Gipuzkoako itsasertzeko zerbitzuak martxan jarri ditu aldundiak, hondartza sasoia hasiz

Nerea Uranga 2025ko eka. 10a, 11:06

Hondartzetako denboraldiaren berri eman dute aldundiko eta udaletako oredezkariek; tartean, Orioko alkatea. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aurtengo hondartza denboraldia ekainaren 14tik irailaren 14ra artekoa izango da. Diputazioak martxan jarri ditu itsasertzeko zerbitzuak, azpiegiturak eta informaziorako gailuak. Nik hondartzak aplikazioak berrikuntzak dituela azaldu dute. Bestalde, Emausekin batera hondartzaz hondartza ingurumena eta inklusioa sustatzeko jarduera uztailaren 9tik 13ra egingo dute Orion.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko hondartza denboraldia hasita, lurraldeko itsasertzeko garbiketa eta mantentze zerbitzuak, azpiegiturak eta informazio eta laguntzako gailuak indartuko ditu ekainaren 14tik irailaren 14ra bitartean. Hondartza sasoiaren berrikuntzen berri atzo Hondarribian egindako agerraldian eman zuten, besteak beste, Jose Ignacio Jasangarritasun diputatuak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Aitziber Zubillaga Emaus gizarte fundazioko zuzendari nagusiak, Antxon Amunarriz Gipuzkoako Gurutze Gorriko delegatuak eta Getariako, Orioko eta Zumaiako alkateek parte hartu zuten.

Nahiz eta berrikuntzak gehitu, aurreko urteetako lan ildoan sakondu dutela adierazi dute foru arduradunek: "Erabilera esperientzia hobetuz, zerbitzu publikoak indartuz, ingurumena zainduz eta hondartzetara sarbide unibertsala bermatuz".

Nik hondartzak aplikazioari berrikuntzak egin dizkiote, aplikazioa osatuz eta erabilgarriagoa eginez. Aplikazio hori urtero milaka pertsonek erabiltzen dutela azaldu dute aldundiko ordezkariek, eta funtzionalitate berriak ditu herritarren beharretarako egokitzeko: "Hemendik aurrera, bandera horiarekin abisu zehatzak eman ahal izango ditu aplikazioak, hala nola medusen ingurukoak, eta uraren kalitateari buruzko jakinarazpenak mantenduko dira sorospen rdutegitik kanpo, erabiltzaileek informazio gehiago izan dezaten". Aplikazioak denbora errealean abisuak emateko aukera eskaintzen duela adierazi dute, unean uneko gorabeheren berri emanez.

Desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonei bainua segurtasunez hartzeko aukera ematen die Hondartzak Denontzat programak. Zerbitzu hori Hondarribian eta Getariako Malkorbe hondartzan eskainiko dute Gurutze Gorriko langile espezializatuek. Getariako Malkorben aurreko denboraldian instalatutako ekipamenduak mantenduko dituzte, eta aurten ere zerbitzuak jarraitu ahal izateko, 139.431 euroko inbertsioa egingo dute.

Emausen kanpaina, Orion

Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta Emaus gizarte fundazioak Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar! sentsibilizazio kanpaina ibiltaria ere egingo dute aurten. Aurtengoan kanpaina horren ardatz nagusietako bat Gauzateka hondartzako materialak doan mailegatzeko zerbitzua izango da, eta txandaka Gipuzkoako hondartzetan eskainiko dute asteazkenetik igandera. Emausen kanpaina Orioko hondartzan uztailaren 9tik 13ra izango da.

Aldundiko Jasangarritasun departamentuak 3.350.663 milioi euro bideratu ditu aurten lurraldeko hondartzen kudeaketa integralerako. Inbertsio horrek denboraldiak behar bezala funtzionatzeko behar diren alderdi guztiak estaltzen dituela azaldu dute: "Garbiketa eta eguneroko mantentze lanak, azpiegiturak indartzea, laguntza zerbitzuak hedatzea, tresna digitalak garatzea edo kostaldeko udalekin koordinatzea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide