Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar izeneko kanpaina abiatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailak eta Emaus Gizarte Fundazioak. Egitasmoak kostaldeko hainbat hondartza zeharkatuko ditu aisialdi guneetan jarraibide arduratsuak, jasangarriak eta inklusiboak sustatzeko, eta atzoz geroztik Orion dago martxan. Igandera arte hondartzako pasealekuan ibiliko dira, eta egingo dituzten ekintzen berri eman dute: heziketa jarduerak, tailerrak eta dinamika parte-hartzaileak.
Kanpainaren helburua herritarrak sentsibilizatzea da beren eguneroko ohituretan eragiteko, eta, horretarako, hondakinak murriztea, kontsumo arduratsua eta ingurumena zaintzea sustatzen ditu.
Bestalde, aurten ere, hondartzako materialak maileguan uzteko Gauzateka doako zerbitzua erabilgarri egongo da. Hala, Emaus Gizarte Fundazioak eta beste eragile laguntzaile batzuek (Garbera eta Urbil merkataritza-zentroak, adibidez) emandako joko eta tresna berrerabilgarriak eskainiko ditu.
Berrikuntza baten berri ere eman dute: "Aurtengo edizioan, hezkuntza material osagarriak eta baliabideen erabilera partekatuari esker saihestutako karbono aztarnaren kalkulua egingo dira", esan dute.