Euskal arrantzaleen jardunari buruzko hitzaldia eskainiko duzu gaur, Orioko Udalak antolatutako Parrilla Festa jaialdiaren barruan. Zertaz arituko zara?
Hitzaldiak Zer eta nola arrantzatzen da gure itsasoetan? izena du, eta bertan Bittor Dorronsoro eta Miguel Uranga patroi erretiratuak eta ni neu izango gara, baita Ekaitz Apraiz Donostiako Itsas Etxea kofradiako kudeatzailea ere. Ni aurkezle lanetan arituko naiz, eta hainbat zatitan banatuko dut hitzaldia. Hasteko, gaur egungo eta duela 40 urteko ezberdintasunez arituko gara; besteak beste, ontzien berrikuntzaz, arrantzarako material berriaz, eta oro har, denbora pasatu ahala baporeek izan duten bilakaeraz. Bestalde, kosterak nola antolatzen diren ere azalduko dugu: martxoan hasten dugu jarduna, berdela harrapatuz; martxotik ekainera arte, aldiz, hegaluzea eta hegamotza harrapatzen aritzen gara; eta azkenik, urteari amaiera emateko, urritik abendura arte, sardina bila ateratzen gara.
Arrantzaleen bizimoduaz ere arituko zarete.
Hori da. Hitzaldiarekin amaitzeko, arrantzaleen egunerokoaz arituko gara. Nik uste nuen oriotarrek bazutela itsasoko bizimoduaren berri, baina gazte jendeak, bereziki, ez daki itsasoaren munduak nola funtzionatzen duen. Horretarako, gure bizimodua itsasoan nola den azalduko dugu, baita beste hainbat bitxikeria ere.
Bertaratzen direnek ere parte hartzeko aukera izango al dute?
Noski. Hitzaldian zehar galderak egiteko aukera izango dute entzuleek, hain zuzen ere, hori da bilatzen duguna jarduera honekin: jendearen parte hartzea eta entzuleen zalantzak argitzea. Gu ez gara telebistako aurkezleak, arrantzaleak baizik, eta herritarrekin elkarrizketa bat sortu nahi dugu gai honen inguruan. Hortaz, gaian interesa duten guztiak gonbidatzen ditugu arratsaldeko saiora.
"Gazteek ez dakite itsasoaren munduak nola funtzionatzen duen"
Zu arrantzalea izan zara urte askoz. Zer iruditzen zaizu udalak aurten antolatu duen egitasmoa?
Oso egokia iruditzen zait. Bizpahiru egunez arrain errea sukaldatzeko eta dastatzeko aukera izango da, baina prestatu duten egitaraua haratago doa. Esaterako, hegaluzea poteratzeko erakustaldia ere antolatu dute, baita arrantzaren kultura transmititzeko beste zenbait hitzaldi ere.
Nola jarri ziren harremanetan zuekin?
Gipuzkoako kofradia guztiek osatzen duten federazioak Donostian du egoitza nagusia, eta bertako komunikazio arduradunak hitzaldia ematera animatu gintuen.
Hitzaldiaz gain, haurrentzako arrantza ikastaroa ere antolatu dute.
Itsas Etxea kofradiak eskainiko du ikastaroa eta Izan arrantzale izena du. Kofradiako lauzpabost ordezkari bertaratuko dira Oriora, arrantzarako beharrezkoa den materialarekin, eta haurrek arrantzan egiteko aukera izango dute. Ekintza ona iruditzen zaigu gaztetxoenentzat; izan ere, gu horrelaxe hasi ginen, eta bateren bati agian itsasorako grina piztuko zaio.
Herrian gero eta bapore gutxiago ikusten dira. Nolako bilakaera ari da izaten arrantza?
Egoera zaila da. Urte txarrak izan ditugu, eta lehorrean diru gehiago irabazten hasi dira. Hortaz, askok itsasoa utzi eta lehorrerantz jo dute. Ondorioz, titulua duen jendea –patroiak eta mekanikariak, esaterako– galdu egin da, eta lanbidearen transmisiorik ez dago gazteen aldetik. Badaude arrantzaleak, baina baporeak eramateko prest daudenak ez hainbeste. Eten bat egon da transmisioan, eta pena da, zeren azken hogei urteetan arraina ondo ari gara harrapatzen eta langileek soldata onak dituzte. Hala eta guztiz ere, dagoeneko berandu da nire ustez. Gazteak ez dira Pasaiako [Gipuzkoa] itsas eskolara joaten patroi titulua ateratzera, eta beste ikasketa batzuk aukeratzen dituzte. Aurreko egoerara itzultzea oso zaila ikusten dut; ez da itsasoak ez duelako nahi adina ematen, baizik eta tituludunak falta ditugulako.
Beste alde batetik, nolako balorazioa egin duzue aurtengo kosteren inguruan?
Kosterak oso ondo aritu dira aurten. Esaterako, sareekin aritzen diren ontziek berdelen kuota osoa harrapatu dute. Antxoaren kasuan, kuotaren %95 harrapatu dute, eta prezioa iaz baino garestiagoa izan da, aurtengo antxoen tamaina handiago izan delako. Hegaluzearen denboraldia, esaterako, oso ondo hasi zuten, baina duela hamabost bat egun etorritako denboraldi txarraren ondorioz, etenaldi handia ari dira izaten. Oraingoz, hegaluzeen kuotaren %60 dute harrapatuta. Hala ere, balorazioa positiboa da.