Eguzkia agertu eta ezkutatu ibili da, jolasean, gaur eguerdi partean Aian, baina horrek ez die batere axola izan Aiako igerilekuko denboraldi honetako aurreneko erabiltzaileei: Oriotik oinez txangoan joan den DBH1eko ikasle taldeari, alegia. Bainujantziak jantzi, eta gozatua hartu dute igerileku handian nahiz ume txikiagoentzako gunean. Zelaian etzanda berriketa alaian ere aritu dira.
Tokia handia izanik, giro lasaia izan da nagusi lehen orduetan. Iluntzean, ordea, giroa animatuagoa izango dela pentsa daiteke. Izan ere, iaz bezala, aurten ere festa kutsua eman nahi dio udalak aurreneko egunari, eta hala, 19:30ean pintxo poteoa egongo da, eta 20:30ean, berriz, Galdedebalde, Esti Markez eta Iker Lauroba –eta beraien musika– izango dira protagonistak.
Ordutegia eta prezioak
Irailaren 7ra arte, egunero egongo da erabilgarri igerilekua, 11:00etan hasi eta 20:00etara arte. Bertako taberna, gainera, beranduagora arte egongo da zabalik, afariak ere emango dituztelako.
Igerilekuko bonoak eskuragarri daude igerilekuan bertan. Aiarrek lehentasuna izango dute horiek eskuratzerako orduan, eta adinaren arabera, kuota ezberdina ordaindu beharko dute –eskudirutan ordaindu behar da–: 2 urte arteko umeentzat doan izango da, 3-5 urte artekoek 30 euro ordaindu beharko dituzte, 6-17 urte artekoek 35 euro, eta 18 urtez gorakoek, berriz, 50 euro.
Eguneko sarrerak ere eros daitezke, noski: 18 urtetik gorakoenak sei euro balioko du, eta lau euro, gazteagoenek.