Kanpinak, ongizatea ardatz

Urtzi Oteiza, Aiora Arriola, Juan Luis Romatet eta Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 11a, 11:30

Gero eta bidaiari gehiagok aukeratzen dituzte eskualdeko kanpinak oporretako helmuga gisa. Arrakasta horren erakusle da hainbat bidaiarik urtero kanpin bera aukeratzea. Beren istorioak kontatu dituzte Sheila Ortiz de Jocalo eta Juanjo Landa kanpistek eta Irati Sesma kanpin zuzendariak.

Sheila Ortiz de Jocalo: "Umeekin egoteko leku paregabea da"

(Juan Luis Romatet)

Sheila Ortiz de Jocalo (Legazpi, 1988) eta bere familia Zumaiako Kanpineko erabiltzaileak dira. Bertan, lasaitasuna eta bakea aurkitu dituztela kontatu du, eta pixkanaka hasi zirela maizago etortzen: "Duela sei edo zazpi urte hasi ginen bertaratzen. Hasiera batean etortzen ginen asteburu pasa, astebete ere bai batzuetan, eta oso gustura geundenez, partzela bat hartu genuen urte osorako", azaldu du legazpiarrak.

Urtean zehar Legazpin (Gipuzkoa) bizi bada ere, eta bizimodua han badu ere, edozein aukera baliatzen du Zumaiara hurreratzeko. "Astebururo, edo ahal dugunean, behintzat, Zumaiara gerturatzen gara, kanpinera. Irakaslea naiz, eta uda garaian bi hilabete oso egiten ditugu hemen", azaldu du.

Kanpinak, bere ustetan, umeekin egoteko "toki aproposak" dira. "Lehen aldiz etorri ginenean, asko gustatu zitzaigun; batik bat, Zumaiako Kanpina. Estreinako aldi hartan ongizate sentsazioa izan nuen: muino baten gainean gaude, berdegunez inguraturik, Artadi hortxe parean dugu. Leku honek lasaitasuna transmititzen dit, eta umeekin egoteko leku paregabea da", dio.

Zumaiara etorri aurretik, beste kanpin batzuk ere bisitatu ditu Ortiz de Jocalok. "Senarra txikitatik ibili izan da gurasoekin kanpinetan. Guk, berriz, hasieran bigarren eskuko karabana erosi genuen, probatzeko. Senarraren gurasoek itsasontzi bat dute Zumaiako kirol portuan, eta horregatik etorri ginen hemengo kanpinera aurreneko aldiz. Gero, uda garaian beste kanpin batzuetan ere ibili ginen, baina azkenean beti hona etorri gara", adierazi du legazpiarrak.

Uda sasoian, uztailean eta abuztuan, Zumaiara etortzen badira ere, urteko beste une batzuetan asteburuko eta oporretarako irteerak egiten dituzte beste leku batzuetara. "Aste Santuan edo Maiatzaren 1eko zubian egonaldi laburrak egiten ditugu hoteletan-eta, baita beste kanpin batzuetan ere, baina bestela, zuzenean hona etortzen gara; hemen igarotzen ditugu gure ia opor guztiak", nabarmendu du.

Kanpinaren eskaintzak bere sendiaren beharrak asebetetzen dituela uste du Ortiz de Jocalok, eta gainera, lagunartea ere egin dutela aitortu du: "Lagun asko dauzkagu inguruan, plan asko egiten ditugu. Kuadrilla txiki bat eginda dugu hemen, bai umeek bai helduok. Gainera, Zumaian beti dago zerbait egiteko".

Gustura egoten da herrian, eta aldatzeko gogorik ez du: "Oso gustura gaude, eta printzipioz, hemen jarraitzeko asmoa dugu".

Juanjo Landarentzat Orioko kanpina, hamarkadetako atsedenleku

(Aiora Arriola)

Urteak daramatza Juanjo Landak (Ibarra, 1948) Orioko udal kanpinean denboraldi osoa igarotzen emaztearekin batera. "Berrogeita hamar bat urte badira etortzen hasi ginela", adierazi du kanpinlariak. Gipuzkoan bizi arren, kanpinera deskonexio bila etortzen hasi zirela azaldu du. "Orioko kanpina aukeratu genuen etxetik gertu zegoelako; Ibarratik 20 minutu daude hona etortzeko".

Gustura joaten zirela ikusi zutenean, beren kanpin denda garatzen joan zirela aitortu du. "Kanpin denda txiki batekin hasi ginen, eta gustatu egin zitzaigunez, erosotasun gehiago edukitzeko denda handiago bat hartu genuen; ondoren, karabana, eta, egun, mobil home-a daukagu". Beraien bizimodua aldatzen joan arren, kanpinean ederki egokitu dira senar-emazteak: "Hasieran, lana egin ondoren etortzen ginen atsedena hartzera, eta goizean umeak bertan gelditzen ziren amonarekin hemengo giroaz gozatzen, gu lanetik itzuli arte", azaldu du.

Orain, aldiz, bilobekin igarotzen dute kalitatezko denbora kanpinean: "Gaur egun, erretiratuta egonda, denboraldi osoa pasatzen dugu hemen, baina kanpinlari guztiek ez daukate guk dugun aukera bera. Guk familiaren zati bat daukagu Orion, eta jendea beren herrietara bilobengana joaten den bitartean, guk beraiekin hemen egoteko aukera daukagu", nabarmendu du.

Hainbeste urtez kanpin berean ibilita, beste kanpinlariak ezagutzen dituztela aditzera eman du Landak: "Leku guztietako jendea dago: Ibarra aldekoak, Azpeitia aldekoak, Azkoitia aldekoak… eta atzerritarrak ere badaude, eta ondo, ia denok ezagutzen dugu elkar eta giro ona dago, lasaia eta atsedentsua".

Garai batean beraien artean planak ere egiten zituztela aitortu du. "Orain adina ere goraka doa, baina lehen ateratzen ginen mendi aldera umeekin, hori zen gure kuadrilla arteko harremana, baita hondartzara joatea edo edozein kirol egitea ere". Horren harira, kanpinetik kanpo ere mila ekintza egin daitezkeela dio: "Hemen dena gertu daukagu: itsasoa, mendia, herria… Gero, gainera, arraunzaleak izanda, hori ere jarraitzen dugu eta hortxe ibiltzen gara, bultzaka".

Argi du Orion jarraituko duela aurrerantzean ere: "Ez nioke utziko inolaz ere hona etortzeari. Oporretara joateko aukerak izan ditugu, baina hemen hain ondo egonda, ez digu ezer esaten beste lekuetan batera eta bestera ibiltzeak. Hemengo lasaitasuna, guretzako, garrantzitsuagoa da".

Irati Sesma: "Bezero fidelek aurrera jarraitzeko segurtasuna eta indarra ematen digute"

(Ekaitz Etxabe)

Itsasoko olatuen hotsarekin esnatzea. Kanpin dendaren edo karabanaren atea ireki eta goizeko lehen surflariak ikustea. Bisitarien artean, hainbatek urtez urte beraien oporrak igarotzeko lekua errepikatzea erabaki dute, arrazoi desberdinak medio. Irati Sesma Gran Camping Zarautz kanpineko zuzendariak adierazi duenez, "bezero fidel horien kopurua handitzen doa eta gero eta nabarmenagoa da".

Sesmak bi profil mota bereiztu ditu urtero Zarauzko goiko kanpinera joaten diren bezeroen artean: "Batetik, euskal herritarrak. Urtero euskal jende ugari etortzen da gure kanpinera, beraien karabana hemen edukitzen dutelako. Horiek, Gabonetako oporretan, udako oporretan nahiz Aste Santuan etorri ohi dira. Bestalde, atzerritar asko etorri ohi da. Gehienbat herbeheretarrak, alemaniarrak, frantsesak eta italiarrak izan ohi dira, eta urtero beraien oporrak hemen igarotzen dituzte".

Bezero horiek, batik bat, "uztaila eta iraila amaiera artean" joan ohi direla azpimarratu du Sesmak. Hala ere, negu partean, urtero ailegatzen zaizkien "gero eta bisitari gehiago" izaten dutela gaineratu du, jendeari "lehen baino gehiago" gustatzen baitzaio "behe-denboraldiko lasaitasuna".

Zarauzko kanpina aukeratzeko arrazoi nagusien artean, bat nabarmendu du Sesmak: "Kokapena". "Oso leku onean" kokatuta daudela irizten dio kanpineko zuzendariak: "Donostiatik eta Bilbotik denbora gutxira gaude, eta Iruñera joateko ere ondo dago. Gero, kostaldean gaude, eta Zarauzko hondartza oso famatua da surfagatik". Euskal Herriko gastronomia ere Zarauzko kanpina aukeratzeko arrazoien artean dagoela adierazi du.

"Urtero etortzen diren bezeroekin, azkenean, harreman berezia nahigabe sortzen da", azaldu du Sesmak urteroko bisitariei buruz. Bezero horiekin daukaten harreman bereziaren erakusle, partzela edo kale zehatz bat nahi badute, "gune zehatz horixe ematen saiatzen" direla. Partzela horiek "ez dute jaberik izaten, baina urtero etortzen diren horiek beraien partzela oso bere sentitzen dute", nabarmendu du Sesmak.

Zarauzko Gran Camping kanpinarentzat "zorte handia" da horrelako bezeroak edukitzea: "Zerbait ondo egiten ari garela esan nahi du, jendeak errepikatu egin nahi baitu". Horrek "aurrera jarraitzeko segurtasuna eta lana hobeto egiteko indarra" ematen diela azaldu du.

Bezero mota horri lotutako anekdota eta bitxikeria "asko" dituzte gogoan, baina maiz gertatzen zaien kasu bat nabarmendu du Sesmak: "Badakigu bezero horiek urteko zein datetan etortzen diren. Beraz, beraiek webgunetik erreserba egiterakoan, ohikoa ez den data bat aukeratzen badute, guri duda sartzen zaigu. Gainera, askotan telefonoz deitzen diegu, eta ez dute erantzuten. Azkenean, geu larritzen gara, beraien ohiko garaian etorriko direla eta lekurik ez dutela izango pentsatuz. Ez dugu jakiten zer egin. Ez dugu jakiten benetan dataz aldatu nahi duten, ala nahastu egin diren".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide