Hori kolore hori

Orio Arraunketa Elkartea 2025ko uzt. 12a, 09:00

Orioko arraunlariak banderak astintzen udaletxeko balkotik. (Onintza Lete Arrieta)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Orio Arraunketa Elkarteak uztaileko Aia-Orio Guka aldizkarian, Akuilua hartuta iritzi atalean.

Urteroko legez, itsasoko kresala eta estropu hotsak elkarrekin dantzan hastera doaz. Udak badu bere usain berezia Orion: arraunaren usaina. Badirudi orain hasten dela denboraldia; orain hasten direla paladak martxan; orain jaisten direla estropadei hasiera ematen dieten bandera gorriak. Itsasoa berotzen hasten denean, arraunlariak ere berotu egiten dira, eta herriak, berez, hartzen du festa giro kutsakor hori.

Baina lana urte guztian zehar egiten da, ikusgarritasunetik urrun, isiltasunean, baina grina eta konpromiso berarekin. Irailean hasi ginen prestatzen, eta dagoeneko hiru luze eta bi ziaboga egin ditugu elkartean. Bai, Orio Arraunketa Elkarteak ez du atsedenik hartzen urte osoan zehar. Irailaren lehen egunarekin batera, Arraun Eskola martxan jartzen da, eta uztaileko lehen asteburura arte etengabeko erritmoan lan egiten du, minutuko 36 paladako erritmoan aurrera eginez. Aurtengoan, Castrelo do Miñon infantil kategoriako Espainiako Txapelketak emango dio amaiera sasoiari.

Asteburu horretan bertan, Eusko Label eta Euskotren ligetako estatxak askatuko dituzte gure traineruetako bi patroi ofizialek: Maiderrek alde batetik, Gorkak bestetik. Haien atzetik, etorkizuneko gure oinarri izango diren Oihan Manterola eta Jon Barranco egongo dira, begiak zabalik, ikasten eta esperientzia hartzen, biharko Orioko arraunaren arima bizirik mantentzeko prest.

Hiru hilabete iraungo duen traineru liga honetan, beste estropada batzuk ere tarteko izango dira, eta konturatzerako, berriro izango gara irailaren lehen egunean, Arraun Eskolako gurasoei eta arraunlariei harrera egiten, ilusioz betetako begirada berriei bidea irekiz.

Gure artean sarritan errepikatzen dugun esaldi bat da: segi eta segi! Eta hori ez da hitz huts bat; filosofia bat da, bizitzeko eta lan egiteko modu bat. Ez dago etenik, ez dago arnasa hartzeko une erosorik ere. Arraunean etenik gabe jarraitzen da lanean, itsasoa bezala: geldirik egon arren, barrutik mugitzen; ikusten ez den tokian, mugitzen.

Kanpotik ikusita, denak dirudi eder eta erakargarri: udako kirola, itsasoan, eguraldi ona, bidaiak, estropadak, banderak irabaztea eta alironak ospatzea... Baina jende gutxi konturatzen da atzean dagoen lan isilaz eta nekaezinaz. Lan hori egiten dute gure boluntarioek. Itzalean egon eta dabiltzanak, baina ezinbestekoak. Haiek gabe, ez legoke ez Arraun Eskolarik, ez trainerurik, ezta banderarik nahiz dominarik ere.

Batzuk egunerokoan egoten dira elkartean, beste batzuek egun jakinetan laguntzen dute: estropada egunetan, materiala prestatzen, garbiketan... Ahaztu gabe, azken Garagardo Azokan parte hartu duten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu; badakigu, herriko beste elkarte batzuk ere elkarlanean jardun direla guri laguntzen. Zorionak eta esker ona guztiei, izan ikusgarri zein ikusezin.

Orio Arraunketa Elkartea ez litzateke gaur dena izango, azken 60 urteetan boluntariotzan jardun duten pertsonen lan nekaezin eta isil hori gabe. Izenez aipatu gabe, bakoitzak badaki zer egin duen, eta egin duenak, badaki zer den elkartearen bihotza izatea. Boluntariotzaren inguruan, Elizabeth Andrew izeneko defendatzaile amerikar sutsu batek zera dio: "Boluntariotza ez da beti denbora librea izatearen kontua; bihotzak agintzen duena egitea baizik." Eta horixe da gure boluntarioak definitzen dituena: bihotza. Hori kolore hori hain nabarmen erakusten duen bihotza. Eta bihotzak agintzen diena egiten dute: lagundu, bidea erraztu, eta besteei aurrera egiten lagundu. Orion, bisigua zena, parrilla bihurtu da; eta arraunak zuen garrantzia, orain, erriyo edo ibaiak hartu du, inor mindu gabe eta inor bazterrean ahaztuta utzi gabe. Baina arraunak, Orion, beti izango du bere izena eta izana: boluntOrio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide