Euskararentzat justizia eskatu dute oriotarrek

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 19a, 13:22

UEMAk deituta ia 100 udal eta milaka herritar atera dira gaur eguerdian kalera, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera. Orioko plazan elkarretaratze jendetsua egin dute. Pankartari udaleko bi alderdietako ordezkariek eta euskalgintzako kideek eutsi diote.

Gaur eguerdian euskararen aldeko mezu argia helarazi dute oriotarrek: euskararekin bat egiten dutela eta euskararentzat justizia eskatu dituzte. UEMAk eta udalek deituta, 12:00etan udaletxeen aurrean egin dituzte elkarretaratzeak ia 100 herritan, tartean Urola Kostako hamarretan –Aian ez beste herri guztietan–.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu aste honetan, eta UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen herenegun, udalerri euskaldunetan gaur eguedirako elkarretaratzeak deituta. UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu diote presazko deialdiari, eta kalera atera dira. Azken epaia salatzeko kartelak erakutsi dituzte, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.

Orion jende ugarik egin du bat deialdiarekin. Pankartari eusten udaleko bi alderdietako ordezkariak izan dira –EH Bildutik Anuska Esnal alkatea eta Bittor Andres zinegotzia eta EAJtik Noemi Ostolaza zinegotzia–, baita euskalgintzako kideak ere –Jabi Zabaleta Euskara teknikaria eta Antonio Campos Euskaltzaindiako ohorezko kidea–. Haien atzean, adin guztietako dozenaka herritar, aurpegi serioekin, euskararen aldeko kartelak erakutsiz. 

Herritarren artean izan da Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria, eta amaieran hainbat adierazpen egin dizkie komunikabideei. Azpimarratu du pauso irmoak emateko ordua dela: "Dagoeneko ez da nahikoa batzuek ukatzen duten arren gertatzen ari den oldarraldi judiziala salatzea. Ezin dugu begira geratu gertatzen ari denaren aurrean, eta uste dugu momentua dela erabakigarritasunez aritzeko eta euskararen normalkuntzan eta babesean aurrera begirako urrats sendoak emateko". 

Onartu du euskararen babeserako eta euskararen normalilzazioan aurrera egiteko erabaki batzuk ez daudela bete-betean beren esku, baina "oso garrantzitsuak diren beste batzuk" euskal alderdien esku daudela esan du; "esaterako, badugu gaitasuna eta gure esku dago horrelako oldarraldien aurrean babesteko, behar dugun aterpe juridiko berria eraikitzea". Nabarmendu du horretarako "instrumentuak eta gehiengoak" badituztela alderdi abertzaleek eta euskaltzaleek, eta "hein handi batean" partekatzen dituztela erronkak eta mehatxuak. "Uste dugu euskararen normalkuntzak behar dituen erabaki juridiko horiekin konprometitzeko momentua dela eta ezinbestekoa dela  alderdi eta formazio abertzale eta euskaltzaleak horretan konprometitzea. Ezin dugu gehiago itxoin, larrialdi linguistiko batean gaude, eta momentu honek erreakzioa eskatzen du".

Alderdiei eskaera zehatza

Martin Aramendi UEMAko lehendakaria Ataungo elkarretaratzean izan da, bertako alkatea baita, eta han egin ditu adierazpenak UEMAren izenean. Deialdiarekin bat egin duten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu du: "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diran milaka herritarrei".

Aramendiren hitzetan, "egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu. Badakigu, ildo horretan, euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari dela. UEMAk horiekin bat egingo du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu ondoan izan ditzagun gaur bezala, gure eskubideen defentsan".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide