Udazkenerako joerak

Jon Alkain 2025ko urr. 4a, 09:00

Udazkenerako joerak. (Vogue)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Jon Alkain diseinatzaileak iraileko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Datorren udazkenerako joerei errepaso bat ematen hasita, ikus dezakegu denboraldiko kolorea marroia izango dela. Arropen estrukturari erreparatuz, diseinu asko mantendu egingo dira, besteak beste, sorbaldakoak. Estanpatuen artean karratuak nagusituko dira, eta urteko azken sasoi horretan gero eta indar handiagoa hartuko dute. Hau nire intereserako ondo datorkit, izan ere, asko erabiltzen ditut nire egunerokoan.

Parpailadun diseinuak ere itzuli egingo dute, batez ere emakumeentzako arropetan. Ehun mota hori gehiago erabiltzen da emakumeen diseinuetan, baina esan beharra da, modari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak ez direla hain nabariak gaur egun. Nire ustez, genero lanketa handiagoa egingo da udazkenean eta datozen urteetan, eta nik ere horixe sustatu nahi dut nire diseinuekin. Uste dut gero eta kontzientzia handiagoa dagoela generoaren inguruan modaren munduan.

Arropen koloreei dagokionez, ez dira oso indartsuak izango, ez baitatoz kolore biziak. Izan ere, kolore gehienak neutralak eta egunerokotasunean janztekoak izango dira. Gainera, pasareletan look-ak muntatzerakoan edota estilismoa egiterakoan, erraz konbinatzeko koloreen aldeko apustua egin dutela nabari da. Ez dira kargatuak izango kolore ezberdinen arteko konbinazioak.

Bestalde, diseinatzaile handien bildumetan ikusi dugun beste tendentzia bat Balmoral estiloa da. Nik deskribatzen dudan bezala, "Elisabeth II.a landa eremuan" inspirazio hartuta. Hainbat elementuk islatzen dute estilo hori, besteak beste karratuek, eskoziar estanpatuek, amerikanek edota bota altuek. Beste hitz batzuetan, ehizarako dirudien konjunto bat. Erreferentzia horiek Dior bezalako etxeek erakutsi dituzte.

Amaitzeko, beste urteetan bezala, animal print-a –animalia estanpatua– ere presente egongo da, baina oraingoan iaz baino finagoa izango da, baita konbinatzeko neutralagoa ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide