Kultur astindua kaleetan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 27a, 09:00

Gaur egun Orioko Txaranga osatzen duten kide gehienak, aurtengo San Telmo jaietan, Zumaian, emanaldia hasi aurretik. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aurtengo sanpedroetan bi urte beteko dira Orioko Txaranga aurrenekoz jendaurrera atera zenetik. Eskura zituzten musika tresnekin eta zuten musika ezagutzarekin eman zuten pausoa hainbat herritarrek, eta ordutik ez dira gelditu. Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa.

Gazte eta heldu, serio-demonio ari dira kantu berriaren lehen akordeak jotzen entsegu gelan. Han ez da kalean erakutsi ohi duten festa girorik. "Orain harritu egiten naiz hasieran kalera nola ateratzen ginen pentsatuta", oroitu du batek. "Esaten genuen: 'Zuk zer instrumentu jotzen duzu? Eta zuk? Eta zuk? Bada, benga, goazen!'", erantsi du; eta aitortu du ez duela garai hartako bideorik ikusi nahi. "Aurreneko entsegua grabatuta dago, ba!", erantzun dio lagunak aldamenetik. Orioko Txarangako kideak dira. 2023ko San Pedro jaietan atera ziren kalera aurreneko aldiz, eta ordutik egin duten ibildearen errepasoa egin diote kazetariari entseguaren ondoren, mahaiaren bueltan eserita. Jon Itxaso da txarangako lehendakaria, eta Itziar Albenizek, Arantza Udabek, Ibon Gaztañazpik eta Jone Letek osatzen dute zuzendaritza.

"Guk nahiko genuke txaranga Kukuarri mendia bezalakoa bihurtzea; erantzukizun hori badugu. Oinarri ona jarri nahi dugu, hemendik 40 urte edo gehiagora ere Oriok txaranga bat eduki dezan eta txaranga horretan nahi duen edo ahal duen jendeak parte har dezan". Ahobizarrik gabe azaldu dute zein duten helburu nagusia, eta oriotarrei helarazi nahi dieten mezua ere argia da: Orioko Txarangak ateak zabalik ditu nahi duenarentzat. "Gure taldea parte hartzailea eta bizia da, eta nahi duguna da musika tresnaren bat jotzen duen edonor animatzea, nahiz urteetan instrumentua gordeta eduki, 6 urte izan edo 80 urte bete. Guk kudeatzen dugu taldea, baina txaranga herriarena da", azpimarratu dute.

Gelditzeko sortua

Orion 36ko gerraren ondorenetik txaranga beti izan dela diote. Hamarkada batzuk atzera eginda, Herrikoia izena eduki zuen txaranga bat izan zen, adibidez, eta han ibilia da oraingo taldeko kiderik zaharrena, Martin Perona. Ondoren izan dira txaranga gehiago ere, baina alironetan ateratzen ziren soilik, hau da, arraunlariei banderaren bat irabazi osteko harrera egiterakoan. Azken urteetan, gainera, Perona eta beste bizpahiru musikari baino ez ziren elkartzen ekitaldi horietan. "'Arraunlariek bandera herrira ekarri, herrian musika jotzen duten hainbeste ume egon eta gaitasunik ez txaranga kalera ateratzeko?'. Herrian bolo-bolo zebilen komentarioa zen hori", azaldu dute zuzendaritzako kideek. Horren aurrean, Orioko Udalak eman zuen txaranga berriz sortzeko pausoa 2023ko udaberrian; bilera antolatu zuen Kultur Etxean. Udal teknikariekin eta ordezkariekin batera –alkatea barne–, Musika Eskolako kideak, Musika Bandakoak eta abar elkartu ziren, baita segituan txaranga sortzeko prest zeuden herritar batzuk ere. "Aurreneko bileran, ezin ados jarrita ibili ginen, eta bigarrenean, are okerrago. Hirugarrenean ere, aurrerapausorik ez zen izan, eta azkenean, zera esan genuen: 'Gogorik ba al dago? Ba, gu, entseatzen hasiko gara'", oroitu dute. Halaxe, Perona eta hiru guraso elkartu ziren Kosta Tailerrean –Albeniz, Gaztañazpi eta Marijo Salsamendi–, txarangan aritzeko gogoa zuen gaztetxo kuadrilla batekin, eta entseatzen hasi ziren. Peronak eramandako Aliron, Bat bi hiru lau... eta beste hainbat kantaren partiturekin jardun zuten musika tresnei hautsa kentzen, eta umeek "gozatu" egin zutela adierazi dute. "Umeek gogoa zuten". Hamar bat lagun elkartu ziren, baina behar zuten jende gehiago ere: "Behar genuen norbait bonboa jotzeko, beste bat txapak jotzeko, eta kalean hasi ginen jendeari galdezka: 'Bonboa jo nahi al den? Etorri!'".

"Oinarri ona jarri nahi dugu, hemendik 40 urtera ere Oriok txaranga eduki dezan"

Taldea osatu zuten. Batetik, hor ziren gazteak, gogoz, gehienak Danbolin musika eta dantza eskolan aritutakoak, "musika oinarri ona" zutenak. Bestetik heldu gutxi batzuk, eta, horien artean, nola ez, peronatarrak. "Peronatarrek eutsi diote txarangaren tradizio honi", esan dute, argi. Martinen seme Iñigok ere lagundu zien: kalejira "erraz-errazak" jarri zituen taldekideen eskura, hamar bat pieza. Hasi ziren kantuak entseatzen, eta 2023ko sanpedroetan atera ziren aurreneko aldiz kalera. Gainera, uda hartan aliron-etan ere jardun zuten, KAE2n bandera dezente irabazi baitzituen Oriok.

Mugarria, zuzendaria

Hasieratik jabetu ziren bi gauzarekin: taldeak zuzendari bat behar zuela eta instrumentuen gabezia zutela: "Gu ez ginen gai hori guztia gobernatzeko, errepertorioa osatzeko, jendeari laguntzeko, umeak motibatzeko... Beste txarangetan ikusten genituen tronboiak, bonbardinoak... Guk, berriz, dena saxofoia genuen". Taldeko kideek esan dutenez, Iñigo Perona taldera batzen zitzaienean "lasaitua" hartzen zuten; izan ere, haien hitzetan, "hasiera hartan dena zen perkusioa eta saxofoia, pare bat tronpeta galdu kenduta". Gabeziak hasiera-hasieratik zituzten identifikatuta, baina baita helburuak ere: "Txarangak ibilbide luzea izatea nahi genuen, urteetan martxan egotea, eta hobetzea nahi genuen, instrumentu berriak taldera sartuta".

Hala, Martin Peronaren iloba Abel Peronari deitu zioten, txarangako kideei bonbardinoa eta tronboia jotzen irakastea eskatzeko. "Bederatzi saxofoi eta bizpahiru bonbo jotzaile genituen, eta Abelen laguntzarekin, hiru bonbardino eta lau tronboi jotzaile trebatu ditugu", azaldu dute. Urtebetez aritu zen hura irakasten, eta joan den udazkenean, txarangako zuzendari izatea proposatu zioten; onartu egin zuen.

Zuzendariaz iritzi ezin hobea dute txarangaren zuzendaritzako kideek: "Abelek jakin du umeak engantxatzen", nabarmendu dute. Zuzendari berriari hasieratik "askatasun osoa" eman diotela ere adierazi dute: "Abeli esan genion libre zela errepertorio tradizionala osatzeko". Zuzendariak txarangetan "errodaje handia" duela azpimarratu dute, eta esan dute gustura hartzen dituztela hark proposatzen dituen piezak, "oso konplikatuak ez baldin badira"; izan ere, taldea pixkanaka ari da maila hartzen. Dena den, argi dute txarangaren izateko arrazoia. "Gu ez gara profesionalak; txaranga aisia da", zehaztu dute. Dena den, kontuak kontu, beste herri batzuetatik ere hasi zaizkie emanaldiak egiteko deitzen: santelmoetan Zumaian izan ziren, eta Euskaraldiaren barruan, berriz, Galdakaon (Bizkaia).

"Hiru belaunaldi gabiltza elkarrekin; kultur transmisioa da hau, eta ez musikala bakarrik"

Txarangaren errepertorioaren oinarria Tolosako inauterietako kantuen zerrenda dela kontatu dute.18-20 abesti jotzen dituztela zehaztu dute, eta "noski", aliron-etarako erabiltzen diren piezak ez dira falta horien artean, ezta Errege Kabalgatan propio jotzen dituztenak ere. Hortik aurrera, zabala da abanikoa: Agur Zuberoa jo dezakete, baina baita Sera porque te amo eta gisa horretako kantak ere. "Kalejiren errepertorio handia dugu, eta pixkanaka, kantu berriak gehitzen ari gara, geldirik garela jotzekoak; bai klasikoak –mexikarrak eta halakoak–, bai berriak –modernoak–; esaterako, La Polla Records taldearen Txus abestia".

Pauso guztiak aurrera

Pauso txiki baina sendoekin, aurrera doa Orioko Txaranga: zuzendari baten gidaritzapean, instrumentu berriekin... Taldea indartzen ari da, taldea itxura hartzen hasi da. Horren lekuko, azken emanaldietan taldeko kideek izan duten look-a: elastiko zuriak eta koloretako gerrikoak, zapiak eta txapelak. Oraindik badute zer egina, ordea. Instrumentu eta kide gehiago nahi dituzte taldean, eta toki finko bat, entseguetarako. Izan ere, gaur-gaurkoz, Kultur Etxeko aretoan elkartzen dira ostiral iluntzeetan, hura libre dagoenean; Salatxo aretoan ere bai, instrumentu jakinen entseguak egin behar dituztenean. Kultur Etxean ezin denean, berriz, Orioko Herri Ikastolako aretoan nahiz jangelan aritzen dira. Dena den, udalari jakinarazi diote toki finko bat behar dutela: "Toki jakin bat izango bagenu, hainbat inbertsio egin ahal izango genituzke; esaterako, txarangak edukiko lituzke bere bonboak, bere txapak, helikoia...". Musikari bakoitzak bere instrumentua izatea da logikoena, baina txarangak bere perkusio tresna propioak edukitzea ere zentzuzkoa dela uste dute.

Etorkizun laburrean instrumenturen bat jotzen dakiten herritarrak txarangara batzea nahi dute taldeko kideek, izan haur, gazte, heldu zein adineko. Oraingoz, gizonezkoak dira musikari gehienak, eta horregatik, dei berezia egin diete emakumeei. Zuzendaritzako kideek etengabe aipatzen dituztenak txarangako musikari gaztetxoak dira, ordea; izan ere, horiek dira taldearen oinarria. "Urte mordo batean aritu dira instrumenturen bat jotzen ikasten, lan asko egin dute, eta orain ari dira ikasitakoaz gozatzen. Gogotsu eta ilusioz gainezka daude", iritzi diote. "Eta gu ere bai", erantsi dute. "Niri kristoren poza ematen dit txarangan jotzeak; izugarrizko gogoa izaten dut txarangan jotzeko eguna iristeko", aitortu du helduetako batek". Taldeko kideetako batzuek urteak zeramatzaten instrumenturik jo gabe, eta orain, egiteko hori berrartuta, zoratzen daude: "Emozionatuta gaude. Deskonektatzeko modu bat da txarangan aritzea, eta gazteen artean gaztetzekoa ere bai", esan dute, umoretsu.

Bi urte hauetako ibilbidearen balorazioa ere egin dute taldeko ordezkariek, eta horiek uste dute herrian, oro har, harrera "oso ona" izan duela txarangak. Haiek diotenez, herritarrek eskertu egin dute txaranga martxan izatea. Gainera, herriko musikagintzan "erreferente" diren pertsona hainbatek ondo ari direla eta txarangarekin segitzeko esan dietela ere azpimarratu dute, musikariek horrelako proiektuak behar dituztela eta. "Aurrera jarraitzeko bultzada sentitu dugu", aitortu dute. Zuzendaritzako kideak hausnarketa interesgarria eginda altxatu dira elkarrizketaren mahaitik: "Sekulakoa da hiru belaunalditako pertsonak elkarrekin zerbait egiten ikustea. Kultur transmisioa da hori, ez musika transmisioa bakarrik, eta hori denontzat da aberasgarria. Garaiotan, horrek ez dauka preziorik".

Abel Perona: "Txundituta nago txarangako kideek hasieratik izan duten jarrerarekin" 

Peronatar guztiek bezala, Abel Peronak (Orio, 1973) ere zainetan darama musika, eta ondo gogoan du noiz hasi zen txarangan parte hartzen: "8 urte egin nituenean bonbardino bat oparitu zidaten. Aitona Karlos [Perona] izan nuen aurreneko maisua, osaba Martinekin [Perona] batera. Orduan hasi nintzen txarangan, haiekin; Erregeen Kabalgatan atera nintzen". Udaletxe zaharrean entseatzen zutela akordatzen da, goiko solairuan. "Ate berdeak zituen eraikinak, eta haietako bat bere tokitik atera arbel gisa erabiltzen genuen". Handik urte batzuetara, aitonak berriz elkartu zituen musikari batzuk txarangan aritzeko, eta entseguak kiroldegi aurreko etxabeetan egiten zituztela kontatu du, "batez ere estropadak irabazitakoan ateratzeko".

Ia hiru hamarkadaz aritu da Perona Errenteriako kontserbatorioan irakasle, eta joan den udazkenetik, bera da Orioko Txarangako zuzendaria. Taldearekin harremana urtebete lehenago hasi zuen, ordea, 2023ko azaroan dei bat jaso zuenean. "Ibon Gaztañazpik hots egin zidan txarangaren proiektua esku artean zutela esanez, eta txarangako kideei tronboia jotzen irakatsiko zien norbait ezagutzen al nuen galdetu zidan. Hala esan nien: 'Nahi baduzue, ni neu'. Izan ere, 16 urterekin gurasoekin Donostiara joan nintzen bizitzera, eta beti eduki dut herrira bueltatzeko nahia".

Irakasle ibilbidean era guztietako ikasleak izan dituen arren, esan du inoiz ez duela topatu ikasteko gogoz dagoen talde oso bat. Peronarentzat "gozada" da horrela irakasten aritzea: "Aurreneko momentutik txundituta gelditu naiz txarangako kideen jarrerarekin. Denak etortzen zaizkit pilak jartzera, uneoro aritzen dira materiala eskatzen eta irakasteko eskatzen. Zoragarria da; ilusioz beteta daude, baita neu ere". Peronak aitortu duenez, uneotan tronpeta jotzaileak behar dituzte taldean, baina edozein musikariri zabaldu dizkio txarangaren ateak: "Ikasi eta ondo pasatu nahi duen oro ongietorria izango da"

Txaranga, gazteenen begiradatik

Orioko Txarangan musikari gaztetxo asko aritzen dira. 10 eta 18 urte bitarte dituzte horiek, eta ez dute entsegurik huts egiten. Ikasteko eta ikasitakoa kalean jotzeko amorratzen daude, eta daukaten energia erruz transmititzen diote talde osoari. Gehienak txarangaren sorreratik ari dira parte hartzen, eta azpimarratu dute kideak elkarren artean lagun egin direla, musikak batu dituela, eta entseguetara gustura joaten direla. "Konpromisoa eskatzen du, baina ondo pasatzen dugu". Kalean jotzeko aukera izan dute, eta azaldu dute jendaurrean aritzean "lotsa eta presio gutxi" sentitzen dutela. Gainera, haien arabera, "musikaz gozatzeko beste modu bat" da txaranga. Taldeak herriari bizipoza ematen diola uste dute, eta gustuko dute beraiek horren parte izatea. Iaz Kontxako bigarren igandean bizitako esperientziaz akordatu dira: txarangako gaztetxoak beren kabuz ibili ziren arranpla inguruan giroa alaitzen, eta minutu batzuetan getariarrak eta oriotarrak elkarrekin aritu ziren piezak jo eta jo, arraun zaleen gozamenerako. Orduko oroitzapen polita dute.

Taldeko helduek ez bezala, gaztetxoek berehala esan dute jotzen dituzten piezen artean zein duten gustukoen: Lesakako inauteriak esan du batek, "oso martxosoa" delako eta txarangaren sorreratik jo izan dutelako; mariatxiak aipatu dituzte beste batzuek, esaterako, Los tres caballeros abestia. Txarangan jarraitzeko asmoa duten galdetuta, den-denek goantz jarri dute erpurua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide