Urte luzez, Amaia Gutierrez (Orio, 1975) izan zen Alba Carreteroren (Orio, 1996) biolin irakaslea, eta urte asko elkar ikusi gabe egon ondoren, Urmuga egitasmoak elkartu ditu: larunbatean jo zuten elkarrekin aurreneko aldiz Garrastatxu baselizan, Araban, Et Incarnatus orkestrarekin. Astelehen eta asteartean, berriz, Bizkaian aritu ziren, Ziortza-Bolibarren eta Mañarian. Beste hainbat saio eskainiko dituzte datozen egunetan.
Seigarren edizioa du Urmugak, baina, zer da?
AMAIA GUTIERREZ: Urmuga mendia eta musika elkartzen dituen proiektu ero bat da, uztailean egiten dena eta Euskal Herri osoa zeharkatzen duena, oinez. Antolatzailea Et Incarnatus orkestra da, saio gehienetan horrek jotzen du, baina ibilaldi pila bat direnez, geldiune bakoitzean bertako taldeek ere jotzen dute, baita kantari ezagunek ere. Miguel Zeberio orkestraren zuzendaria da musika arloaren arduraduna; mendi ibilaldiena, berriz, Felipe Uriarte mendizalea. Bere 81 urteekin, oraindik hor dabil. Herritarrek aukera izaten dute zeharkaldi osoa egiteko nahiz egun zehatz batean parte hartzeko. Egunean sei bat orduko ibilaldiak izaten dira, eta normalean, amaieran izaten da pare bat orduko kontzertua.
Zu, Amaia, Et Incarnatus orkestrako kidea zara, eta hasieratik zabiltza Urmugan.
A.G.: Hala da. Proiektua sortu zenetik naiz haren parte. Musikariok uztailean elkartzen gara astebetez, goizez eta arratsaldez, Tolosako ikastolan, entseatzeko. Dena den, azpimarratu nahi dut Urmugak auzolan ikaragarria duela atzetik.
Alba, zu, berriz, batu berri zara proiektura. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
ALBA CARRETERO: Oso ona, giro oso polita sortzen da. Goiz-goizetik hasten dira soinu teknikariak lanean, eta gu ere egun-pasa joaten gara: goizean probak egin, elkarrekin bazkaldu, berriz entseatu, 18:00etan bi orduko kontzertua eskaini, bertan afaldu...
A.G.: Niretzat izugarri polita da nire ikasle izandakoarekin proiektu hau partekatzea.
Zeuek ez zarete oinez igoko mendira...
A.G.: Segun eta zer lekutara ezinezkoa da ordutegi kontuengatik, baina saiatzen gara tarte batzuk oinez egiten, guretzat ere polita delako halako parajeetan ibiltzea.
Azken saioan, esaterako, jende asko batu al zitzaizuen?
A.G.: Jende pila bat, bai. Mañariko harrobia dagoen tokian eman genuen kontzertua. Eszenatoki natural oso-oso polita da, eta kontzertua ere, bezperakotik oso bestelakoa izan zen. Aurrekoa konbentu batean egin genuen, eta beraz, programa bera ere oso desberdina izan zen. Konbentukoa askoz ere kontzertu klasikoagoa izan zen. Mañarikoan, berriz, Janus Lester, Eñaut Elorrieta eta Leturia bezalako kantariekin aritu ginen.
A.C.: Jendea animatzen da, bai. Esaterako, katalan batzuk Urmugaren ibilbide osoa egitera etorri dira.
Zer sentitzen da halako parajeetan joz?
A.C.: Emozionantea da. Herenegun, esaterako, gora begiratu eta aurrean Anboto ikustea... Eta, gainera, betiko kantuak jotzea eta abeslariekin batera aritzea... Ni hunkitu egiten naiz.
A.G.: Lan eta esfortzu handia da, eta entseguak eromena dira sekulako errepertorio zabala dugulako, baina erabat ados nago Albarekin, eta uste dut parte hartzen dugula asko ematen duelako bueltan.
Nolakoa da mendian eskaintzen duzuen kontzertu bat?
A.C.: Mañarian, adibidez, kontzertua Eñaut Elorrietak hasi zuen a capella abestuz, mikrofonorik gabe, harkaitz punta batean. Denok isil-isilik entzun genion. Sekulako esperientzia izan zen.
A.G.: Magia berezia sortzen da halako parajeetan, toki itxietan-eta sortzen ez dena. Musikariontzat ere sekulako aukera da, bai halako parajeetan jo ahal izateagatik, bai musikari ezagunekin aritzeko aukera dugulako. Gainera, normalean musika klasikoaren bueltan ibiltzen gara gehienok, eta Urmugan, betiko errepertoriotik ateratzen gara. Kantariek ere gauza bera esaten digute, beraientzat sekulakoa dela orkestra batekin aritzea.
Kontzertua amaitzean, zer esaten dizuete entzuleek?
A.C.: Jendea pozik joaten da. Gainera, dantzatzeko aukera ere egoten da; formatu askeagoa da hau bai publikoarentzat, bai guretzat. Gu ere saltoka eta kantuan aritzen gara.
A.G.: Kontzertua hasteko eta bukatzeko gure erritualak sortu ditugu, eta publikoari gustatu egiten zaizkio, gainera. Saioa hasten dugu Altsasuko soka-dantza izeneko abestiarekin, eta jende artetik ateratzen gara. Amaitu, berriz, Leturia-eta baldin badaude, behintzat, kalejiraren batekin, erromeria giroan.
2.500 metrotara, Anie puntan ere jotzekoak zarete...
A.G.: Iaz igo nintzen, eta aurtengo egitasmoan ere orkestrak joko duela jartzen du, baina gutxi batzuk igoko gara, ez delako iristeko toki erraza. Polita bada, ordea, dudarik gabe.
Gaur Getarian eta Aian barrena ibiliko dira
Aurtengo Urmuga edizioa uztailaren 11n hasi zuten Arabako lurretan, eta hogei egun geroago amaituko da, Santa Grazin (Zuberoa). Urola Kostan ez da kontzerturik izango –orain arteko edizioetan ez dute inoiz jo eskualdean–, baina pare bat geldialdi egingo dituzte. Gaur bertan, hain zuzen: 12:00etan, Aiako eta Zarauzko Elkano auzoko San Pedro ermitan izango dira mendizaleak, eta Arabiten Zurdetan taldearen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Ondoren, Adunarako (Gipuzkoa) bidean, Aiako plazan ere hartuko dute atseden, eta han ere musika talde berak alaituko du giroa, 16:00etan. Kontzertu nagusia, berriz, Adunako Basopetan izango da, 19:00etan. 22 kilometro egingo dituzte gaur mendizaleek Getaria eta Aduna artean, guztira.