Jorge Arribas: "Ardo kaxa bat gaita bihurtzen dugu"

Aiora Arriola 2025ko uzt. 18a, 10:00

Feten Feten bikotea. (Utzitakoa)

Ohiko instrumentuez gain, birziklatutako materialez egindako instrumentuekin ere melodia sortzen dutela azaldu du Jorge Arribas musikariak. Zuzeneko kontzertua gaur 20:00etan herriko plazan emango da hondartzako berdegunean eman beharrean.

Feten Feten taldeko Jorge Arribas musikariak, Diego Galaz kidearekin egingo duen emanaldiaren inguruko bitxikeriak azaldu dizkio Gukari. Gaur, ostirala, biharko aurreikusten den eguraldia dela eta, kontzertua hondartzan eman beharrean herriko plazan emango da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Hona hemen azaldutakoa:

Zer musika mota egiten du Feten Fetenek?

Musika herrikoia, ohikoak ez diren tresnekin. Bolero erritmoak, fandangoa, bertsio tradizionalak, jotak...jotzen ditugu, azkenean, gure esentzia musika herrikoia da. Horretarako, instrumentu tradizionalak eta guk sortutako instrumentuak nahasten ditugu.

Aipatu duzu tresna ez konbentzionalak erabiltzen dituzuela. Zergatik hasi zineten hori egiten?

Proiektua hasi zenean, nire kideak zerrotea eta biolin tronpeta jotzen zituen, garai hartan zuzendari artistikoa baitzen, eta nik, bera ikustean, edo Xavier Lozano edo Joaquin Sanchez, Vibra-tó taldeko kidea bezalako jendea ikustean, musika, tresna ez konbentzionalekin sortzen zutela ikusi nuen, eta horrela mundu horretan sartzea erabaki nuen.

Zuen musikak ba al du letrarik, edo instrumentala da nagusiki?

Instrumentala da ia kontzertu guztietan, duoa egiten baitugu. Diegok hari instrumentuak jotzen ditu, baita perkusio instrumentuak ere. Nik, berriz, akordeoia jotzen dut, guk sortutako kanpin aulkiko txirula ere bai, berrerabilitako elementuekin egina. Ikuskizuna normalean instrumentala izaten da, Orion ere horrela izango da, baina abeslariekin ere grabatu izan dugu, haiek letra jarriz.

Nola erreakzionatzen du jendeak hain ohikoak ez diren instrumentuekin jotzen duzuela ikusten duenean?

Hasieran beti irribarrea ateratzen zaie, edo harridura aurpegia jartzen dute, instrumentu “arraroekin” jotzen ikusten gaituztelako. Gero, horren atzean proposamen musikal bat dagoela ikustean, eta melodia bat dagoela tresna horien atzean, mirespenezko begirada jartzen dute. Azkenean, melodia afinatu bat sortzen dugu zerrote batekin, ardo kaxa batekin...hori guztia proposamen musikal bat da, ez da barre egitea bakarrik.

Nola deskribatuko zenuke zuen musika inoiz entzun ez dizuen norbaitentzat?

Lehen aipatu dudan bezala, gure musika tresna ezohikoak dituen musika herrikoia da, gure arbasoek inspiratutako melodien bidezko bidaia musikal bat biltzen duena. Gainera, kontzertuan zehar, gure abestiak jotzeaz gain, instrumentu bakoitzaren historia ere azaltzen dugu.

Nondik dator "Feten Feten" izena?

Feten Feten hitzak "txapo" esan nahi du, ondo dagoen zerbait. Tradizionalki Espainian erabiltzen zen hitz bat da; lehen, zerbait bikaina zenean "hau feten feten dago" esaten zen. 2009an edo jarri genion izen hori.

Zer publiko mota izaten dute zuen kontzertuek?

Gure kontzertuak publiko guztiarentzat dira, batzuetan ikastetxeentzat edo zehatzagoak diren kontzertuak egiten ditugu, baina kontzertu arrunt batean denetarik egon daiteke; hasi adinekoetatik, familietatik…umeetaraino, ez dago segmentatuta.

Ba al dago zuen kontzertuetan inoiz falta ezin den abestirik?

Bai, La Jota del Wasabi. Jotazko erritmo bat da, publikoa dantzatzera animatzen duena. Gainera, bertsio bat egin dugu orain txalapartariekin. Bestalde, Vals para Amelia abestia ere jotzen dugu beti, zerrotearekin, Diegoren amari eskainitako abestia da.

Zer esango zenioke zuek zuzenean ikustera joan ala ez zalantzan jartzen duen norbaiti?

Esango nieke kontzertuan asko gozatuko dutela, instrumentu asko nahasten ditugulako, bakoitzaren historia azaltzen dugulako...azkenean ardo kaxa bat gaita bihurtzen dugu eta melodia bat jo. Oso polita da ikustea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide