Kanterri egitasmoaren barruan, Benito Lertxundiri buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Iker Gurrutxagak

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 4a, 15:00

Iker Gurrutxaga, moilan.

Bi eguneko Kanterri jardunaldia egingo dute gaur eta bihar Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Benito Lertxundiren hamaika ertz aztertuko dituzte egitamoaren barruan. Iker Gurrutxaga oriotarrak Lertxundiri buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du bihar, eta beste hainbat lagun ere ariko dira abeslariaz hizketan: Ane Ablanedo, Juantxo Zeberio, Itziar Navarro eta Imanol Artola. Gurrutxagarekin hitz egin du Gukak, jardunaldien atarian.

Kantari historikotzat naukate. Benito Lertxundiren kantagintzaz  izenburua du aurtengo Kanterri egitasmoak. Zer kontatu dezakezu jardunaldiaz?

Aurreko urteetan ere egin izan dute Kanterri egitasmoa, baina beste era batera, kantagintzari zuzenki lotuta, ez artista bati lotuta. Aurtengoa Benito Lertxundiri buruzko monografikoa izango da, eta oso ikuspegi desberdinetatik landuko dute haren jarduna.

Hizlariak ez dira nolanahikoak. Presioa sentitu al duzu hitzaldia prestatzerakoan?

Bai. Iruditzen zait beste guztiek nik baino jakituria gehiago dutela Benitoz. Jardunaldian parte hartzeko proposamena zeharka etorri zitzaidan, oriotarra naizelako, musika kazetari aritzen naizelako, eta bere garaian elkarrizketaren bat egina diodalako Benitori... Hasiera batean, Benitoren musikagintza beste musikariren batenarekin alderatzea neukan buruan. Baina bat-batean ikusten duzu Juantxo Zeberio dagoela hizlarien artean, eta konturatzen zara hor ez daukazula zer eginik. Ez naiz inor azterketa hori egiteko. Beste hizlariekin ere antzeko zerbait gertatzen zitzaidan, eta horregatik, Oriora ekarri dut gaia.

Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera hitzaldia prestatu duzu. Zertaz?

Hori da, baina hitzaldia ez dut bakarrik eskainiko. Aurkezpena egingo dut, ikus-entzunezko bat osatu dudalako herriko hainbat musikarirekin. Horiek denek, era batera edo bestera, izan dute lotura Benitorekin. Musikariez gain, kazetariren bat ere egongo da tartean. Denei galdera berak planteatu nizkien, eta oso erantzun desberdinak atera dira.

Ikus-entzunezkoa berriz ikusteko aukera egongo al da?

Hori da asmoa, Orion ematea. Uste dut gustura ikusiko luketela oriotarrek, ariketa kolektibo bat bezala planteatu dudalako lana. Izan ere, biharkoa ikastaroa da, tailerra, eta han parte hartuko dutenei galdera horiexek planteatuko dizkiet. Bakoitzak bere gogoeta egingo du, eta ikusiko dute Orioko ikuspegitik zer-nola ikusten den Benito. Dena den, egunen batean herrian erakutsiko baldin bada, iritzi batzuk gehituko ditut, denbora faltagatik biharko saiorako sartu ez ditudanak. Belaunaldi askotako pertsonen iritziak bildu ditut, baina bere belaunaldikoren batena falta izan zait; hitzartuta neukan hitzordua, baina ezin izan dugu elkartu denbora faltagatik.

Zer harreman duzu Benito Lertxundirekin eta haren musikarekin?

Ez daukat harreman berezirik bere musikarekin; beno, hori uste nuen, orain konturatu bainaiz agian badudala. Etxean Altabizkar diskoaren kasete bat bazela daukat gogoan, eta hain zuzen, horren inguruan idatzi nuen txio bat X-en Benitoren agurra etorri zenean. Askori gertatu zaien bezala, gero eta helduago, are gehiago sartu gara Benitoren musikan; ni 1996-1997 inguruan obsesionatu nintzen haren Nigarra begian kantuarekin. Kristoren bertsoak dira eta oraindik ere oso-oso gaurkoak. Beste hainbat kanturekin ere ibili izan naiz hala, eta zuzenean ere ikusi dut Benito kontzertuan. Zorionez, Orioko azken kontzertuan ere izan nintzen.

Eta zer harreman duzu Benitorekin?

Disko baten harira, 2010. urtearen inguruan Karkararako egin nuen elkarrizketarekin abiatu zen harekin dudan harremana. Orduan konturatu nintzen Benitoren figura zer zen. Beste askotan bezala, urduri joan nintzen elkarrizketa hartara, eta bi ordu eta erdiz egon ginen hizketan; bizitzako esperientzietako bat izan zen. Ordutik, agurtu egiten dugu elkar, eta hitz batzuk ere egin izan ditugu. Ondoren, pandemian, bion etxeen artean 200 metro egon arren, Skype bidez egin nion elkarrizketa. Orduan ere bi orduz egon ginen solasean; haren ibilbidearen errepasoa egin genuen, jakin gabe zer puntutan zegoen [oholtzak uzteaz hausnartzen ari zen ordurako], baina agurra edozein unetan etor zitekeela kontziente izanda. Kuriosoa da, baina agurraren berri eman zuenetik, ez dut elkarrizketatu. Dena den, ez dut baztertzen egunen batean beste elkarrizketaren bat egitea, berak nahi badu, noski. 

Musikalki zer eman dio Lertxundik Euskal Herriari?

Uste dut Euskal Herriari jakinduria dezente eman dion pertsona izan dela, eta halaber, uste dut kantekin eta eskaini dituen elkarrizketekin inguruari begiratzeko pausa bat ere eman diola. Bizi dugun bizitza erritmo honetan oso garrantzitsua da hori. Hausnarketarako tarteak zabaldu ditu beti Benitok, eta kristoren ekarpena da hori. Zazpi lurraldeak batzeko modu bat ere eman digu, zazpi lurraldeen kontzientzia, nahiz eta gero askok, tamalez, folkloreari aplikatu dioten hori.

Eta zuri zer eman dizu?

Musikalki beste esparru batera sartzeko bide bat. Izan ere, gauza pila bat daude haren kantagintzan, eta entzuteko modu bat ere eskaini dit, zer esanik ez zuzenekoetan. Esperientzia bat izan dira Benitoren kontzertuak. Musika artea dela konturatzen zara: dena orekan jartzen zuen hark kontzertuetan, ez zuen dezibelio bat altxatzen bolumena. Ikusleak isilik eta adi egon behar zuen, besterik ez, eta hori sekulako ekarpena dela iruditzen zait. Horrez gain, bere kantu batzuk herriaren parte dira, eta uste dut hori dela abeslari batek gurea bezalako herri bati eman diezaiokeen handiena; bere ondarea opari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide