Iraila iritsi da, eta horrekin batera, gehienentzat baita errutinara eta benetako bizitzara itzultzea ere. Errutinara sartzearekin batera emozio desberdinak sor daitezke, hala nola ezagutzen ditugun jarduerekiko nagia, etapa berriekiko beldurra, aldaketen aurrean tristura, aukera berriek dakarten ilusioa... Gainera, pertsona batzuek opor osteko sindromea paira dezakete, lanera itzultzeko egokitzea oztopatuko duten kontzentrazio arazo eta egoera animiko baxuarekin. Sindrome bezala sailkatzen duten arren, egoera iragankor eta arrunta kontsideratzen da. Zehazki, zaurgarriagoak izango dira sindrome hori pairatzera norbere lanpostuan gustura ez dauden pertsonak edo lan prekarietatea jasatzen dutenak. Beraz, lanpostura bueltatzeak sor dezakeen ezinegona ez da arazo indibidual bezala sortuko, testuinguruko baldintzek eragindako arazo bezala baizik.
Egunerokotasuna erritmo izugarrian bizi dugu; milaka betebeharrekin eta eskakizunen karga handiarekin. Beraz, ez da gauza berri edo ezezaguna errutina edo egunerokotasuna bizimodu estresagarri baten barruan aurreikustea. Estres eragile horiei aurre egiteko, pilotu automatikoa pizten dugu, sistemaren eta gizartearen eskariei erantzuteko eta bizimoduaren abiadura jarraitu ahal izateko. Nahiz eta hemen eta orainean ez bizitzeak bizitza betea izatea zailduko duen, zientziaren ikuspegitik errutinan murgilduta egoteak hainbat abantaila ekar ditzake, horien artean egunerokotasunarekiko kontrol zentzua eta egonkortasun emozionala.
Estresik gabeko bizitza ezinezkoa da, baina gugan duen eragina landu eta hobetu dezakegu autozaintzaren bitartez. Autozaintza dira ongizate integrala indartzen duten jarduerak, eta nahitaezkoa da bizimodu osasuntsua sustatzeko.
Atzera begiratuz, udan edo oporretan fokua jarriz gero, garai horietan zerk sentiarazten gaituen ondo galdetu diezaiokegu geure buruari. Udak berezko onura ekartzen du? Ala denbora libre horretan egiten dugunak sortzen digu eragin positiboa? Garrantzitsua izango da udan ondo sentiarazi gaituzten jarduerak eguneroko bizitzan mantentzen saiatzea.
Jarduera horiek ez dute zertan gastu ekonomikoa edo berrikuntza handirik suposatu, jarduera sinpleek ere onura ekar diezagukete. Bakoitzak jarduera atsegin propioak izango ditu; funtsezkoa da horiek aurkitzea. Hori autozaintzaren barruan zehaztuko genuke. Izan ere, hainbat autozaintza mota dago: autozaintza fisikoa, emozionala, kognitiboa eta soziala. Autozaintza fisikorako adibidea atsedena izan daiteke, ezer ez egite horretan asko egiten ari garelako. Aldi berean, kirol jarduerak egitea ere autozaintza fisikoa litzateke. Autozaintza emozionalari dagokionez, eguneroko bat eduki dezakegu emozioen identifikazio eta adierazpena sustatzeko. Autozaintza kognitiboan, irakurri edo estimulazio kognitiboa sustatuko duten ariketak egin ditzakegu. Azkenik, lagunekin denbora igarotzea autozaintza soziala litzateke.
Ordutegiak estuak dira, lanean ordu asko pasatzen ditugulako, eta familia zein etxearen zaintzan beste hainbeste; baina, ondo sentiarazten gaituzten jarduerak mantentzea beharrezkoa izango da aingura bezala funtzionatu dezaten eta astean zehar emozio atseginak eragingo dituzten momentuak izan ditzagun. Errutinaren bueltan betebehar guztiekin ezin izango dugula senti dezakegu, eta hori ere ondo dago. Agian, hainbeste zama hartu behar ez ditugunaren eta gure osasun mentala zaintzen hasi behar dugunaren seinale izan daiteke.