Joan den asteburuan, ostiralean eta larunbatean, ospatu zituzten Anibarko Portuko bizilagunek auzoko jaiak. Ostiralean 3x3 futbol txapelketarekin hasi zituzten festak, eta hurrengo orduetan ez zen falta izan jan-edanik, patata tortilla txapelketarik, musikarik eta haurrentzako jokorik.
Egitaraua ohikoa izan den arren, aurtengo festek izan dute berezitasun bat: 20. urteurrena bete dutela. Hala azaldu diote Gukari auzoko festa batzordekoek. Jaietan murgilduta zirela ohartu ziren urtemugaz: "Konturatu ginen 2006. urtean ospatu genituela festak aurreneko aldiz, Jexu Alkortak antolatuta. Talde bat osatu zuen, festak antolatu zituzten, eta gero Alkortak berak ezin izan zuen jaietan parte hartu osptitalean egon zelako ", gogoratu dute.
"Bidean ere gelditu zaizkigu batzuk, eta egun hauetan asko gogoratzen gara: Bixente Gaztañazpiz, Xoxuaz... Haiek ere hasieratik ibili ziren parte hartzen, parrillarekin eta", esan dute.
Festa batzordea arduratzen da jaiak antolatzeaz, baina kideek azaldu dute "auzo oso dinamikoa" dela eta auzotar askok laguntzen duela jaietako ekintzetan. Pozik daude herritarren erantzunarekin.
Patata tortilla txapelketako irabazlea, iazkoa
Larunbat eguerdian patata tortilla lehiaketa egin zuten, eta hamahiru lehiakideen artetik, iazko irabazlearen tortilla aukeratu zuten oraingoan ere goxoentzat. Andoni Aranzabalena, hain zuzen.
Bestetik, auzoan egiten duten zozketak badu irabazlea: 2.201 zenbakia, eta zortedunak dagoeneko jaso du saria, argazkietan ikus daitekeenez. Sarasua jatetxean bi pertsonarentzat otordua irabazi du horrek.
(Argazkiak: utzitakoak)