Familiako errezeta duen tradizioa

Julene Sorarrain 2025ko abu. 16a, 08:00

IƱaki Lasa, Ana Lasa eta Puri Gallego botikariak, Herriko Plazaren farmaziaren parean. (Julene Sorrarain)

Orioren bihotzean, familia batek bizitako aldaketen lekuko izan den negozio bat dago: duela 120 urte ireki zituen ateak Lasa farmaziak, eta, ordutik, botikarien lau belaunaldik gobernatu dute hura. Botika bat baino gehiago, garai zailetako babeslekua eta komunitatearen osasunarekiko konpromisoaren sinboloa bilakatu da. Elkarrizketarako hitzordua Lasa farmaziak 120 urte bete dituen egun berean jarri dute, ekainaren 18an.

Alkizako (Gipuzkoa) baserri batean jaioa, hamalau anai-arreben artean gazteena zen Eugenio Lasa. Familian ikasketak zituen bakarra izan zen, eta garai hartan etxetik gertu unibertsitaterik ez zegoenez, Santiagora (Galizia) joan behar izan zuen Farmaziako karrera ikastera. Pauso berberak jarraitu zituzten, zenbait urteren ondoren, bere atzetik etorri zirenek.

Lasa familiaren lehen  farmazia Herriko Plazan. (Utzitakoa)

Ikasketak amaitu ostean, Oriora etorri eta farmazia zabaldu zuen Eugeniok, 1905eko ekainaren 18an. Gaur egun gaixotasun edota baldintza asko tratatzeko medikazioak eskura daitezke botikan, baina garai hartan, botikariaren ogibidea guztiz bestelakoa zen. "Garai hartan ez zegoen medikamentu komertzializaturik, hortaz, nire aitonak laboratorioan egin behar izan zituen formula magistral gehienak", kontatu du haren biloba Iñaki Lasak, bi belaunaldiren ostean, aitonaren farmazia hartu zuenak.

Hamar urtera, 1915ean, medikamentuen biltegia sortu zuten. "Nire aitak, nire aitonak ez bezala, medikamentu komertzializatuen biltegia ezagutu zuen, eta batzordearen parte ere izan zen", kontatu du Iñakik. Orion, sasoi hartan, bi mandatari arduratzen ziren biltegietatik osagaiak herriko botikara ekartzeaz, eta horietako batek Lutxi zuen izena. "Gu tren geltokiaren alboan bizi ginen, eta eguerdietan jasotzen genituen haren bisitak. Aitak zerrenda bat izaten zuen prest, eta eskatutako ia osagai guztiak ekartzen zizkigun Lutxik. Askotan nik laguntzen nion, beti paketez josita etortzen baitzen trenean". Iñakiren belaunaldiak, ordea, medikamentuak biltegietan ezagutu ditu. Hasieran Donostiako Errege Katolikoen kalearen inguruan zegoen kokatuta biltegia, eta oroitzen duenez, aitak joan-etorri asko egiten zituen hara. "Gu Batxilergoa egiten ari ginenean, ikasgelatik irten eta aitarengana joaten ginen biltegira. Han, liburuak berogailuaren gainean jarrita egiten genituen etxeko lanak, aitak enkarguak egiten zituen bitartean".

Iñakiren txanda iristerako, baina, medikamentu komertzializatuak dagoeneko ohikoak ziren farmazietan. Hala eta guztiz, herritarrek ez zuten ospitaleetara edo herritik at zeuden osasun zentroetara joateko aukerarik, ezta joerarik ere. "Nire aitak analisi klinikoak egiten zituen farmazian, eta nik haren pausoak jarraitu nituen. Berak Donostian ikasi zuen, eta nik Bergaran, eta aitak ere pasatu zidan jakintza".

Ezkerrean, Eugenio Lasa, Orioko farmaziaren lehen jabea, eta haren emazte Jesusa, ezkondu berritan.
Erdian, Jon Lasa, Iñakiren anaia. Istripu batean hil zen. Botikaria izan zen hura ere.
Eskuinean, Herriko Plazako farmazia zaharra. (Utzitakoak)

Herriko analitika guztiak farmazian bertan egiten zituztela kontatu du Iñakik, baita inguruko zenbait enpresetako beharginenak ere. "Goiza jendeari odola ateraz hasten nuen, eta egun osoa igaro genezakeen horretan. Anbulatorioetan analisiak egiten hasi zirenean, gure zerbitzua apurka desagertzen joan zen. Bizilegea!", esan du.

Medikamentu komertzializatuek, ordea, ez zuten lortu Iñakiren aitak sortzen zituen formulei itzal egiterik. "Nik aitarentzat igel emeak harrapatzen nituen, hark haurdunaldi testak egiteko. Pixetan aurki daitekeen hormona bat sartzen zien igelei xiringa bidez, eta arrautzak jartzen bazituen, emaitza positiboa izaten zen", kontatu du. Pomada asko ere egiten zituzten motrailuan, ordu luzez, besoa nekatu arte. "Noiz arte jarraitu behar dut birrintzen?", galdetzen zion Iñakik aitari. "Baratxuri usaina jarri arte!", erantzuten zion hark. Herrian ezagunak bilakatu ziren Lasaren zenbait formula, tartean zorrien aurkako Zorrikill eta estresak eragindako soilguneentzako Kalbikez.

Kontakizun horiek pasarte bezala kontatzeko politak diren arren, teknologia berriek asko erraztu dute botikarien eguneroko lana. "Garai hartan, egunerokoan asko luzatzen zen jardunaldia. Haurdunaldi testen prozesua, estaerako, luzea izaten zen lehen; semea igelen bila joaten zen, eta ondoren, botikariak ordu ugariz jarduten zuen laborategian. Orain, berriz, saldu egiten dira horiek; horiek saltzea soilik da gure lana".

Ogibidea transmitituz

Iñakik farmazia besterik ez du ezagutu haurra zenetik. Atzera begiratzean, bere aitak egunero egiten zituen guardiak datozkio gogora. Oraindik entzun dezake farmaziako txirrina, gauerdian joka. "Nire aitaren garaian, jendea ez zen ospitalera joaten, eta ondorioz, zerbitzua eskaini behar izaten zuen uneoro. Ospitaleen sorrerak, ordea, langileen txandak egituratzea ere ekarri zuen. Aurrerago, Eusko Jaurlaritzak ezarritako lege baten bidez, guardiak antolatzen hasi ziren eskualdean. Gogoan dut lehen Aian ez zegoela botikarik, eta ondorioz, guk joan behar izaten genuela botikinarekin, autobusean, hango pazienteak artatzera". Iñakik esan duenez, etxean ez du beste egoerarik ikusi izan. "Aita etxera etortzen zen eta beti norbait izaten zuen deika. Elkarteko, kolegioko edota biltegiko kontuetan ere oso inplikatuta zegoen, eta lanetik deskonektatzea ez zen gauza erraza izaten harentzat", aitortu du semeak.

Guardien egoera gerora egonkortu zen arren, botikariaren prestutasunak ildo beretik jarraitu zuen. Horri lotuta, Iñakiren alaba Ana haurra zenean etxez aldatu ziren Herriko Plazara, farmazia zegoen eraikinera, guardiak egitea errazagoa izan zedin.

Lasa-Gallego familian Ana izan da aitaren erreleboa hartu duen alaba bakarra. Izan ere, hiru senide dira etxean, eta bi anaiek beste bide bat hartzea erabaki zuten, farmaziatik urrun. Etxean guraso botikariak izateak bere erabakia baldintzatu zuen arren, Anari betidanik gustatu izan zaio zientzien arloa. "Ez dakit bokaziozko erabakia izan zen. Uste dut gurasoak botikariak izan ez balira, beste bide bat hartuko nukeela. Baina etxean aukera erraz bat nuela ikusi, eta hortik jotzea erabaki nuen. Hala ere, farmazia bada gustuko dudan gai bat".

Iñakiren aitarekin batera aritu ziren lanean Garbiñe Arregi, Ignacita Idiakez, Arantxa Linonekoa eta Maria Eugenia Idiakez. (Utzitakoa)

Iñakik Santiagoko unibertsitatean ezagutu zuen emaztea, Puri Gallego ondarrutarra, biak Farmaziako ikasketak egiten ari zirenean. Senarrak bezala, familia botikaria izan du Gallegok ere. "Gure aitona Errioxakoa zen, eta ikasketak amaitu ostean, Ondarroara [Bizkaia] joan zen bizitzera. Han nire amonarekin ezkondu zen, eta botika zabaldu zuen, 1915. urtean", azaldu du Purik.

Gallegoren amak ere Farmazia ikasi nahi zuela esan du alabak, baina azkenean ez zuela egin. Dena den, botikaren ardura hartu zuela zehaztu du. "Bi ahizpa ginen, eta biok botikan geratu ginen, ez baitzegoen beste aukerarik. Hala ere, gustura egin genuen ibilbide hura". Gallego Oriora etorri zenean, ahizpak hartu zuen Ondarroako botika. "Zenbait urte igaro ondoren, minbiziak eraman zuen ahizpa", eta saldu egin behar izan zuten lokala. "Nik zirujaua izan nahi nuela nioen gaztetan... Ihesaldi ederra! Askok barre egiten zuten, baina gurasoek Farmazia ikasi behar genuela zioten, 'tradizioarekin jarraituz'".

Lasaren eta Gallegoren alaba Ana 2010. urtetik aritzen da gurasoen botikan lanean, eta iazko otsailean berak hartu zuen amaren botika, Arrantzale kalekoa –bi dituzte, Herriko Plazakoa eta Arrantzale kalekoa–. "Botika bat eduki ahal izateko, gutxienez botikari bat edo bi behar dituzu lanerako, hilabetean fakturatzen duzun diru kopuruaren arabera. 70 urte bete ondoren, ordea, arduradun bat jartzea eskatzen dute.

Erraztasunak aurrerakuntzei esker

Teknologia berrien sorrerarekin batera, farmaziaren garapena ere etorri zen. Izan ere, Iñakiren aitaren garaiko lanarekin alderatuz, gaur egungoa "zeharo ezberdina" zela esan du, produktuen jarraipena egiteko modutik salmentetaraino. "Botikan produktu asko daude, milaka, eta guztien jarraipena egitea ez da beti erraza izan". Medikazioak otarreetan gordeta izaten zituzten, eta multzo bakoitzeko azken kaxari "txibato" moduko bat jartzen zioten, otarrean geratzen ziren medikazio kopuruak kontrolatu ahal izateko. "Sistema hori erabiltzen genuen guztiok, baina orain guztiz aldatu da dena", esan du.

Aldaketa garrantzitsuena, ordea, ordenagailuen sorrerarekin etorri zela dio, tresna berri horrek, stock-a eta produktuen iraungipena kalkulatzeko erraztasunak ekarri baitzituen. Bestalde, salmenten datuak kalkutzeko modua ere aldatu egin zuela azaldu du botikariak. "Analisiak egiten nituenean, beste sistema batzuk zeuden. Metodoa perfekzionatzen joan da, eta orain formula eta produktu zehatzak ditugu egoera bakoitzerako. Nire aitaren garaian, aldiz, ez. Egoera berrietara egokitzen joan behar izan dugu".

Aurrerapen teknologikoekin batera, pazienteei arreta pertsonalizatua emateko zerbitzua sortu zen. "Zerbitzu horren bitartez, botikariok erabaki genezakeen bezeroei jarraipena egitea. Kontua da medikamentu asko hartzen dituzten pertsonak badirela, eta medikuak askotan ezin duela guztia kontrolatu: zer albo ondorio edota arazo sor daitezkeen, eta kasu batzuetan, bateragarriak ez diren bi medikamenturen kontsumoa ere izaten da. Hori guztia aztertzen hasi ginen, baina denbora asko eskatzen duen zerbitzua da".

Azken finean, botikariek bezeroen osasun arazoen berri izaten dute uneoro, eta Lasa familiaren ustez, horiei jarraipena eginez gero, asko lagun diezaiokete. Familiak aitortu du zerbitzua eskaini izan dutenean bezeroak "oso gustura" geratu izan direla. "Askotan akatsak atzematen ditugu, eta egiten ari diren tratamenduetan zuzenketak egin ahal izaten ditugu, medikuari deituta ala gutun bat bidalita". Eskaera bideratu ostean, medikuak errezetatutako sendagaiak aldatzeko aukera izaten du. "Zerbitzu oso interesgarria da, baina kobratu egin beharko litzateke, eta beste era batera antolatu, horretarako prestatuta gaude eta".

Iñaki Lasa, farmaziako laboratorioan, tresna eta medikamentu zaharrak atzean gordeta dituela. (Julene Sorrarain)

Iñakiren ustez, farmaziaren etorkizunak bide horretatik jo beharko luke. "Zerbitzua eskaintzeko prest gauden arren, ezinezkoa da gure kasa antolatzea. Izan ere, antolaketa lan handia eskatzen du, baita medikuekin komunikazio askoz arinagoa eta azkarragoa izatea ere". Hala eta guztiz, osasun zentroentzat laguntza eta aurrerapen handia izango litzatekeela argudiatu du botikariak, baita "lan aurrezte handia" eragingo lukeela ere. "Guk gustura egingo genuke lan hori, nik hala egiten nuen behintzat. Orain, Anari tokatzen zaio erreleboa hartzea".

Alabak zerbitzu pertsonalizatuaren inguruko masterra egin zuen Granadan (Espainia). Botikariak azaldu duenez, garrantzi handia ari zaio ematen zerbitzu mota horri instituzioen eta elkargoen aldetik. Eta lan handia egitea eskatzen duen zerbitzua izan arren, pazienteek "izugarri" eskertzen dutela uste du. "Pertsonak, adin batera iristen direnean, aldi berean kardiologoek, digestiboek eta dermatologoek agindutako medikamentuak hartzen aritu daitezke. Interakzioak egon daitezke sendagai horien artean, eta familiako medikuak antzematen ez dituen arazoen gainean guk egon beharko genuke, agian; jarraipena egingo genioke eta ikusiko genuke zer sendagai diren bateragarriak eta zer ez. Guk horretan dugu formakuntza: farmakoetan. Ez gara produktuak saltzera mugatzen", esan du, argi.

Errezeta elektronikoek ere garapen handia ekarri dute farmaziaren eremura. Osasun txartelaren bidez, pazienteek hartzen dituzten medikamentu guztiak erregistratuta geratzen dira, eta botikariei errazagoa egiten zaie jarraipena egitea. "Bezero baten tratamenduan akatsak edo bikoiztasunak ikusten baldin baditugu, medikuari azkar batean jakinarazpena bidaltzeko aukera izaten dugu errezeta elektronikoaren bidez". Zerbitzua gehiegi erabiltzen ez den arren, proba pilotuak egiten hasiak dira erakunde asko, zerbitzuaren emankortasuna frogatzeko, eta ondoren, zerbitzu profesionala eta ordainpekoa finkatzeko.

Teknologia aldaketak bakarrik ez; Lasatarrek kokapen aldaketak ere bizi izan dituzte hamarkadetan. Iñakik, lanean hasi zenean, Bikamiota kalean jarri zuen botika, plazako lokaletik 500 metrora, "beste erremediorik ez zegoelako". Izan ere, botikaren kokapena ezin izaten da aukeratu: "Botika ezin da jarri nahi duzun lekuan, araudi bat jarraitu beharra dago". Farmazien arautegiaren arabera, biztanle kopuruaren arabera, botika kopuru zehatz bat izan daiteke herrian, eta distantzia zehatzak mantendu behar dituzte horiek lokal batetik bestera.

Ana, oraintsu, Arrantzale kaleko lokala berritzeko lanetan hasi da, ortopedia zerbitzua gehitzeko farmazian. "Uste dut egoki hornitutako ortopedia zerbitzuaren beharra dagoela herrian, eta bi lokal bateratuko ditut zerbitzu hori eskaini ahal izateko. Behar handiko produktu asko izango ditugu salgai, eta Osakidetzak emandako errezetekin hara joateko aukera egongo da", azaldu du. Hark gogora ekarri du gero eta adineko jende gehiago dagoela gizartean, eta ondorioz, gero eta behar gehiago daudela. "Herriko jendeak oraindik kanpora joan behar izaten du produktu batzuen bila, herrian ez ditugulako hainbat zerbitzu; aldatu egin behar da hori".

Borroka handia aurretik

Teknologia berriek erraztasunak ekarri dizkieten arren, online erosketak mehatxu bilakatu dira botikarientzat ere. "Errezeta behar duten botikak ezin dira merkatu askean eskuratu, baina parafarmaziako produktuak Internet bidez erosteko gero eta joera handiagoa dago". Produktu merkeagoak etxetik mugitu gabe erosteko aukerak jendea erakartzen duela argudiatu du Anak, nahiz eta aurrez aurreko arretak "preziorik ez" izan. "Garai batean amak umeari ematen zion esne guztia seguru botikan erositakoa zela. Gaur egun, ordea, Internetetik erosten da dena", gehitu du Gallegok. Interneteko prezioak merkeagoak izan daitezke, bai, baina botikariaren hitzetan, prezioak gero eta baxuagoak dira farmazian bertan ere. "Lehen soilik marka komertzialak saltzen zituzten, eta orain generikoak ditugu merkatuan. Horrek prezioa asko jaistea eragin du. Orain, gainera, lege berri bat onartu nahi dute, prezio horiek are gehiago jaisteko", azaldu du Iñakik.

Espainiako Gobernuak kontrolatzen du estatuko medikamentu bakoitzaren prezioa, eta prezio horiek behin finkatuta daudenean, laboratorio guztiak irizpide horietara moldatzera "behartuta" daude. "Espainian ibuprofenoak prezio bat izan dezake, eta Frantzian, berriz, beste bat. Prezioen jaitsierak hornidura falta ekarri du, gainera. Estatuak medikamentu bat bi eurotan saldu dezake hemen, eta Alemanian, aldiz, hamabost eurotan. Diferentzia izugarria da. Egoera horren aurrean, laboratorioek zer egiten dute? Alemaniara bidali beren osagaiak, askoz gehiago irabazten dutelako. Hona, aldiz, gutxiago bidaltzen dute, eta batzuetan batere ez", kontatu du Anak. Udan turisten bisitak jaso ohi dituzte farmazietan, eta askok hamarnaka kaxa erosten dituztela esan du Anak, prezioekin txundituta. Iñakiren iritziz, Europa osoan erabaki bat hartu beharko lukete, "prezioak bateratzeko eta herrialde guztietan berbera izateko".

Iñaki Lasa, Aizpea Ubegun eta Aitor Indo, plazako farmaziako egungo langileak. (Utzitakoa)

Nadet Manterola, Ander Bereziartua, Naroa Tarango eta Ana Lasa, Arrantzale kaleko farmaziako egungo langileak. (Utzitakoa)

Horrez gain, herritarrak egunerokoan kontsumitzera ohituta dauden medikamentu asko "desagertu" egin direla esan dute botikariek, besteak beste gramo bateko paracetamol edota ibuprofenoren 600 gramoko sobreak. "Nire botikako erosketa ia denak neuk egiten ditut, eta enpresa askok diote hainbat medikamentu ez direla dagoeneko errentagarriak", azaldu du Anak.

Mehatxua, gainera, ez da botikarientzat soilik; izan ere, paziente gero eta gehiago ari dira beharrezko medikamenturik gabe geratzen, eta egoera horren aurrean, botikariek alternatibak bilatu behar izaten dituzte. "Kasu batzuetan, ordea, ez dago alternatibarik. Hortaz, Donostiara bidali behar izaten ditugu gure bezeroak, atzerriko medikazioa eskuratzera. Jendeak herritik mugitu behar izan du behar-beharrezkoa duen medikazioaren bila, guk hemen ezin dugulako saldu", gaineratu du botikari gazteak.

Komunitatearekiko konpromisoa

Negozio txikiek mehatxuak eta erronkak dituzten arren, Lasa-Gallego familiari herri txiki batean lan egiteak komunitatea sortzen lagundu dio. "Botikan, askotan, egunero jende berarekin izaten duzu harremana. Herritarrek konfiantza izaten dute zugan, eta eskertu egiten dute beraien gainean egotea; hori oso atsegingarria da guretzat", esan du Iñakik.

Anbulatoriora edota ospitalera joan baino lehen, askoren lehen aukera botikatik igarotzea izaten dela dio familiak. "Gu gara lehen filtroa; gure gomendioak entzun nahi izaten dituzte. Gainera, bezero batzuei jarraipen pertsonalizatua egiten diegu".

Zerbitzu hori "gutxi batzuek" behar duten arren, batzuk badirela esan dute: "Uste duguna baino jende gehiago bizi da arazoekin, eta medikuak kontrolatu ezin dituen gauza batzuk kontrolatu ditzakegu guk. Azken finean, hori da nahi duguna: pazienteei beren bizimodua hobetzen lagundu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide