2007. urtean inauguratu zuten Orioko kirol portua, 61.000 metro koadro pasatxo dituen espazioa, horietatik 20.000 uretan, eta beste 40.000 lehorrean. Hogei urte ere ez ditu bete, baina herriko paisaiaren parte garrantzitsua da egun. Urte osoa egoten da zabalik, eta landareak nola, portua ere udaberrian hasten da loratzen, ontziak udarako prestatzeko lanketari orduan ekiten baitiote. Maiatzean eta ekainean ez da mugimendurik falta izaten pantalanean nahiz bulegoan, eta sasoi horretan gerturatu da Guka belaontzi, yate eta motor artera.
Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzaren menpeko Euskal Kirol Portuak (EKP) erakundeak kudeatzen ditu kirol portuak, eta Luis Forcada azkoitiarra da ustiapen arduraduna. Hark azaldu du kirol portua ia ireki orduko bete zela ontziz, eta gaur egun "itxaron zerrenda handia" duela. 296 ontzirentzat du tokia portuak. Erabiltzaileetako asko oriotarrak dira, baina badaude zarauztarrak, donostiarrak eta barrualdeko eskualdeetakoak ere.
Forcadak hainbat lankide ditu portuaren eguneroko martxa ziurtatzeko: Isabelek egiten ditu harrera eta administrazio lanak EKPren portuko eraikineko bulegoan, eta huraxe da herritarrek gutxien ikusten dutena aurrera eta atzera. Peto laranjak jantzita gelditu gabe aritzen direnak, berriz, Aizpea eta Felix marinelak dira; mantenu lanak egiteaz arduratzen dira, baita garabia erabiltzeaz ere –itsasontziak altxatu eta konpontzeko eta berriro uretaratzeko erabiltzen dute garabia–. Txandaka egiten dute lan horiek eta, gauez, gauzainak dituzte. "24 orduko zerbitzua dugu", zehaztu du ustiapen arduradunak.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)
Ontzijabeek hainbat zerbitzu dituzte; besteak beste, gasolina eta gasoleoa hartzeko tokiak, ontzientzako uraren eta argindarraren harguneak, ontzia mugitzeko garabi berezia, autoentzako aparkalekua... Portuan amarratzerik ez daukaten itsasontziak gordetzeko tokia ere badute negu parterako. Kirol portu ondoan, autobideko zubi azpian daude bai aparkalekua, bai ontzientzako gordelekua. "Amarratzeko aukerarik ez duten itsasontziak lehorrean utz daitezke neguan, azarotik apiril-maiatzera arte, eta joan den neguan ia beteta eduki dugu; hogei ontzirentzako tokia dago, eta bakarra egon da hutsik", azaldu du Forcadak.
Kirol portuan hiruzpalau enpresa pribatu ere ibiltzen dira ontziak konpontzen eta horiei mantenu lanak egiten. Batzuk herrikoak bertakoak dira. Mekanika lanak, poliester eta arotz lanak... itsasontzi batek behar duen guztiaz arduratzen dira horiek.
Berrikuntza nagusiak eginda
Portuaren egoera ona dela uste du Forcadak. Izan ere, azken urteetan dezenteko astindua eman diote instalazioei, eta azkoitiarrak uste du hurrengo urteetan ez dutela inbertsio handirik egiteko beharrik izango. Batetik, errioarekin batera, kirol portua ere dragatu egin zuen Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak 2018an, eta pantalaneko zoru osoa ere berrituta dute. "Lehengoak egur normala zeukan, eta oraingoak, berriz, egur teknikoa deritzon materiala, konpositezkoa", hobea, kirol portu baten ezaugarrietarako.
Iazko urrian, berriz, uraren eta elektrizitatearen zerbitzu dorretxoak berritu eta automatizatu zituzten, eta orain, sakelako telefonotik kontrola daitezke, bertara joan beharrik izan gabe, eta eguzki plakak ere jarriak dituzte, EKPren eraikineko energia beharrei erantzuteko.
Kirol portu guztiek zerbitzu berak eskainita ere, naturak eta toki bakoitzeko orografiak garrantzia handia izaten dute portuetan. Orioko kasuan, Forcadak uste du "toki ederra" dela eta "ur bareak" direla. Izan ere, esan du denboralea sartuta ere itsasontziak ez direla mugitzen, eta horregatik, "ontzientzat babesleku oso ona" dela iritzi dio. Forcadarentzat, autobidea ondoan edukitzea ere garrantzitsua da, "herritik kanpokoentzat oso erosoa delako sartu-irteera".
