Txikia zenean asko gustatzen zitzaion liburu hura. Behin bere eskolara joateko esan zidan, Liburuaren Egunaren harira, klaseko laguntxoen eta andreñoaren aurrean kontatzera. Irakurtzen hasi aurretik, begiak ixteko eskatu nien guztiei. Bakoitzak bere imajinazioa erabili zezala, istorioaren iruditegi propioa sortzeko. "Bazen mutiko gazte bat oihanean bizi zena, eta zuhaitz batetik bestera nahi bezala ibiltzen zekiena". Gure protagonista Mowgli zen, eta kontakizuna Rudyard Kiplingen Oihaneko liburua.
Ez dakit nork bere baitan zuri-beltzean egiten ote duen amets, baina koskortu zaidan semea jolasean ikusi dut gaur moilan, itsasontziko soketan zintzilik, tximua bailitzan. Askatasunaren erradiografia moduan geratu zait iltzatuta buruan. Zer gutxi behar den zoriontsua izateko, ezta?