Orioko Futbol Taldearen eguna ospatuko dute larunbat honetan

Julene Sorarrain 2025ko eka. 18a, 10:00

Orioko Futbol Taldea. (Onintza Lete Arrieta)

Bazkaria, emakumezko taldearen igoera ospatzeko aitortza, sari banaketa eta DJ saioa antolatu dituzte, besteak beste, asteburu honetarako.

Orioko Futbol Taldearen eguna ospatuko dute ekainaren 21ean, larunbatarekin, egun osoan zehar, eta egitarau oparoa prestatu dute ospakizun horren harira.

Eguerdiko 14:00etan hasiko dute festa, klubaren eskutik prestatutako bazkariarekin. Ondoren, Emakumezkoen Gorengo taldearen igoera ospatuko dute, izan ere, pasa den asteburuan sailkatu ziren seniorrak Ohorezko Mailara, eta larunbatean merezitako aitortza jasoko dute. Gainera, sari banaketa eta DJ Hidalgoren saioa ere izango dira herriko frontoian.

Arratsaldean, kalejira girotua egingo dute herriko plazaraino, eta bertan izango dute zain DJ Hidalgo, beste behin, eguneko bigarren musika saioa eskaintzeko iluntzera arte.

Antolatzaileek denboraldiari amaiera bikaina eman nahi diote, eta dei egin die herritar guztiei larunbatean festara batu daitezen: "Aurten lortu dugun guztia ez zen posible izango herria eta zuetako bakoitza alboan izan gabe, horregatik, gaualdera plazara mugituko gara DJarekin, herri osoak goza dezan elkartearen egunean!".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide