Bulegoko ordenagailuaren aurrean nengoela harrapatu ninduen aurrekoan itzalaldiak. Lau paretak osatzen duten gelatxoa kablez goraino beteta egonik, horrek ez ninduen asko harritu, eta azkar batean jaitsi nintzen atezainarengana, ea argindarra berreskuratzeko modurik bazegoen galdetzera. Nire ezusterako, ohiko argindar itzalaldi bat baino gehiago zirudien hark, eta nire jardunaldiarekin jarraitu ezinean, etxera itzultzea erabaki nuen.
Zarauzko Nafarroa kaletik barrena, kaleak ohikoa baino beteago nabaritu nituen autobuseko leihotik begira. Hasiera batean langileen erretzeko atsedenaldia edota ikasleen jolas ordua zirudiena, geroxeago zerbait ezohikoagoa bilakatu zen. Itzalaldia nire herrira ere iritsi zela zirudien.
Ordu gutxi barru jakin genuen arazoa Euskal Herri osora zabaldu zela, baita Espainiara eta Portugalera ere, eta minutu batzuk iraungo zuela uste genuen arazoa hainbat orduko kaosa bilakatu zen. Hurrengo egunetan zehar, itzalaldiak herritar bakoitza non harrapatu zuen ikusi ahal izan genuen sare sozialen bidez: batzuk igogailuan, beste hainbeste ikastetxean, baita erosketetan edota bulegoan ere, nire kasuan bezala. Horrelako egoera ezezagunaren aurrean, pertsona askoren lehen pentsamendua beren familiartekoekin harremanetan jartzea izan zen.
Asko, ordea, isolatuta geratu ziren bat-batean; lan egiteko, komunikatzeko edota orientatzeko ezintasunekin. Mapa aplikazioak, bankuak, postetxeak, sareak... dena bertan behera gelditu zen. Momentu horretan argi geratu zen gure egunerokoa ziurtatzat jotzen dugun sare baten mende dagoela.
Beste asko, ordea, beren jardunaldiarekin jarraitu ezinean, kalera atera ziren auzolagunekin edota beste herritarrekin harremantzera. Sare sozialetan partekatutako bideoetan irratiak ikus zitezkeen kaleen erdian, eta inguruan adin eta jatorri ezberdinetako jendea, tramankulu haietatik entzuten zutena adi-adi jarraitzen.
Geldialdi tekniko hark gu geu geldiaraztera behartu gintuen. Eta orduan ustekabeko zerbait gertatu zen: jende asko kalera atera zen. Auzokoekin, lagunekin, ezezagunekin topo egitera. Izan zen gitarra bat atera zuenik, abestu eta dantzatu zuenik, kandelen argipean edo zeru zabalaren azpian hitz egitera eseri zenik. Hiriak, normalean isilik trafikoaren murmuriopean, giza ahotsa berreskuratu zuen berriro.
Agian kontua ez da teknologiari uko egitea, baizik eta gogoratzea ezin dela izan gure eguneroko bizitzaren euskarri bakarra. Eta dena itzaltzen denean, gauza batzuk berriro piztu daitezkeela: elkarrizketak, harremanak eta elkarren arteko loturak.