Idoia San Sebastian: "Isuna jartzen eta jasotzen dutenen erdian egoten naiz"

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 10a, 11:45

Idoia San Sebastian. (Onintza Lete Arrieta)

Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Idoia San Sebastian (Orio, 1971) da herritarrek Orioko udaletxeko atea zeharkatzen dutenean ikusten duten aurreneko pertsona. Eraikinaren beheko solairuan du hark bulegoa, ezkerretara, eta leihatilaren atzean era guztietako isunak eta agiriak izapidetzen ditu; askotan, "baita psikologo lanak egin ere", esan du, umoretsu.

Udaletxeko leihatilan egiten duzu lan. Zertan, zehazki?

Bulego orokorretako administraria naiz, eta 2019tik egiten dut lan Orioko udaletxean. Zerga bilketako isunak eta zaborrak kudeatzeko kontratatu ninduten, eta gaur egun, gauza gehiago ere egiten ditut.

Zer gehiago?

Zerga bilketako isun kontuez eta zaborrei lotutako izapideez gain, errolda agiriak ateratzen ditut, eta udaletxeko inprimaki mota guztiak ere baditut bulegoan. Norbaitek horietakoren bat behar badu, eman egiten diot, eta betetakoan, bertan erregistratu eta dagokion sailera bideratzen dut. TAO pegatinak eta Udaltzaingoaren isunak ere nik kudeatzen ditut. Lehen Udaltzaingoaren bulegoan izapidetzen zituzten isunak, baina sail horretan ez dago administraririk gaur egun. Asteburu batean 25 isun jarri baldin badituzte, astelehenean niri ekartzen dizkidate, horiek martxan jartzeko. Deskargu pleguak ere nik kudeatzen ditut.

Zure leihatilaren aurrean ilarak sortzen dira batzuetan...

Bai. Askotan, gainera, udaletxearen sarreraren ondoan egoten naizenez, herritarrak zuzenean nigana etortzen dira galderak edo eskaerak egitera. Lehiatilaren aurrean bost pertsona baino gehiago elkartzen baldin badira, zer behar duten galdetzen diet eta goiko solairuetara bideratzen ditut. Izan ere, ez zait gustatzen jendea zain edukitzea.

Zer moduzkoak dira oriotarrak? Isun asko ordaindu behar izaten al dituzte?

Egia esan, ez dakit esaten, ez dudalako beste herri batean lan egin, eta beraz, ezin dudalako konparatu. Normala den gisan, herrian ekitaldi handiak daudenean isun gehiago jartzen dituzte; batzuetan jende asko etortzen delako eta erdiek gaizki aparkatzen dutelako. Udan, adibidez, isun gehiago jartzen dituzte.

Isuna jartzen eta jasotzen dutenen erdian egotea tokatzen zaizu...

Bai, bien tartean egoten naiz ni, eta batzuetan nik entzun behar izaten ditut herritarren kexak; bost minutuz soilik utzi dutela autoa gaizki aparkatuta... Esaten diet gaizki utzi dutela autoa eta Udaltzainek ezin dutela jakin zenbat denboran laga duten horrela autoa; eta ulertzen dute. Beste batzuetan psikologoa ematen dut; jendea haserre etortzen da isunaren kargu-deskargua egitera eta nirekin husten dute barrena. Lasaitasunez entzuten diet horiei, eta gero, azalpenak ematen saiatzen naiz. Hizketan lasai eta ahotsa altxatu gabe ari zarela ikusten dutenean, herritarrak ere lasaitu egiten dira, eta ahotsa apaldu egiten dute.

Herritarrek ordaintzen dituzten zergen eta isunen berri edukita, diskrezioz jokatu beharko duzu, ezta?

Bai, noski. Lanetik kanpora ez dut lanaz hitz egiten. Dena den, hainbeste herritar etortzen da leihatilara... Aurreko astean etorritakoekin ahaztu egiten naiz.

Kazetaria zara ikasketaz.

Bai, kazetaritza gustatu egiten zait, eta tarteka egiten ditut lan batzuk kobratu gabe. Lehen, Karkaran ez bazen Argian idazten nuen, eta orain Gukan. Bere garaian, ordezkapen motzak egiteko deitzen zidaten Euskadi Irratitik, baina etxe bat erosi nuenez, lan finkoa behar nuen. Horregatik hasi nintzen administrazioan lanean.

Korrika ere aritzen zara. Zer moduz?

12 urterekin hasi nintzen korrika egiten, eta behin bakarrik utzi dut ordutik. Masajistarengana joan nintzen minez nenbilelako, eta hark esan zidan ez uzteko korrika egiteari. Jarraitu egin nuen, eta gaur arte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide