biak izan ziren unibertsitate, nolabait esateko. Amaia Agirre, esaterako, Tolosan ezagutu nuen. Eta gero, oso-oso garrantzitsua, Usurbilgo bertso eskola. Han ere urte pila batean aritu ginen, eta han ere sekulako giroa topatu genuen. Historikoki ere, denboran luze aurrera eginda, Orio eta Usurbil izan dira gure bertso eskola, gure eremu naturala.
Plazei dagokienez, bere garaian asko egindakoak gara Ibai eta biok. Astero-astero bagenuen nonbaitetik deia. Hor tartean Txiskola ETB1eko txiste programa sartu zen, eta horren harira ere etorri zen plaza mordoa.
"Nik sumatzen dut mentalki asko eskatzen eta nekatzen duen lana dela hau"
Sekulako arrakasta eman zizuten Txiskolak, ezta?
Bai. Orioko bi talde iritsi ginen saioko finalera, eta gure taldeak irabazi zuen. Garai hartan telebistak sekulako indarra zuen, benetako indarra zeukan, eta Txiskola programak ere sekulako indarra zeukan. Ikaragarria izan zen: gure plaza kopurua biderkatu zuen horrek. Bizpahiru urtean plaza asko-asko egin genituen. Joaten ginen bertsotara, txisteak kontatzera... Deitzen ziguten bertso afari baterako, eta guk esaten genuen bertsotara joango ginela. Hasten ginen bertsotan, eta gero txistetan amaitzen genuen, eta gero berriz bertsotan, dena nahasten genuen… Emanaldi bat prestatuta geneukan Eusebiok, Ibaik eta hirurok, eta saio asko egin genituen.
Jendaurrean aritzeko erraztasuna betidanik izan duzu, beraz. Eta, gero, komunikazioa ikasi zenuen.
Hori izan zen nire bizitzako kolpe inportanteena; kolpe ona, esan nahi dut. Nire bizitzako mugarria izan zen unibertsitatera joatea. Ni norabide batean nindoan, eta unibertsitatera joan nintzenean, norabidea aldatu nuen 180 gradu.

Zer zentzutan?
Zentzu onean. Ni aurrera nindoan nire bertso asunto horrekin, afizioz, eta hainbat igeltserotza enpresatan lanean ibilia nintzen eta Orioko Makazaga igeltserotzarekin jada urte batzuk neramatzan lanean. Bizitza horretan sartuta nengoen. Gero igeltserotza utzi, eta produkzioko fabriketako munduan sartu nintzen, Goi Mailako titulu bat atera nuelako Usurbilgo Lanbide Eskolan, elektrizitatea, makina erreminta eta elektropneumatiko arloan. Itziarko fabrika batean hasi nintzen lanean eta kontratu iraunkorra egin zidaten han. Garai hartan garrantzia ematen zitzaion horri; gainera, etxeko hipoteka batean ere sartuta banengoen… Bizitza, esaten dizkiguten mezuen arabera, ordenatzen hasita nengoen. Eta, bat-batean, etorri zen nire bizitzako aldaketa: unibertsitatera joatearen erabakia.
Erabaki kontzientea izan al zen?
Oso kontzientea, bai. Nik agian ez nuen gehiegi sinesten neure buruarengan, baina ezagutu nuen Oskia [bikotekidea] 2000. urtean, 24 urte nituenean, eta bereziki oso pertsona inportantea izan zen –Ibai ere bai, baina Oskia batez ere– unibertsitatean ikastera animatzeko. Esan zidan: 'Zuk ikasi egin behar duzu. Karrera bat egin behar duzu eta unibertsitatera joan behar duzu'. Izan ere, baneukan Lanbide Heziketako titulua eta bizitza bat, baina ez nintzen zoriontsua, ez nintzen ari benetan gustatzen zitzaidana egiten. Egiten nuena ondo egiten nuen, langile ona nintzela uste dut, baina barruan neukan hori oraindik deskubritu gabe neukan.
"Ziur aski etorriko da beste olatu bat Errikotxiatik belaunaldi berriekin"
Unibertsitatera adin horretan sartzeko ere proba egin beharko zenuen, ezta?
Bai, lan asko egin behar izan nuen, baina ez nintzen 5era iritsi; ez nuen gainditu. Erreklamazioa jarri nuen, bertsotan, bada ez bada, eta falta zitzaidan hori igo zidaten 5era; horri esker sartu nintzen unibertsitatean.
Argi zeneukan ikasketak komunikazioaren edo kazetaritzaren aldetik egingo zenituela?
Garbi-garbi. Komunikazioa aukeratu genuen, eta inportantea izan zen ondo aukeratzea. Gogoan dut bizitzan aurreneko aldiz gelditu egin nintzela. Ordura arte tapa-tapa-tapa nentorren. Han, gelditu egin nintzen. Gogoan dut gelan sartu eta ingurura begiratzen nuela. Ez nuen sinesten han nengoenik: irakasleak hizketan, eskolak ematen, eta ni flipatzen, gozatzen. Esandako guztia esponja batek bezala xurgatzen nuen, dena sartzen zitzaidan: euskarako klaseak, Mariano Ferrer zena kazetaritzaz hitz egiten… Esperientzia oso zirraragarria eta indartsua izan zen niretzat. Egunero etxera joaten nintzen ume txiki bat bezala. Esaten dutenean unibertsitateak unibertso baterako ateak zabaltzen dizkizula, niri behintzat hala ireki zizkidan. Baina uste dut adina inportantea dela. Ingurura begiratzen nuen, eta 18 urtekoak ez nituen lerro berean ikusten. Nentorren tokitik eta nentorren ibilbidetik nentorrelako, esan nuen niri hura gustatzen ari zitzaidala; pasada bat izan zen hura.

Unibertsitatetik, irratira.
Praktikak Bertsozale Elkartearen Lanku bertso zerbitzuan egin nituen; urtebete egin nuen eta pila bat ikasi nuen, eta bertso-antzezlan bat ere egin genuen, Ibai eta Gorka Toloxarekin. Inaxitoren hiru antzezlan egin genituen: Inaxitoren ametsak; 1,2,3 Inaxito eta Galtzagorriei to, Inaxito!. 250 emanaldi egin genituen urte gutxitan, hor sartu ginen beste zurrunbilo batean… Unibertsitateko azken urtean, berriz, Euskadi Irratiko praktiketan apuntatu nintzen, eta hor ere uste dut adinak edo esperientziak eman zidala berea. Nik baneukan beste toki batean izena ematea, baina jada banekien zer nahi nuen. Karkaran egin nitzakeen praktikak, adibidez, baina gehiago tiratzen zidan ahozkotasunak, hitz egite horrek. Euskadi Irratian hartu ninduten, eta hor joan nintzen pan-pan-pan-pan… gaur arte.
Hitz egitea, ahozkotasuna… aipatu dituzu. Bai irratian, bai telebistan, hitza da kazetariaren erreminta nagusia, baina desberdina da entzuleentzat edo ikus-entzuleentzat jardutea, ezta?
Oso desberdina. Profesional gisa, irratian zuk kontrolatzen duzu produktua hasieratik bukaerara: zuk deitzen diozu elkarrizketatuari, zuk kontrolatzen duzu aurreprodukzioa, alegia, zeri buruz hitz egingo den, zuk hartzen dituzu zure apunteak, zuk egiten duzu elkarrizketaren gidoia, hitzordua zuk jartzen duzu pertsona horrekin, pertsona hori etortzen da irratira egun horretan eta harrera zuk egiten diozu, elkarrizketa zuk egiten diozu estudioan edo programak ahots nagusi bat baldin badu, eta normalean izaten du, bion artean egiten diozue elkarrizketa. Telebistan, aldiz, kate-begi bat gehiago zara, nahiz eta guk Biba zuek! saioan gionizatu ere egiten dugun, eta ez dut harrokeriaz esaten, baina hala da.

Kontatu nolakoa den zure lanegun bat Euskal Telebistan.
