Nola sartu zinen txirrindularitzaren munduan?
Duela bost urte deitu ninduten Iruñeko bigarren mailako txirrindulari talde batetik, han lan egitea eskainiz. Beraiekin bi urte egin ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako EF Education Easypost taldetik deitu ninduten, eta lana etxeko egoerarekin uztar nezakeela ikusita, baiezkoa eman nien. Kirol medikua izanda, horrelako talde batekin lan egitea maila gorenean aritzea da. Txirrindularitza, gainera, exijentzia handiko kirola da. Geroztik, Europan zehar bidaiatzen ibili naiz. Gaur iluntzean Austriara bidaiatuko dut, eta bertako Tourrean izango naiz astebetez, kirolarien alboan.
Zein da zure rola taldean?
Taldean zazpi mediku gara guztira. Zerbitzu buru bat dago, eta hura arduratzen da txirrindularien eguneroko jarraipena egiteaz. Gainera, beste kiroletan ez bezala, txirrindularitzan taldeak ez du egoitza ofizial bat. Taldea AEBetakoa den arren, lasterketa ia denak Europan egiten ditugu, eta egoitza, hortaz, Gironan (Herrialde Katalanak) du. Txirrindulariak, ordea, ez dira bertan bizi: batzuk Monakon, besteak Andorran, zenbait Nizan (Frantzia).. Berezitasuna da ezin dugula fisikoki egon txirrindulariekin beren egunerokoan. Hortaz, mediku orokorrak kontrolatzen du egunez egunekoa, baina, esaterako, gaztelera ulertzen edo hitz egiten dutenek nigana jotzen dute askotan. Lasterketa batean ez bagaude, ez dut beraien gainean egon beharrik. Denboraldia hasten denean, elkarretaratze orokorra egiten dugu, eta hainbat proba egiten dizkiegu txirrindulariei. Lasterketa batean parte hartu behar dutenean, esaterako, egun batzuk lehenago jartzen naiz harremanetan beraiekin, galdetegi labur bat egiteko eta botikina errepasatzeko. Probaren unea heltzean, azterketak egiten dizkiegu, baita beraien elikadura edota zenbat lo egiten duten kontrolatu ere. Lasterketan zehar hor egoten gara beti, eta behin amaituta, zauriak sendatu edota egoki errenditzen dutela begiratzen dugu. Egia esan, zenbat eta lan gutxiago egin, orduan eta seinale hobea da.
Zein dira lesio edo osasun arazo ohikoenak txirrindularien artean?
Ez dira gertatzen berezko lesio traumatikoak, zeren bizikletan ibiltzea ez da batere traumatikoa. Arazoak kilometro asko egiten hasten direnean agertzen dira. Esaterako, pedalaren kokapena ez bada egokia, belauneko edota bizkarreko mina izan dezake txirrindulariak. Kontua da lurrera asko erortzen direla. Esaterako, garuneko kommozioetarako protokolo berezi bat dugu, nahiz eta kaskoa eraman, kolpe handiak hartzen dituztelako. Horrez gain, hausturak ere izan ditzakete, adibidez.
Urteak igaro ahala, aldaketarik izan al du zure ogibideak?
Bai, asko. Eta gozamena da. Kirol hau asko 'garbitu' da. Duela 20-25 urte eta lehenago, kirol mediku asko 'botikariak' ziren. Izan ere, kimikarekin saiatzen ziren errendimendua hobetzen, batzuetan legearen barruan, eta beste batzuetan tranpa eginez. Gaur egun, zortez, ez dago horrelako pentsamendurik. Zenbat eta kimika gutxiago, are hobeto. Eta kirolariek ere badakite hori. Elikadura eta hidratazio egokia dira puntu garrantzitsuenak; errendimendu ona izateko behar ditugunak nutrizionistak dira. Teknologia berriei dagokienez, bizikletak asko aldatu dira. Guk, esaterako, monitorizatuta ditugu taldekideak. Eskumuturreko berezi baten bidez, txirrindulari bakoitzaren arnasa edota bihotz taupaden maiztasuna kontrola ditzakegu, baita beraien tenperatura edota neke maila ere.
Fisikoki kontrolpean daude. Mentalki?
Ia talde denetan dago psikologo bat. Guk Londresko talde batekin egiten dugu lan, eta buruko kommozioa hautemateko protokoloa dugun bezala, norbait pisuz jaisten bada edo zerbait ezohikoa nabaritzen badugu, denok horrekin adi egoten gara. Harreman estua dugu beraiekin, txirrindulariak nola sentitzen diren ere jakin behar dugulako. Buruak huts egiten duenean, hala egiten du gorputzak ere. Gainera, asko bidaiatzen dugu, eta horrek eragin handia izan dezake kirolariengan. Gazteak dira gehien estresatzen direnak, oro har.
Eta zu nola sentiarazten zaitu lanbide honek?
Izugarri gustatzen zait nire lana. Kirola nire bizitzaren zati garrantzitsua da, eta kirola nire lanaren parte izatea sekulakoa da. Orain Suitzatik iritsi naiz, eta txirrindularien gorputzak nola funtzionatzen duen baloratzeak eta haiei errendimenduarekin laguntzeak oso ondo sentiarazten naute. Harreman oso estua dut taldekideekin, eta poza ematen du beraien alboan egiteak ibilbidea. Oso giro osasuntsua dugu, eta jendea gustura dago lanean.
Alde batetik bestera zabiltza orain. Nola antolatzen duzu agenda?
Une honetan gure taldeko zortzi gizon ari dira Tourrean parte hartzen; beste zortzi emakume, berriz, Italiako Giroan. Horrez gain, beste zazpi Austrian daude. Bizpahiru talde izan ohi ditugu beti munduan zehar banatuta. Hortaz, mediku bat beti Estatu Batuetan eta Kanadan egoten da, eta gainontzekoak moldatzen joan behar gara. Iaz ia lasterketa guztiak emakumeekin egin nituen; bitan parte hartu nuen gizonekin. Aurten, ordea, ia denetan gizonekin ariko naiz, baina emakumeekin izango naiz Tourrean.
Medikuntza ikasi duzu. Zergatik hartu zenuen kirolaren bidea?
Sei urte igaro nituen Medikuntza ikasten, beste urte bat BAME prestatzen, eta beste hiru, berriz, kirol medikuntzan espezializatzen, Bartzelonan. Bertan ikasi nituen, besteak beste, traumatologia eta fisiologia, baita kirol bakoitza sakontasunean lantzen ere. Praktikak, gainera, Bartzelona edota La Peña bezalako taldeekin egin nituen. Mediku orokor bezala ere egin dut lan. Ez da erraza goiko postuetara iristea, eta ia beti ospitaleko lana uztartu izan dut kirolarekin. Talde honek fitxatu izanak, ordea, soilik kirol medikuntzan aritzea ahalbidetu zidan.
Nondik datorkizu kirolarekiko interesa?
11 urte nituela hasi nintzen arraunean. Arrauna nire bizitza izan zen urte askoz, izan ere, lau aldiz irabazi nuen Espainiako Txapelketa, baita Munduko Txapelketan parte hartu ere. Nire bizitza arraun denboraldiaren arabera antolatzen nuen. Eta beti izan dut argi kirola nire nortasunaren zati handi bat dela. Jubenila nintzenean, mediku bat etortzen zen esfortzu probak egitera. Hura ikusi nuenetik, argi izan nuen etorkizunean bide horretatik joko nuela. Izan ere, ez dut ulertzen bizimodua kirolik gabe.