Claudia Armora eta Andrea Oubiña: "Urtebetean asko hobetu dugu euskararen ulermena"

Jabi Zabaleta 2025ko abu. 23a, 08:00

Claudia Armora eta Andrea Oubiña. (Jabi Zabaleta)

Claudia Armora Rosich (Flix, Katalunia, 2002) eta Andrea Oubiña Rodriguez (O Grove, Galizia, 1991) Orioko traineruko arraunlariak dira gaur egun. Arraunak ekarri zituen gurera –Euskal Herrira, aurrena; eta Oriora, gero–, eta Orioko euskaltegian ibili dira aurten hasierako maila ikasten. Arraun kontuak utzi eta hizkuntzaz aritu dira, euskara ikasten egiten ari diren bideaz.

Nolatan iritsi zarete Oriora?

Claudia Armora: Ni arraunera etorri nintzen Euskal Herrira. Hasieran Hibaikan egin nuen arraun, eta Errenterian bizi nintzen udako hilabeteetan, nahiz eta ikasketengatik Katalunian bizi nintzen urtean zehar. Hiru uda egin nituen horrela, baina iaz, fisioterapia ikasketak bukatu nituenean, hona etorri nintzen, eta hau nire bigarren denboraldia da Orion.

Andrea Oubiña: Ni ere arraunera etorri nintzen, Claudia bezala, baina orain dela hamar urte. Nik ere uda pasatzen nuen Euskal Herrian, baina Galizian bizi nintzen bestela. Lau denboraldi egin nituen aurrena, San Juanen. Ondoren, Donostiarran egin nituen beste bi urte, eta, horren ostean, Orioko klubera etorri nintzen. Aurtengoa nire laugarren urtea da Orion.

Noiz hasi zineten euskara ikasten? Zergatik?

C.A.: Biak batera hasi ginen ikasten Orioko euskaltegian, joan den urrian, hasierako mailan, baina talde desberdinetan. Nik garbi ikusten nuen: erabat giro katalanean hazitakoa naiz ni, eta oinarrizko kontu bat iruditzen zait hemen bizi banaiz bertako hizkuntza ikastea eta bertako kulturan integratzea. Gure herrian ere, Flixen, kanpoko jendea etorri izan denean, katalana ikasi dute askok eta askok; nik beste horrenbeste egin nahi dut hemen. Nire inguruko jendea euskaraz bizi da Orion, eta nik ere ikasi egin nahi dut, gutxieneko bat sikiera, ulertu ahal izateko. Ez dut nahi nigatik gaztelaniaz egin behar izan dezaten.

A.O.: Nire kasua ere antzekoa da. Nik, O Groven, galegoz hitz egiten dut jende guztiarekin: familian, lagunartean... Eta hemen ez dut oztopo izan nahi jendeak euskaraz egiteko. Bestalde, integratzen laguntzen dizu euskarak hemen. Gainera, nire kasuan, gorputz hezkuntzako irakasle izateko ikasketak egin ditut, eta, hemen geratuko banaiz, beharrezkoa dut euskara ikastea.

Inguruak ere lagunduko dizue ikasten, ezta? Zuen inguruak euskaraz egiten al du? Traineruan euskaraz hitz egiten al duzue?

A.O.: Bai, traineruan euskaraz egiten da gehienbat. Patroiak ere euskaraz egiten digu denoi, eta nesken arteko harremana ere euskaraz izaten da ia dena. Beste neska galego bat ere badago taldean, baina gainerakoak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dute. Horrek ere bultzatu nau euskara ikastera. Esaterako, Whatsappeko taldean-eta euskaraz egiten da batez ere, eta, lehen, hor ibiltzen ginen itzulpenak egiten. Orain, pixka bat ikasi dugu, eta gauza oinarrizkoak, behintzat, ulertzen ditugu.

C.A.: Traineruan Lapurdiko neska bat ere badugu, Ainhoa, eta harekin euskaraz egiten dute denek, gaztelaniaz ez delako horren ondo moldatzen. Horrek muga linguistiko bat sortzen digu berarekin, elkarren arteko komunikazioa zailtzen duena.

Zein da zuen helburua euskarari dagokionez? Noraino iritsi nahi duzue?

A.O.: Niri gustatuko litzaidake euskara menderatzera iristea, horrek nire lanean aritzeko aukerak emango lizkidakeelako. Ez dakit iritsiko naizen, baina nahi nuke.

C.A.: Ez daukat helburu garbirik, momentu honetan ez dakidalako ziur nora eramango nauen bizitzak. Baina hemen geratzea erabakiko banu, orduan bai, garbi daukat ikasiko nukeela ahalik eta ondoen, euskaraz bizi ahal izateko eta mundu guztiarekin normaltasunez komunikatu ahal izateko. Bitartean, pixkanaka-pixkanaka aurreratzea da nire asmoa. Datorren urtean, behintzat, segituko dut ikasten.

A.O.: Nik ere bai!

Gustura al zabiltzate euskaltegian?

A.O.: Niri nahiko gogorra egin zait, egia esan, baina nire zirkunstantzia partikularrengatik: zaila egin zait lana, entrenamenduak eta ikasketak bateragarri egitea. Bestela, oso gustura ibili naiz, eta urtebetean aurrerapen ona egin dudala uste dut.

C.A.: Ni ere topera hasi nintzen, eta, denbora gutxian, asko aurreratu dudala uste dut. Klaseetan gustura ibili naiz ni ere, baina kostatu egin zait erritmoari eustea. Hori bai, urtebeteko klaseak hartuta, konturatzen naiz askoz gehiago ulertzen dudala orain; oinarrizko gauzak, kartelak, mezu laburrak, eguraldia... Lehen ez nituen horiek ulertzen, eta orain, berriz, bai. Eta kontu laburrak idazten eta esaten ere hasi naiz, eta lehen ez nintzen gauza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide