Oriora edo Tolosara joateko denbora bertsua behar du Adur Tapia (Asteasu, 2004) Orioko arraunlariak, Asteasuren goikaldean bizi baita, Andatzarratetik gertu. Arraunean, baina, Tolosan hasi zen, 14 urterekin. Ondoren, Zarautzera joan zen aulki mugikorra probatu nahi zuelako eta handik Tolosara bueltatu zen, eta gazte mailako lehen urtean Oriora joan zen. Gazte mailako bigarren urtean Orioko B traineruan aritu zen eta zuzenean igo ziren KAE 1 ligara. Anjel Larrañaga tolosarra zuen entrenatzaile. Orduan iritsi zen gorengo trainerura salto egiteko aukera.
Umetan arrauna jarraitzen al zenuen?
Arrauna beti izan da udako kirola, baina nik ez nuen asko jarraitzen. Aitaren lagunekin igande arratsaldeetan askotan joaten ginen Oriora bandera irabazten zutenean. Hemen ere jende asko baitago Oriokoa. Gero, 2017an Oriok Kontxa irabazi zuenean gogoan dut nola joan ginen Oriora, nola sartu ziren arraunlariak plazara txu-txu trenean, Gorka [Aranberri, patroia] banderarekin, eta atzean Aldape [Ibon Arruti, arraunlaria] ere bai, oraindik taldean jarraitzen duena… Irudi hori dut grabatuta, harrera hori. Baita 2019an Oriok liga irabazi zuenekoa ere.
Orioko B traineruan zeundenean, lehenengorako saltoa urruti ikusten al zenuen?
Neguan zehar ia beti batera joaten gara entrenatzera, eta proba guztiak elkarrekin egiten ditugu. Arraunlari onenen probak hartzen nituen erreferentzia moduan, eta pixka bat hori egitera joaten zara. Badakizu hor egoteko gutxi gorabehera zein muga gainditu behar dituzun. Hasieran, oso urruti ikusten duzu, baina gero proba horiek pasata, non zauden ikusten duzu. Nire kasuan, hasieratik probak ondo joan ziren, eta alde horretatik, ondo joan zen.
Joan den urtean lehenengo aldiz gorengo mailan egin zenuen arraun. Zer moduz joan zen?
Hasieran dena desberdina da. TKE [Traineru Kluben Elkartea] gorengo liga da, beste presio bat dago… Baina taldeko jendeak oso ondo hartu nau, eta alde horretatik, erakutsi bakarrik ez didate egin nola doazen gauzak. Orion beti esaten da bigarren egitea galtzea dela. Ez bada irabazten, ez duela balio. Hala ere, joan den urtean jendeak asko animatu gintuen, eta urte txukuna egin genuen. Eta Kontxarako hamabost bat egun geratzen direnean, jendeak gehiago animatzen du, eta sekulakoa da hori. Ezin da azaldu. Kontxara joaten zarenean, batez ere kolore horia ikusten duzu.