Ekainaren 21ean ospatuko dute Etxeluze gaztetxearen urteurrena

Julene Sorarrain 2025ko eka. 12a, 09:00

Kaosa eta Dilistak festako une bat, Etxeluze kanpoan. (Onintza Lete Arrieta)

Askotariko ekintzak antolatu dituzte gaztetxearen hamabosgarren urteurrena ospatzeko: parrillada, kalejira, kontzertuak, serigrafia tailerra eta DJ saioak, besteak beste.

Orioko Etxeluze gaztetxeak hamabost urte beteko ditu aurten, eta ospakizun horren harira egitarau biribila osatu dute ekainaren 21erako. Eguerdiko 13:10ean hasiko dute festa, marea gorarekin. Jarraian, bazkaria egingo dute gaztetxean bertan, eta jakinarazi dutenez, parrillak aterako dituzte herritar bakoitzak bere bazkaria prestatu dezan. Bestalde, entsaladak ere salduko dituzte, bi euroren truke.

Bazkalostean, arratsaldeko 18:00etan, gurpildun ibilgailuekin kalejira girotua egingo dute herrian zehar. Ondoren, 20:30ean, Pelax eta Iñaki Rifaterra arduratuko dira festa girotzeaz. Musika ez ezik, margotzeko nahiz serigrafia egiteko aukera ere izango da, eta antolatzaileek kamiseta bat eramateko eskatu die herritarrei, aurtengo diseinua bertan estanpatzeko. Egunari amaiera emateko, DJ saioak eskainiko dituzte gaztetxean.

Egitaraua

  • 13:10. Marea gora.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 18:00. Gurpilbira eta kalejira girotua herrian zehar.
  • 20:30. Pelax eta Iñaki Rifaterra. Musika eta margoketa zuzenean.
  • Ondoren, DJ saioak.
    *Bertan afaltzeko aukera egongo da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide