Orioko Udalari eta Guerara elkarteari esker, Olaia Eizagirrek eta haren familiak metalezko 40 ur biltegi erosi dituzte Aljerian, saharar errefuxiatuak bizi diren kanpalekuetarako. "Plastikozko gordailuak dituzte, eta giro beroarekin, ura txartu egiten da eta gaixotasunak eragiten ditu", azaldu du oriotarrak. Eizagirrek eta haren familiak Aste Santuan bidaiatu dute, beste hainbat euskal herritarrekin batera. Lamat Ali Orioko bizilaguna ere familiarekin izan da kanpalekuetan. Han jaiotakoa da Ali, eta haren senitartekoen etxean hartu dute ostatu Eizagirrek eta.
Aire girotua zazpi familiarentzat
Aipatutako diru laguntzei esker, sahararrentzat aire girotuaren zazpi gailu erosteko aukera ere eduki dute, beroa tarteko, kanpalekuetan "uda jasanezina" izaten delako. "Lau hilabetez eguneko ordu guztietan aire girotua piztuta edukitzen dute, tenperaturak 50 gradutara ere iristen direlako". Aire girotuaren gailuak zein familiari eman erabakitzeko bilerak egin zituzten, eta Eizagirrek aitortu du "momentu oso zailak eta gogorrak" bizi izan zituztela, denentzako ez zegoelako eta denek nahi zutelako. Horregatik, argi du "lanean jarraitu" behar dela, guztiei aukera eskaintzeko.
Hangoa ezagutuz
Egonaldia hainbat toki bisitatzeko baliatu dute. Gameluak erosten dituzten tokian izan dira, museoan ere bai, baita eskoletan ere. Haurreskola bisitatu gabe gelditu dira, han greban zirelako. Errealitate hori pixka bat ezagutzeko aukera izan dute: "Kanpalekuetan lana egiten dutenen baldintzak oso prekarioak dira, ia boluntarioek bezala kobratzen dute. Emaginek, adibidez, hilean 30 euro jasotzen dituzte. Irakasleek ere gutxi kobratzen dute, eta ez hilero, hiruhilero baizik; batzuetan, gainera, ez dute kobratzen, dirua falta delako".
Behar-beharrezkoa bakarrik
Aaiunen pasatu dute Aste Santua Eizagirreren eta Aliren familiek, Guiltan, 3. auzoan. Eizagirreri iruditu zaio "epe erdira begira" bizi direla errefuxiatuak, beren herrialdera bueltatzeko "ilusioa" dutelako. Haimez gain, adreiluz egindako etxeak dituzte, baina ez dute ez dutxarik, ez garbigailurik, eta sukaldatu, fregatu nahiz lo lurrean egiten dutela azaldu du. Komuna badute, baina eginbeharrekoak tente lurreko zulora egin behar izaten diren horietakoa. Zorionez, ura eta argia "doan" dituztela kontatu du Eizagirrek, "Argeliak ematen dizkielako". Halaber, wifia ere badute haimetan, "familiekin eta lagunekin hitz egiteko", baina askoz gauza gehiago ez dute: "Behar-beharrezkoa dena soilik daukate".
Elkartasuna eskolara
Oriotarrek eskolarako materiala eraman dute kanpalekuetara, eta eskerrak eman dizkiete Orioko kirol klubei nahiz Zaragueta herri eskolari; aurrenekoari kamisetak emateagatik, eta bigarrenari, kamisetak eta eskolako materiala emateagatik –margoak, boligrafoak eta koadernoak–. Eskola horretako gurasoak dira Eizagirre eta Ali.
Hizkuntza unibertsala
Sahararrek eta euskaldunek hizkuntza eta kultura desberdinak eduki arren, Eizagirrek esan du "elkar oso ondo ulertu" dutela. "Haurrekin asko jolastu dugu, eta helduekin hizketaldi luzeak eduki ditugu haiman, tearen bueltan. Beraien bizipenak entzun eta gureak partekatu ditugu. Oso ezberdinak garela konturatu gara, baina zeinen ondo ulertu garen, errespetua beste guztiaren gainetik dagoelako".
Kirol proiektua
Eizagirrek kirol ohiturak sustatu nahi lituzke kanpalekuetako umeen artean, eta han zirela bilera egiteko aukera izan dute Saharako Kirol, Gazteria eta Nazioarte ministroekin. Gustura dira solasaldiak emandakoarekin: beren ideia garatu eta kirol proiektua egin egingo dute. Asmoetako bat da haur sahararrak Donostia Cup futbol txapelketara gehiagotan joatea. "Haur eta gazte guztiek kirola egiteko aukera edukitzea nahi dugu, eta horretarako, baliabideak eta diru laguntzak lortzea da gure helburua".
Jolasa erdigunean
Eizagirre-Esnaola familia bi seme-alabekin izan da kanpalekuetan, eta joan aurretik argi zutena egin dute: haurrekin jolastu. "Asko jolastu dugu umeekin, jolas berriak erakutsi dizkiegu, eta baloiak ere eraman ditugu: futbolean aritu gara, bonba jolasean, beisbolean... Loreak eta Ametsek Orion egindako belarritakoak oparitu dizkiegu, eta gomekin pultserak egiten trebatu ere bai. Halaber, Orioko abestiak ere irakatsi dizkiegu. Oso maitagarriak dira, faltan sumatuko ditugu".
Haurrentzat garrantzitsua
Udak izugarri beroak dira desertuan, eta Eizagirrek bertatik bertara ikusi du haurrak udan handik kanpora joateko "desiatzen" daudela. "Oporrak Bakean egitasmoak familiak behar ditu umeak gutxienez urtean bi hilabetez berotik aldentzea eta bizitza hobea izan dezatela ahalbidetzeko. Desertuan hautsa arnasten ari dira uneoro, eta biriketako gaixotasun asko dituzte. Udako egonaldiak aprobetxatzen dituzte mediku azterketak-eta egiteko. Herritarrei haurrak etxean hartzera animatzeko eskatuko nieke, beharra dago eta".
Ordu asko kalean
Errefuxiatu guztiek, baina batez ere haurrek, kanpalekuetan duten bizimoduak kezkatzen du Eizagirre. Izan ere, uste du hezkuntza maila baxua dutela kanpalekuetan, eta umeek ordu asko igarotzen dituztela kalean jolasean "oinutsik, harriekin, makilekin...". Aita askok atzerrira jo behar izaten dute lanera edo "Marokoren kontrako gerran aritzen dira", eta amek etxeaz arduratu behar izaten dute. Hori bai, beste zerbait ere azpimarratu du oriotarrak: "Baliabiderik apenas eduki arren, pozik eta zoriontsu bizi dira han haurrak".
Bueltatzeko gogoz
Orioko bizilagunarentzat kanpalekuetara egindako aurreneko bisita izan da egin berri duena, baina argi du ez dela azkena izango: "Borrokarako eta laguntzeko grina piztu digu bidaiak. Sahararrek duten guztia eman digute, eta beren errealitatea erakusteko prest agertu dira, ondoren guk gure gizartean zabal dezagun". Aliren familiari eskerrak eman dizkio, eta kide horiek bizi duten errealitate gordinaz aritu da: "Familiako amak 68 urte ditu, eta egunero irratia pizten du "Sahara libre" entzuteko esperantzarekin. Harekin bizi den alabaren senarrak hiru urte daramatza Espainian itzuli ezinik, paperak falta dituelako. Beste seme-alaba guztiak ere kanpoan bizi dira, sakabanatuta, kanpalekuetara dirua bidaltzeko. Betirako bihotzean izango ditugu".
"Bizitzako lezioa"
Eizagirrek atera ditu bidaiatik bere ondorioak, eta uste du oriotarrek asko dutela errefuxiatuengandik ikasteko: "Oso zoriontsu bizi dira daukaten gutxiarekin; bizitzako lezioa eman digute. Barre asko egin dugu, eta momentu ahaztezinak bizi izan ditugu". Orioko lagunaz ere oroitu da Eizagirre: "Lamati eta bere familiari ere eskerrak eman nahi dizkiegu; betirako bihotzean izango ditugu".
Argazkiak: Olaia Eizagirre.