Joshua Herranz: "Uste duguna baino lehorreratze gehiago gertatzen dira"

Julene Sorarrain 2025ko uzt. 30a, 09:10

Joshua Herranz itsas zoologoa. (utzitakoa)

Sareus lehorreratze sarearen arabera, 43 animalia lehorreratu ziren iaz Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Joshua Herranz (Orio, 1991) itsas zoologoak fenomenoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zer da, zehazki, itsas animalien lehorreratzea?

Nik hiru lehorreratze mota sailkatzen ditut. Alde batetik, hildako animalien lehorreratzea dugu, hau da, animalia hori itsasoan hil eta korronteek kostaldera ekartzen dutenean. Bestetik, bizirik iristen diren animaliak ditugu. Sailkapen horretan beste mi mota bereiz ditzakegu; alde batetik, bizirik iristen diren animalia gaixoak, eta bestetik, osasuntsu daudenak.

Orokorrean, gure kostaldean lehorreratzen diren animalia biziak gaixo daudelako etortzen dira. Kasu gehienetan, portuetan sartzen dira atseden hartzeko, edota plastikoa izan dezakete beraien gorputzean. Osasuntsu dauden animalien lehorreratze gehienak izurdeenak izaten dira. Esaterako, Zeelanda Berrian orain dela gutxi berrehun izurde inguru lehorreratu ziren hondartza batean. Izurde taldeek buru bat izaten dute, eta sonarren batek norabidea aldatzen badio, gainontzekoek ere hondartza berean amaituko dute.

Zer animalia mota iristen dira eskualdeko kostaldera?

Oro har, zetazeoak –izurdeak eta baleak– edota itsas txakurrak iristen dira. Azken horien kasuan, ia beti gazteak izaten dira. Europako iparraldean bizi dira itsas txakurrak, Erresuma Batuan edota Herbehereetan, adibidez. Talde handiak badira, arrantza eremuak itsas txakur helduek okupatzen dituzte, eta ondorioz, gazteenak gure kostaldera etortzen dira elikatzera. Itsasoari dagokionez, euskaldunok beti jakin izan dugu asko animaliei buruz, eta gaur egun jendea harritu egiten da balea bat hondartzan agertzen denean. Kontua da gertakari hori ez dela hain harrigarria. Gure kostaldean espezie zetazeo ezberdin asko bizi dira.

Duela gutxi orka batzuk agertu ziren Gipuzkoako kostaldean.

Hemendik 20-30 miliatara, orkak ikus ditzakegu itsasoan. Iberiar penintsulan, esaterako, orkak aurki daitezke Gibraltarretik (Erresuma Batua) Galiziaraino. Bizkaiko golkora ere sartzen dira batzuetan; orain hegaluzearen kanpainarekin ari dira, eta orkak horiez elikatzen dira.

Zer faktorek azaltzen dute hainbeste lehorreratze izatea Kantauri itsasoan?

Itsas korronteek, bereziki. Uste duguna baino lehorreratze gehiago gertatzen dira. Bizkaiko kostaldearen kasuan, esaterako, hemengoan baino arroka gehiago daude. Eta lehorreratze gehienak arroketan gertatzen dira; hortaz ez dira hain agerikoak. Itsas gorarekin lehorreratzen dira, eta sei ordu geroago, hurrengo marearekin, berriz itsasora itzultzen dira.

Orioko hondartzan lehorreratutako itsas txakurra. (Joshua Herranz)

2025eko lehen hiru hilabeteetan hamazazpi animalia lehorreratu ziren. Gorakada nabaritu al duzue?

Egia esan, lehorreratzeen datuak galtzen joan dira. Une honetan ezin dugu esan zenbat lehorreratze gertatzen diren urtero Euskal Herrian. Asturiasen (Espainia), esaterako, urtero berrehun lehorreratze baino gehiago izaten dira. Aldizkarietan agertzen diren kasuak, aldiz, oso zehatzak dira: Zarauzko eta Getariako portuan edota Donostiako hondartzan agertu direlako, hau da, hiriguneetan. Jendea momentu horietan jabetzen da lehorreratzeak gertatu direla. Egia da izurde arrunta dela gure kostaldean dagoen zetazeo espezie ohikoena, eta haren populazioak gorakada handia izan duela azken urteetan. Lehorreratze gehiago izaten dira gero eta izurde gehiago daudelako.

Gizakiak ba al du eraginik prozesu horretan?

Beste faktore bat da gero eta arrantza gehiago egiten dela. Ondorioz, gero eta izurde gehiago erortzen dira sareetan, eta bihotzekoak emanda, asko hil egiten dira. Kasu horietan, arrantzaleek portura eraman behar dituzte. Batzuetan, ordea, itsasora botatzen dituzte, kamaran ez dagoelako lekurik, eta ondorioz, gure kostan amaitzen dute. Gure kostaldean agertzen den izurde eta balea kopuru bat gizakion ekintzengatik agertzen da, hala nola plastikoa irensteagatik edota sareetan harrapatuta geratzeagatik. Baina naturalki gerta daitekeen prozesua ere izan daiteke; gaixotasun batengatik hil direlako, adibidez.

Zer protokolo jartzen da martxan animalia bat kostaldean agertzen denean?

Normalean, abisua ematen zaie ikerketa zentroei, eta haiek lagin bat hartzen dute, analisi bat egiteko eta datuak ateratzeko. Gainontzeko animaliei dagokienez, hondakin bat bezala tratatzen dira. Izan ere, batzuetan zoonosi gaixotasuna izan dezakete, eta Zarauzkoa bezalako hondartza batean, jende asko gertura daiteke beraiengana, arrisku egoera sortuz. Beste ikerketa zentro batzuek, agian, animalia lurperatu eta desegitean, hezurrak hartzen dituzte museoetan erakusteko. Naturan hiltzen diren baleak, adibidez, elikagai bihurtzen dira animalia askorentzat.

Zer egin dezakete herritarrek lehorreratutako animalia batekin topo egitean?

Lehorreratze hauek oso gutxitan gertatzen dira gizakiak bizi diren lekuetan. Uste dut oinarrizkoa dela animalia bat ikustean ez ukitzea eta harengana ez gerturatzea. Izan ere, horrek estres handia eragin diezaioke, hurrengo marearekin berriz itsasora itzultzea eragotziz. Egoera hauetan lehendabizi udaltzaineni deitu behar zaie, animaliarekiko distantzia mantenduz, eta gauez bada, argazki kameraren flasha erabili gabe. Normalean, lehorreratzen diren animaliek atsedena behar dute. Geure kabuz pentsatu baino lehen, gaiaren inguruan informatu behar gara, bide zuzena jarraitzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide