Orioko Udalak, herrian mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoarekin, Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko proposamen bat egitea eskatu die Self Office eta Assut Studio arkitektura bulegoei. Proposamen horren aurkezpena asteazken honetan egingo dute, 19:00etan, Kultur Etxean.
Azken urteetan, Goiko Kaleko eremu nagusien "irisgarritasuna hobetzeko neurriak" hartu ditu udalak, hala nola Kultur Etxearen atzeko edota Elizako eraikinaren barruan dauden igogailuak jarriz.
Hala eta guztiz ere, eremuaren desnibela kontuan izanik eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko helburuarekin, "neurri osagarriak hartzeko beharra" ikusi da. Egoera horren aurrean, arkitektura bulegoei zuzendutako lehiaketa bat antolatu zen, baina udalak jakinarazi duenez, talde bakarra aurkeztu zen deialdira.
Hortaz, Self Office eta Assut Studio arkitektura bulegoek elkarlanean landu dute gaia, eta igogailu berri bat eta beste aparkaleku bat jartzeko proposamena planteatu dute, baita Goiko Kaleko trafiko fluxua landu ere.
Proposamen berria herritarrei aurkezteko, udalak bilera irekia deitu du asteazken honetarako, arratsaldeko 19:00etan hasita, Kultur Etxean. Goiko Kaleko bizilagunek ez ezik, gaian interesa duten herritar guztiek har dezakete parte.