Bilboko Santutxu auzoan jaioa da Oihana Munduate Iguaran Orioko bizilaguna. Euskaldun zaharra da, C2 maila lantzen ari da euskaltegian, eta Mintzalagun programako kide ere bada azken urteetan.
Nolatan bizi zara Orion?
Kostako herri batean bizitzeko ilusioa nuen. Hasieran, Orio ezagutzen nuenez, eta aldaketa handia zelakoan –Santutxukoa naiz–, Zarautzera joan nintzen bizitzera, baina gero Oriora etorri nintzen.
Nolakoa zen euskararen egoera Bilbon?
Bi mundu paralelotan bizi nintzen ni: mikrosisteman, Santutxun, euskaraz; makrosisteman, Bilbon, aldiz, gaztelania zen nagusi. Han euskaraz aritzen saiatzen ginenean, gaizki tratatzen gintuzten: mespretxuekin, begirada gaiztoekin...
Ondorioz, euskararekiko konplexurik izan al duzu?
Horregatik ez. Dena den, Gipuzkoan familia nuen, eta haiekin euskara batuan hitz egiten nuenean –beraiek euskalkian hitz egiten zuten–, beraiek baino maila baxuagoan nengoela iruditzen zitzaidan; nire euskara ez zen hain jatorra, pijoagoa zen... Kontrara, Bilbon Bizkaiko herrietako jendearekin elkartzen ginenean, harro sentitzen ginen; izan ere, euskaraz bagenekiela ikustean, txalotu egiten gintuzten.
Ordutik nabaritu al duzu aldaketarik Bilbon?
Bai. Batez ere, jarrera aldetik. Euskara gehiago entzuten da orain.
Oriora etorri zinenean talka handia sentitu al zenuen?
Ez. Adinak naturaltasuna eta segurtasuna eman dizkit. Jakin-min handia izan dut beti ulertzen ez nituen hitzak-eta ikasteko eta ezagutza zabaltzeko.
Mintzalaguna zara, eta ikasturte honetan C2 maila lantzen ari zara euskaltegian. Zer-nolako esperientziak ari dira izaten?
Laupabost urte dira Mintzalagun egitasmoan parte hartzen dudala. Oso aberasgarria da, oso errealitate desberdinetako jendea elkartzen garelako; kasualitatez, oriotarrik ez dago taldean.
Eta zer moduz C2 mailako eskoletan?
Aspalditik neukan euskara lantzen jarraitzeko gogoa; lanean ere hobeto idazteko, eta... Itzulpengintza ikastaro bat ere egin nuen, eta gozatu egin nuen. Pentsatu nuen C2 mailak itzulpengintzan aritzeko aukera ere emango zidala, baina titulua berez ez dudanez behar, gozatzen ari naiz, nahiz eta zenbaitetan gogorra ere baden.
Hizkuntzak gustatzen zaizkizu, baita zeinu hizkuntza ere.
Bai. Orion Kilometroak jaialdia antolatu zutenean, Erria txikota abestia zeinu hizkuntzara itzuli behar izan nuen. Arrantzako termino asko ikasteko balio izan zidan lan horrek.
Noka ikastaroa ere egin duzu. Zertarako balio izan dizu?
Noka hitz egiten ikasteko edo lehen pausoa ematera ausartzeko. Aitak ez zigun noka erabiltzen irakatsi txikitan, eta autodidakta izan naiz horretan. Inguruan, gainera, toka entzun izan dut, batez ere. Koska horiek gainditzen hasi naiz dagoeneko.
Ikasketa prozesuan izan al duzu momentu txarrik?
Gaztaroan izan nuen makalaldi bat, lehen esan bezala, Bilbon erresistentzia handia sumatzen nuelako eta etengabe kontra aritzea nekeza zelako. Bolada batean, lagunekin eta etxean bakarrik egiten nuen euskaraz. Gerora, ordea, euskaraz bizi nahi nuela erabakita, indartu egin nintzen. Aktiboki eta beste jarrera batekin, leku guztietan euskaraz egiten hasi nintzen, bortxarik sortu gabe.
Eta bizipen onik izan al duzu bidean?
Pila bat! Bat aipatzearren: Santutxun, kuadrillan eta inguruko lagunekin, bi hizkuntzatan osatzen genituen elkarrizketak, baina pixkanaka, euskaraz ez zekitenek ikasi egin zuten. Nolabait, murgiltze naturala egin zuten haiek, eta egun euskaraz bizi dira. Asko pozten nau horrek.