Muskuilu Harria, erabiltzaileen lagun
EKP arduratzen da kirol portua kudeatzeaz, baina gune horretan bada beste eragile garrantzitsu bat ere: Muskuilu Harria elkartea. Ontzi jabeen eta EKPren arteko bitartekari lanak egiten ditu, eta portuan bertan du egoitza. Luis Azkuek urte asko daramatza elkartean, eta 80 urterekin lehendakari izateari utzi bazion ere –Andoni Alkorta da gaur egun lehendakaria–, goizero paper artean pare bat ordu gutxienez egiten ditu elkartearen egoitzaren bulegoan.
Orain 23 urte sortu zuten elkartea, 2002. urtean, artean kirol portua egin gabe zegoela. Aurreneko zuzendaritzako bi kide bakarrik bizi direla esan du Azkuek; bera, eta Juanito Manterola. "Errioko ontzien beharrei erantzuteko sortu genuen elkartea, eta gero, kirol portua egin zutenean, han behar batzuk zeuden eta kirol portuan beste batzuk, eta gu kirol portukoetan murgildu ginen; errioko ontzijabeak independizatu egin ziren, baina laguntzen diet", kontatu du. Erabiltzaile bezala kirol portua egitea beharrezkoa iruditu zitzaion galdetuta, ez du ez baiezko ez ezezko argirik erantzun: "Tira, errioan ez ginen kabitzen, eta, gainera, ikusten da zer fundamentu dagoen; batzuek ondo zaintzen dute beren ontzia, baina beste batzuek hantxe uzten dute hondoratzen bada ere; kirol portuan, berriz, derrigorrez asegurua eduki behar da, ontzia erremediorik gabe hondoratzen bada, 24 orduko epean kendu behar baita handik. Beste errespetu bat dago", esan du.
Diru kontuak ere aipatu ditu, ez baita merkea ontzia portuan amarratuta edukitzea. "Neuri urtean 2.000 euro kostatzen zait soilik amarratzea, eta nire ontzia ez da handia; askok ordaintzen dute 3.000 eurotik gora", esan du. Forcadak datu zehatza ere eman du: erabiltzaileek eguneko zenbateko bat ordaintzen dute, beren itsasontziaren tamainaren arabera. Zehazki, 0,23 euro da metro koadroko (luzeera eta zabalera kontuan hartuta).
Muskuilu Harria elkarteak 140 bazkide ditu, eta horietatik 95 dira kirol portuan duten elkarte gastronomikoko bazkide. "Itxaron zerrenda daukagu, baina toki nahikorik ez dago guztientzat", azaldu du Azkuek.
Elkarteak edo, behintzat Azkuek, batez ere ontzien dokumentazioarekin laguntzen die elkarteko ontzijabeei. "Frantzian eta beste herrialde batzuetan oso sinpleak izaten dira dokumentazio kontuak, baina hemen, asko konplikatzen da gauza, eta gainera, ordu asko behar dira, Pasaiara ere joan behar delako paperak entregatzera", azpimarratu du. "Jendeak lan egiten duenez, esaten diet neuk egingo ditudala tramite horiek", kontatu du apaltasun osoz. Erreportajean bere argazkirik agertzerik ere ez du nahi izan. "Ahal dudan neurrian laguntzen saiatzen naiz", gaineratu du.
Bestelako lanak ere egiten ditu elkarteak. Esaterako, udan Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean bi irteera egiten dituzte hegaluzeari markajea egiteko. "Atunak hartzen ditugu, lehorrera ekarri, markatu eta berriz uretara botatzen ditugu", kontatu du. "Teknika eta espezializazio pixka bat behar da, baita denbora ere, eta horretan, behintzat, laguntzen dugu". Urte askoan, angulekin ere gauza bera egin izan dutela gogoratu du.
Urtean pare bat arrantza lehiaketa ere antolatzen ditu elkarteak: umeekin, esaterako, urtero egiten dute arrantza txapelketa sanpedroetan. Arrainak hartu, pisatu, eta berriz uretara askatzen dituzte, bizirik. Arrain txikien lehiaketa ere egiten dute helduentzat Santio egunez, uztailaren 25ean, kirol portuko beren egoitza aurrean. "Zarauzko Urpekoak elkartekoekin batera antolatzen dugu eguna. Goiz-pasa egiten dugu, eta lehiaketaren amaieran, aurten omenaldi txiki bat ere egingo diogu orain hiruzpalau urte urpeko arrantzan zebilela hemen ito zen gazte zarauztar bati", jakinarazi du.
Zainketa asko behar duen zaletasuna
Ikusgarria da Orioko kirol portuaren ikuspegi orokorra. Tamaina eta estilo ugariko belaontzi eta yate ederrak ilaran jarrita egon ohi dira, txukun, garbi, nor bere izenarekin, denak ondo zainduta. Baina Azkuek azaldu du zainketa lan asko eskatzen duen zaletasuna dela hori, eta ontzia erosten duten guztiak ez direla horretaz jabetzen. "Kirol portuan seguru zaude, 24 orduko zaintza dagoelako, baina errioan, edozein garaitan edozer gertatu eta hondoratu dakizuke ontzia, eta enteratu ez", azaldu du. "Kirol portuan egonda ere, sarritan eskatu behar izaten dute ontzira sartutako ura bonbarekin ateratzeko. Itsasontzi bat ez da auto bat bezala; hura garajean utzi dezakezu eta lasai geratu; hemen ez daukazu lasai egoterik".
Jabe askok arrantzarako erabiltzen dute ontzia, baina beste askok urtean oso irteera gutxi egiten dutela esan du Azkuek: "Urtean hamar bider ere ez dute jotzen itsasora askok, denbora faltagatik. Goierri aldetik eta asko etortzen dira, baina bi urterako aspertzen dira, hona ez delako nahi denean bakarrik etortzen, baita ontziak eskatzen duenean ere". Une honetan ontzi bat erostea zaila ere badela irizten dio Muskuilu Harriko kideak, "ez dagoelako inon amarratzeko tokirik".
Arazo hori alde batera utzita, bestelako buruhaustea dute orain Azkuek eta haren kideek, "itsasotik ateratzen den arrain guztia kontrolatzen hasi nahi duelako Eusko Jaurlaritzak", jakinarazi du elkarteko kide beteranoak. "Gaur egun, hegaluzea harrapatzen badugu paper bat bete behar izaten da hilero, babestutako espeziea delako, baina hemendik aurrera, nahi dutena da afizionatuok, arrantzale profesionalek bezala, egunero deklaratzea harrapatzen dugunaren %100". Azkuek eginkizun zaila ikusten du hori, ordea. "Aurrekoan, ezagun batek zortzi txitxarro txiki, buztanbeltz bat eta arrain txikitako zortzi-bederatzi klasetako aleak harrapatu zituen. Zer edo nola deklaratu behar du horrek, bakoitzetik 200 gramo baldin baditu?". Gainera, aplikazio bidez eman behar dira kontuak, eta erabiltzaile asko adinekoak direla dio, ez daudela ohituta sakelakoa kudeaketa lanetarako erabiltzera.
"Jaurlaritza pixkanaka hasiko da probak egiten portuetan boluntario batzuekin, eta ikusiko dugu zer bilakaera izaten duen; nik ulertzen dut itsasotik ateratzen den arrain guztia kontrolatu nahi izatea, baina aldapa gora handia izango dela ere ikusten dut", nabarmendu du.
Kontuak kontu, kirol portuko kideek aitzakiarik ez dute uda giro betean motorrak piztu edo belak askatu eta hortzimuga infinituraino itsasoaren ederraz eta kresalaren bizitasunaz gozatzeko.
Orioko kirol portua, zenbakitan
- Azalera osoa: 61.194 metro koadro.
- Azalera lehorrean: 41.148 metro koadro.
- Amarradura kopurua: 296.
- Koordenatuak: 43° 17' 3 N 2° 7' 38 W.
- Lehorreratze-azalera edo eremu teknikoa: 2.552 metro koadro.
- Ur azalera babestua: 20.045 metro koadro.
- Portuko garabi automotorra: 32 Tm, hamabost metroko luzera eta bost metroko zabalera duten ontzietarako.
- Gehieneko luzera: hamabi metro.
- Gehieneko zingoa: hiru metro.
- VHF kanala (itsas komunikaziorako): bederatzi.
- Marea gorabehera: 4,5 metro.
- Zabalera: 40 metro. E
- GIBeko sakonera: lau metro, sarrera zailarekin.
- Orientazioa: ekialdea.