Bizkarreneko etxearen atzealdean dauden lurpeko edukiontzien sistemak azken urteetan izan dituen matxuren harira, Urola Kostako Udal Elkarteko zabor bilketa zerbitzuak edukiontziak hustutzeko arazoak izan ditu askotan, eta, kasu horietan, "edukiontzi aereoak" jarri izan ditu.
Egoera horren aurrean, udalak "behin behineko soluzioa" planteatu du. Alde batetik, gunea egokitu dute "erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko", hau da, zaborra lurpera botatzeko buzoiak kendu dituzte, eta zuloak tapatu.
Bestalde, gaur, astelehena, edukiontzi "irisgarriagoak eta finkoak" jarriko ditu udal elkarteak. Modelo berria den arren, orain arteko edukiontzi arrunten antzekoak dira, neurriz, baina baxuagoak dira. "Modelo horrek aukera emango du hondakinak errepidera atera behar izan gabe botatzeko eta, beraz, segurtasuna hobetuko du", azaldu du udalak. Orain arte bezala, edukiontziak organikoa, errefuxa, plastikoa, kartoia eta beira biltzeko izango dira.