Normalean aurkezleak etortzen dira, gidoia hartzen dute, irakurtzen dute, aurkezten dute, eta etxera joaten dira. Gu goizero-goizero 11:30ean etortzen gara, bileran parte hartzen dugu, lankide guztiak ezagutzen ditugu, entzuten dugu nolakoa izango den egun horretako programa, eta guk ere gionizatzen ditugu. Programak bi ordu ditu, lehendabiziko ordukoak guk ere gidoi bihurtzen ditugu, eta bertsoa ere guk egiten dugu egunero, eta gero, aurkeztu egiten dugu. Esango nuke egiten ditugula aurkezle soil izatetik kanpora dauden beste gauza batzuk ere.
Zein da arrazoia? Perfekzionismoa, kontrol nahia, gaitasuna, konpromisoa…?
Gaitasunik edukiko ez bagenu ez genuke egingo, baina nik konpromisoagatik dela esango nuke. Aurkezle izateko modu desberdinak daude: etor zaitezke makillajera, eta erredakzioko lagunekin egon gabe zuzenean platoan sartu gidoia irakurtzeko eta programa hasteko. Hori da aurkezle mota bat. Gu goizean etortzen gara eta taldean integratuta gaude. Ezagutzen ditugu gidoilariak, produkziokoak, ediziokoak, errealizadoreak… Bakoitzaren izen-abizenak badakizkigu eta zer funtzio dituzten, denok elkartzen garelako. Engranaje horretan, guk ere gure lantxoak egiten ditugu, eta gero aurkeztu egiten dugu. Iruditzen zaigu programari horrela gehiago ematen diogula, eta era horretan, guk ere programa gehiago bizi dugu, gehiago kontrolatzen dugu… Hori bai, eguna hemen igarotzen dugu. 11:30ean etorri eta 20:00 arte hemen gaude egunero-egunero.
Eta jada egin dituzue milatik gora saio…
Bai, uste dut 1.071.a dela gaurkoa [uztailak 4]. Beraz, konpromiso handia da, eta ordu asko dira.
Etxean zer esaten dizute?
Ohitu dira jada. Gainera, ordu asko dira, baina azkenean, 11:30etik 20:00etara, gainontzeko gizakiak bezala, ezta? Zortzi ordu lanean gehienok pasatu beharko ditugu, eta guri hau tokatu zaigu, eta ez gara kexatuko. Baina hori esaten dut, jendeari iruditzen zaiolako bi ordu bakarrik egiten ditugula lan, alegia, programak irauten duena; eta ez da hala.
Eta horregatik, edo horregatik ere bai, baina arrakasta izaten ari da programa, eta seigarren denboraldia hasiko duzue laster. Gaur egun, telebistan, ez da oso ohikoa, ezta?
Egia da telebistaren historian ez dela ohikoa. Garai batean bazeuden saio batzuk pantailan urte asko iraun zutenak, Bertatik bertara eta Sorginen laratza, esaterako, eta programa horiek telebistaren historiara pasatuko dira eta gure garunean hor daude. Ekipo horretan sartzen gara gu: Biba zuek! izango da telebistaren historian antenan bospasei denboraldi behintzat egin zituena eta 1.200 atal behintzat edo gehiago egin zituena. Hori bada zerbait. Asko da, eta horrekin gaude oso gustura. Programa oso gurea dela iruditzen zaigu, oso gure edukiak direla, kaleko jende arruntarekin parez pare egoteko aukera ematen digu eta bakoitzaren istorioak, arazoak, pozak eta minak entzun eta konpartitzeko. Horrez gain, euskal erreferentzialtasuna hor dago, batez ere kultur eta kirol erreferenteei dagokienez; banaka-banaka hemendik pasatzen dira, eta luxua da beraiek ezagutzea.
Zeuri zer eman dizu esperientzia horrek?
Nik ez nuen espero telebistako deia. Irratian nenbilen garai hartan, Hitza jolas bertso saioa aurkezten eta Faktoria goizeko magazinean lanean, gustura nengoen, ondo, eta bat-batean, telefono dei bat, telebistako programa pilotu bat egiteko castinga zegoela esanez. Harrituta gelditu nintzen, ez nuen inondik inora espero. Maddalenek eta biok elkarrekin egin genuen castinga, ondo atera zen, eta gaur arte. Inork ez zidan esango, baina begira, bizitza horrela da. Beraz, noiz arte ere, ez dakit. Hori bai, bitxikeria moduan, atzo [uztailak 3] Joxemari Sarasola mediuma etorri zen programara, eta galdetu genion ea ausartzen zen Biba zuek! saioaren aurrean iragarpenen bat egiten, eta esan zuen 2030era arte jarraituko zuela. Beraz, ez dakit hemen jubilatu beharko dugun ala… tira, berak programa esan zuen; gero, programan zein dagoen… badakizu, hemen gauzak asko aldatzen dira, eta…

Kanpotik begiratuta, Maddalenen eta bion arteko harremanak oso erraza eta naturala dirudi. Aurrekoan, Gaztea irratiko Di-da saiokoei esan zenien gai tabu bakarra duzuela: arrauna.
Hori tabu-tabua da eta, gainera, ez gara lotsatzen esateaz. Maddalen hendaiarra [Lapurdi] da baina erdi zumaiarra ere bada, familia du han, eta hortaz, Zumaiako arraun zalea da, eta Hondarribia [Gipuzkoa] ere hor dauka. Nik adarra jotzen diot, komeni zaionean Hondarribia eta komeni zaionean Zumaia dauzkala eta; aurten Zumaiako neskak denboraldi ona ari dira egiten, edo behintzat gora igo dira, eta adarra jotzen diot esanez hortaz aurten gorria izango den ala berdea… komeni zaiola aurten gorria izatea… Bestetik, badakigu Hondarribiak zer urte onak eman dituen azken urteetan, eta berak Oriorekin dauka hor pikea… Hortaz, esan genuen: kito, nahikoa. Ez dugu arraunari buruz hitz egingo.
Arraunzalea bazara, ezta?
Arraun zalea banaiz, betidanik. Arraunlaria, berriz, ez naiz izan. Klubera gerturatu nintzen gaztetan urtebetez, baina ez nuen pauso hori eman. Gure etxean, ordea, arraunlariak izan dira osaba Jose Ignacio Etxeberria, bi Kontxa irabazita ditu, bat Oriorekin 1983ko bandera famosoa eta bestea Zumaiarekin. Begira, hori ere esaten diot Maddaleni txantxetan, beraiek Kontxako bandera bat irabazita dutela gure osabari esker. Josu Sukia nire anaia ere arraunlaria izan zen. Jose Luis Korta Oriora etorri zen garaiak ziren, 1990-1995 inguruan, estropada dezente jokatu zituen Oriorekin, eta Ioritz Etxeberria lehengusua ere urte askoan ibili da Orioko traineruan, orain arte; arraunlari oso-oso ona izan da. Beraz, etxean zaletasuna badugu.
Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzan ere ibili zinen aurreko agintaldian.
Iosu Esnaolak deitu zidan animatuko nintzen galdezka, eta ezin izan nion ezetz esan. Banekien zer etor zitekeen, eta gero etorri zen: errespetu eta karga handiko lana da, baina baietz esan nion, eta lau urte pasatu genituen.
Aurten, gustura.
Gustura, eta gu behintzat, lasai. Gure zikloa egin genuen, eta orain zuzendaritza berria dago eta, alde horretatik, beste era batera bizi duzu eta beste era batera ikusten dituzu gauzak. Aurten, ilusioz. Iruditzen zait zuzendaritza berriak hartu dituela erabaki batzuk ausartak eta badakit herrian bere garaian egon zirela zurrumurruak, aldekoak eta kontrakoak, hori beti ekartzen du Orion arraunak, baina nik, zuzendaritzan lau urte egon eta gero, dakidana da zailena dela erabakiak hartzea, eta errazena dela erabakirik ez hartzea. Beraz, erabakiak hartu egin behar dira; batzuetan asmatuko duzu, eta beste batzuetan, ez. Baina nik argi dudana da zuzendaritzak hartutako erabakiak errespetatu egingo ditudala beti. Hau da beraiek markatutako lerroa, eta aurrera, beraiekin. Ikusiko dugu noraino iristen garen.
Telebista kontuetara itzulita, Biba zuek!-ekin saio asko eta asko egin dituzue. Baduzu gogoan elkarrizketaren bat, izan miresten duzun norbait delako edo pertsona horrek kontatu duenagatik?
Orioko Gukan ari garenez hizketan, umoreari helduta, Katxiña jatetxeko Iñaki [Zendoia] aipatu behar dut. Saiora etorri zen kontatzera nola egin zituen abionetako pilotu ikasketak. Beti gustatu izan zaio motorraren mundua, eta salto egin zuen abionetetara. Kontatu zigun nola gainditu zituen azterketa guztiak eta nola lortu zuen titulazioa. Gero, hainbat gauza kontatu zigun, eta pixa egin genuen berarekin. Bost urte hauetan barre gehien egin dugun momentuetako bat izan zen. Nola kontatzen zuen hegazkinarekin Oriotik igarotzen zenean jendeak kasu egiten ziola, txakolindegi gainetik pasatzen zenean ama ateratzen zela eta gero barrura beldurtuta sartzen zela… Programan denok daukagu Iñaki oso gogoan barre pila bat egin genuelako berarekin eta artista handi bat delako. Oso pertsona ona eta langilea da, eta kontalari graziosoa. Denboraldi hartan, hain zuzen, berarekin abionetan sartuta iragarri genuen oporretara gindoazela.

Hori, umoretik. Kontrakotik ere izango zenuten, ezta?
Bai, kontrapuntua jartzeko, Gozategi taldeko Iñigo Goikoetxea aipatu behar dut. Emaztea ospitalean hil zitzaion; haurdun joan zen erietxera, jaio zen umea, eta handik oso gutxira, ospitalean harrapatutako birusen batek eraginda edo, hil egin zen. Urte asko pasata zeuden hori gertatu zenetik. Guk bagenuen saioan tarte bat Korapiloak deitzen geniona halako gaiez jarduteko. Deitu genion, eta Iñigok baiezkoa esan zigun. Oker ez banago, izan zen publikoki horri buruz hitz egin zuen aurreneko aldia. Bihotzarekin hitz egin zuen. Esan zuen berak ez zeukala inori kulparik botatzeko beharrik, hori gertatu egin zela eta kito. Baita ere esan zigun mina bizi egin behar dela, eta min hori ez baduzu bizitzen inoiz ez duzula jakingo mina zer den, eta behin zure haragitan bizitzen eta sentitzen duzunean, gero nola sendatu behar duzun, nola eman behar diozun buelta, eta berak nola eman zion horri buelta, nola izan zen gai. Izugarrizko lezioa eman zigun denoi. Oso gogoan dut.
Zuen saioan izaten dira halako momentu hunkigarriak. Erraza al da zuzeneko batean emozioak kontrolatzea?
Nik hiru bat aldiz egin dut negar Biba zuek!-en, barrutik. Disimulatu egin behar duzu, eutsi. Baina batean gogoratzen naiz iragarkietara joan ginenean puskatu egin nintzela eta negar egin nuela. Hunkitu ere egiten gara, eta uste dut hori nabaritzen dela; alegia, pertsonak garela gu ere. Aste honetan bertan [uztail hasiera], esaterako, etorri dira bi aita gaixotasun arraroak dituzten beren umeekin. Gurpildun aulkian zegoen umeetako bat, eta besteak etorkizun misteriotsua zeukan, ez zekitelako gaixotasun horren eboluzioa nolakoa izango zen. Beren helburua da ikusgarritasuna ematea errealitate horiei, eta ume bakoitzaren istorioa kontatu ziguten, eta nola elkarte bat sortu duten Zure irrifarra nire indarra izenekoa. Ikusten duzu ze pertsona on dauden munduan, zenbat lan egiten ari diren, batzuei zer tokatu zaien eta hala ere irribarre batekin aurrera nola egiten duten... Horrelako jendeak kristoren indarra ematen dizu. Nik hor ere barrutik negar egin dut, eta kanpotik ere bai pixka bat.
Eguneroko saioa da zuena, bi ordukoa, eta istorio asko kontatzen dituzue. Ematen du denbora hori guzti hori asimilatzeko?
Aitortuko dizut ostiraletan oso nekatuta iristen naizela etxera. Garai batean ostiralak bazuen izaera bat lagunekin ateratzekoa pintxo potera, barre pixka bat egin eta astea amaitu dela esatekoa, baina nik orain ostiraletan barrura begira egon behar dut. Konturatzen naiz buruak eskatzen didala ezin dudala egon pintxo potean zuri entzuten. Ostiraletan kuadrilla batean egotea asko kostatzen zait, esfortzu handia egin behar izaten dut –tarteka egiten dudan arren–. Lasai egon beharra izaten dut, etxekoekin edo gertukoekin, edo emaztearekin. Ostiraletan lasai egon, ondo lo egin, eta kito e, larunbatetik aurrera ondo. Hiru ume ditugu, gainera, eta horrek ere ez dizu askorik uzten, baina behar da deskantsua, nik sumatzen dut mentalki asko eskatzen eta asko nekatzen duen lana dela hau.
Telebistako momentuez eta protagonistez aritu gara. Bertsoen mundura salto eginda, baduzu bertsolaririk edo bertso saiorik azpimarratzekorik?
Betirako geldituko zait gogoan, esaterako, bertso afari baten ondoren Xabier Amurizarekin kantatu izana. Aian izan zen, eta Unai Manterola apaiza ere han zen. Maialen Lujanbiorekin kantatzea ere gauza handia da, baina nire kintakoa denez, niretzat naturalagoa edo normalagoa izan da hori. Andonirekin [Egaña] berarekin ere naturalagoa egiten zait. Beraz, Amuriza aipatuko nuke, ordezkatzen duen guztiagatik.
Ahozkotasuna aipatu dugu behin eta berriz, baina idatzi ere egiten duzu. Azkena aipatzearren, Gure Eskuren abestiari letra zeuk jarri diozu eta doinua Gozategik. Halako lan gehiago egindakoa zara.
Bai, enkarguz aritu gara. Gainera, Asierrekin [Gozategi] harremana betidanik izan dugu Orioko bertsolari batzuek, Ibaik, Iñaki Gurrutxagak eta neuk. Oso gazte ginenetik harekin konpartitu ditugu bere diskoak, bere kantuak… Neuk, haren disko gehienetan jarri izan dizkiot hitzak kanturen bati; Izarraren dizdira kantuari, esaterako. Abesti goxo-goxoa da eta oroitzapen oso onak ditut. Horrez gain Lizarrari gerezi, Goazen urrutira eta beste hainbat ere idatzi ditut Gozategirentzat, eta Kixibille abestia, berriz, Ibairen eta bion artean egin genuen. Talde gehiagori ere egin izan dizkiot abestiak: Usurbilgo Iñorkiñak taldeari egin dizkiot pare bat, eta herrira jota, Imanol Urkizurekin izan dut harremana, baita Iratzekin [Urkizu] ere.
Bestela, baduzu idazteko ohiturarik, izan bertsoak, izan prosa?
Bere garaian askotan aurkeztu izan nituen bertsoak Orioko literatur lehiaketara, semeek ere bai, eta Orio mende bat bertsotan liburua ere idatzi genuen. Nik, esaterako, irratia idaztearekin asko lotzen dut. Irratian esaten den guztia normalean idatzi egiten da. Gainera, irratian baneukan tarte bat Hitzen abizenak izenekoa, eta egunero-egunero gogoeta bat egiten nuen zerbaiten gainean. Hori, azken batean, zutabe bat idaztea bezalakoa zen. Testu bidez hitzekin jolaste hori asko gustatu izan zait beti.
Ikasturte berrirako asmorik edo helbururik?
Telebistan, irratian edo dena delakoan, baina lanarekin gozatzea eta euskaraz lanean jarraitu ahal izatea. Hor ikusten dut neure burua, ez dut beste era batera irudikatzen.