Orioko Udalak, Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean, Oria ibaian karbono urdindun ekosistemak lehengoratzeko proiektua jarri du martxan. Ekimenaren helburua da ekosistema naturala berreskuratzea eta herria klima aldaketaren aurrean egokitzea. Halaber, lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bidez finantzatuko dituzte.
Karbono urdindun ekosistemak itsasertzeko belardiak dira, eta Oria ibaiaren kasuan, Zostera noltei izeneko landare espeziearekin sortuta daude. Belardi horiek funtzio garrantzitsuak dituzte, hala nola itsasertzeko biodibertsitatea handitzea, ura garbitzen laguntzea, kostaldea babestea eta, batez ere, karbono atmosferikoa xurgatu eta biltegiratzeko gaitasuna.
Landaketak udan eta udazkenean
Landaketak bi modutan egingo dituzte: batetik, Oka ibaitik jasotako landare txertoekin, eta, bestetik, haziak eskuz landatuta. Txertoen lehen landaketa bihar egingo dute, eta datorren hilean jarraituko dute prozesuarekin; hazien landaketak, aldiz, udazkenean egingo dituzte.
Landaketak Oria ibaiko estuarioaren barruan egingo dira, hiru gune nagusitan. "Azken urteetan egindako esperientzia pilotuek erakutsi dute Zostera nolteibelardiak modu naturalean zabaldu daitezkeela, eta horrek aukera paregabea ematen du Oria ibaiaren behealdea ingurumen ikuspegitik leheneratzeko", azaldu du udalak.
Gainera, prozesu osoa Azti zentroaren zuzendaritzapean egingo dute. Eremuaren jarraipena, aldiz, datozen hiletan egingo dute, "belardien bilakaera eta karbono metaketa aztertzeko".
Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du proiektua aurrera eramateko; guztira 46.000 euro, hain zuzen ere. Diru laguntzaren bidez, landareen bilketa, landaketa, jarraipena eta beharrezko baimenen tramitazioa egingo dituzte.
"Errespetuz jokatu"
Landaketa eremuek "balio ekologiko handia" dutela gehitu du udalak, eta horregatik, inguru horietan "arretaz ibiltzeko" deia egiten die herritarrei. "Ingurune naturala eta ondare ekologikoa zaintzea guztion ardura da".