Herriari begirada berri bat emateko unea iritsi da

Julene Sorarrain 2025ko ira. 23a, 14:45

Orion dauden begirada ezberdinak jaso ditu udalak eta Eihera kooperatibak elkarlanean sortutako Hezkidetza Diagnostikoak.

Orioko Udalak, Eihera kooperatibarekin eta herriko eragileekin elkarlanean landu duen Orioko Hezkidetza Diagnostikoa aurkeztu zuen pasa den ostiralean. Pilliku plazan egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta hainbat izan ziren hitzaldia entzutera gerturatu zirenak. Hala ere, bertan egon ezin izan ez zutenek, dagoeneko eskuragai dute diagnostikoa online Gukoriori.eus atarian, Berdintasunerantz atalaren barruko Hezkidetza Mahaiaren barruan.

Kattalin Miner Eihera kooperatibako teknikaria arduratu zen aurkezpen lanak egiteaz ostiralean, Miriam Garcia eta Aizpea Esnaola Saregile emakumeen etxeko arduradunekin batera. Hala, hainbat gonbidatu ekarri zituzten hitzordura, bakoitzaren ikuspegiak partekatzeko eta herriko errealitate ezberdinei ikusgarritasuna emateko helburuarekin.

Orioko Herri Ikastolako Ainara Peña eta Bakar Oliden eta Zaragueta Herri Eskolako Ainhoa Zumeta eta Belen Aberasturi izan ziren hitza hartzen lehenak. Bi ikastetxeetako zuzendaritza taldeek beren kezkak eraman nahi izan zituzten argitara. Ordezkariek azaldu zutenez, askotan pisua ikasleengan jartzen dela uste dute, "ikasleak gaur egungo gizartearen isla besterik ez direnean". Bestalde, estrukturalki ezarrita dauden botere harremanei begira, inolako aldaketarik eman nahi bada, hezkuntzaren alorra ez ezik, "estruktura guztia" aldatu beharra dela argudiatu zuten. DBH mailako ikasleen diskurtsoak "gero eta bortitzagoak" direla ere azpimarratu zuten, eta halaber, norberak "bere autozaintza" egiteko zailtasunak dituela ere nabaritu dute. Aldi berean, herritarren iritziak eta kezkak liburu batean jasota egoteak, "gaiak duen pisua" ikustea ahalbidetzen du, eta "gidalerrotzat" balioko duela uste dute datozen pausoak ematerakoan.

Herriko egoerak, agerian

Hezkuntzaren alorretik Orioko Herri Mugimendura egin zuten salto, Nadhet Arrutiri, Ainara Zamakolari eta Ekhi Gozategiri hitza emateko. Hiru gazteen ustetan, "frustragarria" izan da azken urteotan herrigintzan aritzea, izan ere, Orio "oso tradizionala" dela iritzi diote, eta arrauna bezalako kirol batek herri oso bat mugitzen duen heinean, arazo sozialak aldarrikatzerako orduan "lau katu" bakarrik direla pentsatzen dute. Halaber, herri mugimenduaren parte izateak herrian "konnotazio negatiboa" duela diote, jendeak mugimenduaren barruan dauden askotariko eragileak ezberdintzeko zailtasunak ere badituela ondorioztatuz. "Gehiago neurtzen da gure erantzuna, kritikatu nahi dena baino. Horrek hegalak mozten dizkigu, eta aldi berean, fokua arazotik aldentzen du".

Orion egindako lanketa prozesuan zehar, kirolak herrian duen garrantziaz ere konturatu da Miner, batez ere arraunak duen eraginean. Eihera kooperatibako ordezkariak aitortu duenez, arraunak zeresan handia sortu zuen diagnostikoa egiterako orduan, eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzarekin zenbait bilkura egin zituzten, oro har, bertako emakumeek bizi dituzten arazoak eta kezkak mahai gainera eramateko. Puntu horretaz hitz egiteko gonbidatu zituzten arraun klubeko Itxaso Azkonobieta eta Nagore Iturralde, aurtengo denboraldian emakumeen trainerua osatu duten arraunlarietako bi. "Behar handi bat genuen bizitzen genuena gure etxetik kanpo kontatzeko". Hezkidetza diagnostikoaren lanketak beraien "egoeraz jabetzeko" balio izan diete klubeko emakumeei, aitortu dutenez. "Ekonomikoki ezberdintasun eta mespretxu asko jaso ditugu. Gainera, inbertsio handia egin da gizonezkoetan, eta guri, aldiz, sentiarazi digute ez garela arraunlari, guretzat arrauna hobby bat izango balitz bezala, eliteko kirolariak izan arren”.

Hori ez ezik, aurten batez ere, emakumeen arraunean "atzerapauso handiak" eman direla salatu dute, eta hori ez dute onargarritzat jo. "Jasan ditugun egoerek eta iruzkinek, gure errendimenduan ez ezik, ongizate psikologikoan ere eragina izan du". Hala ere, argi utzi dute gizonekin egindako apustua ez dutela gaizki ikusten, baizik eta "batzuei eskua zabaldu" bazaie, besteei ezin zaiela "zapaldu". Amaitzeko, herritarren babesa eskertu zuten bi arraunlariek, "guztiz beharrezkoa" izan baita kirolarientzat azken denboraldi honetan.

Aurkezpena birbiltzeko, Gazteon Ahotsa taldeko Maddi Etxeberria eta Beza Ijurko gonbidatu zituzten azken hitza hartzera, hain zuzen ere, herriko zenbait gaztek bizi duten egoerari ahotsa eman nahian. Bi ikasleek, aurretik beren irakasleek egindako iruzkinen harira, guztia ez dela "zuri ala beltz" argitu zuten. "Egora larria izan arren, ez du esan nahi gazte guztiok pasibotasun egoeran gaudenik, ezta gazte guztiok matxistak garenik ere". Nolako etorkizuna nahi duten galdetzerakoan, "azken urteetan sortu den banaketa amaitzea" espero dute.

Anuska Esnal alkateak, amaitzeko, diagnostikoak jasotzen dituen "begirada guztiak" kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta hortik abiatuta, "herriari beste begirada bat emateko ordua" iritsi dela esan zuen.

Balorazio positiboa

Laburbilduz, askotariko gaiak jaso dituzte diagnostikoan, "hitz egiteko errazak ez diren bizipen, sentsazio eta errealitateak". Horregatik, aurkezpenean parte hartu zutenek positibotzat jo dute egindako lana, "entzunak izateko eta Orio bizigarriago bat egiteko bidean urrats garrantzitsua" egin dela uste baitute. Hori horrela, iaz abiatutako lanketa prozesua borobildu da, eta datozen urratsak martxan jartzeko oinarriak ezarri dituzte.

Ur bazterretik Orioko Hezkidetza Diagnostikoa sortzeko prozesuan guztira 114 herritarrek hartu dute parte, norbanako gisa zein elkarteren bat ordezkatuz. Udalaren eta Eiheraren ikuspegitik, prozesu parte hartzailea oso handia izan da, eta egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin "pozik" daude. Diagnostikoaren liburuxka Eneritz Ibarrak diseinatu du, eta azala Neska gazteak feminismorantz! lantaldeko Ingrid, Natalia, Noa eta Uxueren laguntzarekin osatu dute, eta eskuratu nahi dutenek, udaleko bulegoetan, Kultur Etxean eta Saregilen har dezakete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide