Orioko Udalak bat egin du UEMAk bihar eguerdirako deitutako elkarretaratzearekin

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 18a, 18:41

Orioko udaletxea.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) osatzen duten 118 herrietako bat da Orio, eta herritarrei eskatu die babes dezatela bihar 12:00etan udaletxe aurrean Euskararekin bat lelopean egingo den elkarretaratzea. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen bat onartu berri du udal erakundeetan euskara lehenestea baimentzen duen araubidearen kontra.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) prentsaurrekoa egin zuen atzo eguerdian Zarautzen. Bertan salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituen epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa" dela, eta ohartarazi zuen euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duela epaiak. Udal erakundeetan euskara lehenestea baimentzen duen araubidearen kontra egiten du Gorenaren ebazpen horrek.

Horregatik, elkarretaratzeak deitu zituen larunbat eguerdirako UEMAko kide diren herrietako udaletxeen aurrean. Protestak Euskararekin bat lelopean egingo dituzte, 12:00etan, eta deialdiarekin bat egin du Orioko Udalak ere –UEMAko kide da udalerria–. Hala, herritarrei eskatu die babes dezatela bihar udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzea.

Urola Kosta eskualdean herri guztiak dira UEMAko kide, Aia salbu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide