Arrauna betidanik gustatu izan zaio Joxe Mari Iturrarte (Leitza, Nafarroa, 1961) Orioko bizilagunari, baina kasualitatez murgildu zen mundu horretan, eta 2010etik arraun epailea da. Azken urteetan, uda sasoian gutxiago aritzen da epaile lanean, KAE eta ETE ligetako delegatua baita.
Epaileok ezin esango duzue zer taldetakoak zareten...
Nik ez dut esaten, behintzat. Pentsa, behin, udan, elastiko berde batekin atera nintzen kalera Orion, eta kargu hartu zidaten.
Nolatan hasi zinen arraun epaile lanean?
Arrauna betidanik izan dut gustuko, baina ez nuen lotura gehiegi Oriora bizitzera etorri arte. Laneko ezagun bat Kontxako estropadetan arduradun ibiltzen zen, eta haren bitartez, urte batzuz hango antolakuntzan ibili nintzen ni ere, arraun munduko jendea ezagutu nuen, eta epaile hastea proposatu zidaten. Halaxe hasi nintzen, ikastaroa egin ondoren, 2010ean.
Urte osoan aritzen zarete, ezta?
Bai, Euskadiko Arraun Federazioko epaileak gara, eta bateletan, trainerilletan eta aulki mugikorrean ibiltzen gara negu-udaberri partean. Traineru denboraldian ere guk jarduten dugu, liga pribatuek ez dutelako epailerik, eta federazioarekin adosten dute.
Nola ikasten da arraun epaile izaten?
Gidabaimena ateratzerakoan bezala, araudia ikasten duzu, eta ikastaro oso orokorra egiten duzu, baina benetan ikasi, jardunda ikasten da, alegia, estropadetan. Lehendabiziko aldian laguntzera joaten zara, eta pixkanaka, postu errazenetatik hasita, ardurak hartzen hasten zara.
Zer da zailena?
Zailena uretakoa dela esango nuke. KAE eta ETE ligetan, adibidez, ez dago GPSrik, zure begiak dira GPSa, eta beharbada, epaile onenek liga horietan egon beharko lukete, eta ez goiko ligetan, han baliabide gehiago dauzkatelako.
Zu hasi zinenetik hona zertan aldatu da gehien zuen lana?
Ontziei irteera emateko bandera erabili beharrean semaforoa erabiltzea izan da aldaketa handiena. Uretatik ematen da irteera, eta bandera jaitsitakoan, kronometroa martxan jartzen dute lehorrean daudenek; ehunen batzuetako aldea egon ohi da. Semaforoarekin, berriz, automatikoki abiatzen da kronometroa ere.
Erabakiak zirt-zart hartu behar izaten dituzue...
Bai, bi ontzi elkarrengandik gertu baldin badoaz, esaterako, segundo gutxitan hartu behar izaten dira erabakiak, sekulakoak gerta daitezke eta. Beste batzuetan, berriz, hobe da zuhur jokatu eta itxoitea. Esaterako, Kontxako estropada batean uretan nintzen ni epaile lanetan Urdaibaik Zierbena abordatu zuenean, baina estropada amaitu arte ez nuen altxa bandera gorria. Lehorrera joan ginen, hiru epailek ikusi genituen ETBko kamera guztien irudiak, eta Urdaibai kaleratzeko erabakia hartu genuen. Erabakia momentuan hartu izan banu, atzera bueltarik ez zukeen izango, ni oker egon arren.
Kexa eta saltsa asko sortzen da arraunean...
Beti esan ohi da saltsarik gabe ez dagoela arraunik, baina niretzat pike horiek, orokorrean, oso sanoak izaten dira. Futbolean, esaterako, klub batzuetan badago biolentzia zaleen artean; arraunean, ez.
Eta zeuk, kalean kexa asko entzun behar izaten al duzu?
Orion arrauna oso modu intentsoan bizi da, baina uste dut lana ondo egitea dela gakoa. Niri tokatu izan zait Orioren edo beste klub baten kontra erabakiak hartu beharra, baina araudia aplikatzen baduzu eta beti lana modu berean egiten baduzu, klubekin ez da arazorik egoten. Gainera, beraiek dira araudia erabakitzen dutenak.
Herri kiroletan epaileak falta omen dira; arraunean?
Beti justu ibiltzen gara kopuruz. Bateletan, adibidez, sei-zazpi ibili gara. Udan, TKE [Eusko Label] ligan, zortzi aritzen gara. Bigarren mailan, berriz, aurrekontua txikiagoa da, eta normalean bost lagunekin egiten dugu. Urte batzuetan ez da inor hasi epaile lanetan, eta jendea behar dugu, bai. Gustatu egin behar zaizu, ardura handia delako.